euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Kanpoan diren Nafarren Eguna' bihar Izaban; 30 urte bete eta liburua kaleratu du Nafar Etxeen Federazioak

2014/06/13

Yolanda Barcinak Nafar Etxeen ordezkariak, Angel Luis de Miguel Izabako alkatea eta liburuaren egilea, Arturo Navallas, jaso zituen Nafarroako Jauregian (argazkia Nafarroako Gobernua)
Yolanda Barcinak Nafar Etxeen ordezkariak, Angel Luis de Miguel Izabako alkatea eta liburuaren egilea, Arturo Navallas, jaso zituen Nafarroako Jauregian (argazkia Nafarroako Gobernua)

PUBLIZITATEA

Bihar ospatuko da Izaban 'Kanpoan diren Nafarren Eguna'. Urteroko hitzordu honen XXVI. edizioak gaur izango du aurrekaria, Larrako Erreserba Naturala bisitatuz eta biharko egitarauaren aurkezpena eginez. Bihar, beraz, goizeko 10:30etan abiatuko dira gauzak, harrera, kanpaiak, meza, kalejira, bazkaria, dantza eta zenbait erakustaldi tarteko; hori guztia, Nafar Etxeen Federazio Nazionalak 30 urte bete dituen honetan, kari horretara bere historia biltzen duen liburua atera duelarik.

Izaba, Nafarroa. 'Kanpoan diren Nafarren Eguna' delakoak honako egitaraua izango du 2014ari dagokion bere XXVI. edizioan:

Aurrekaria gaur izango du, ostirala, ekainaren 13a, arratsaldeko bostetan txangoa abiatuko baita parkinetik Larrako Erreserba Naturalera.

Arratsaldeko zortzietan, Izabako Zineman, Kanpoan Diren Nafarren Egunaren aurkezpena eginen da eta biharamuneko ekitaldien berri emanen da xehetasunez; omenaldia eginen zaio Izabako herriari eta kanpoan diren izabarrei, Fernando Hualderen Isaba en llamas liburua ere aurkeztuz.

Kanpoan Diren Nafarren Eguna, berez, larunbatean hasiko da, ekainaren 14an, goizeko 10:30etan. Partaideak ekarriko dituzten autobusak etorriko dira Ezkiaga Parkinera, harrera egingo zaie eta txistulari taldea lagun Udalaren Plazara bilduko da jendea.

Hamaiketan, kanpaiak joko dira eta meza eginen da San Cipriano elizan, Erronkariko Gaiarre koralak edertua. Ondoren, Izabako alkate Angel Luis De Miguel Baraceren agurra Udaletxeko balkoitik, aurreskuak eta bandera dantzak. Suziria jaurtiko da eta apurrak eta txisturra eskainiko dira.

13:30etan kalejira izanen da herriko fanfarreak alaitua Erminea frontoiraino, bertan izango baita herri bazkaria 14:30ak aldera.

Arratsaldez ekitaldiek aurrera eginen dute, dantzaldia etorriko da 16:30etan, Hiru Behien Zerga, Erronkariko jazkien erakustaldia eta ttun-ttunak arituko dira Pax Avant anfiteatroan 17:30etan. Autobusen abiatzea zazpiak aldera aurreikusi da.

Egunean zehar, 11etatik 18ak arte Cipriano Barace plazan, merkatua ziango da, artisau eta eskulangileak, gaztagileak eta abar Erminea frontoi alboetan. 11etatik 14ak arte, bisita gidatuak herrian interes turistikoa daukaten guneetara, Izabako Museo Etnografikoan amaituz.

Federazioak 30 urte eta liburua

Bestalde, aurten 30 urte bete ditu Nafar Etxeen Federazio Nazionalak eta karia horretara hiru hamarkada horietako berri biltzen duen liburua kelaratu du, testuz zein irudiz. 116 orrialde eta 261 irudi dauzka liburuak eta Arturo Navallas Rebolé-ri zor zaio. Urtebetean egin du, Federazioaren artxiboan gorde eta geratu diren datuak baliatuz.

Liburuaren aurkezpena joan den asteartean egin zen, Nafarroako Gobernuko Kuiltura, Turismo eta Erakunde arteko Harreman kontseilari Juan Luis Sanchez de Muniain, Federazioko eta aldi berean Burgosko Nafar Etxeko presidente Salvador Torres eta Izabako alkate Angel Luis de Miguel bertan zirela. Aurretik, Barcina presidentearen bulegotik pasa, Nafarroako Jauregian, eta hura agurturik ale bat emana zioten.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia