Hemen zaude: Hasiera Albisteak Kaliforniako pilotazaleek egunpasa polita egin zuten Juniper Hills-eko basamortuko 'Pilotarian biltzara'n

Kaliforniako pilotazaleek egunpasa polita egin zuten Juniper Hills-eko basamortuko 'Pilotarian biltzara'n

2008/09/19

Nork pentsa lezake Kalifornia barnealdean, basamortuaren erdian, eguzkiak gogor eta urrikalgabe jotzen duen eremu idor batean, bidearen bi aldeetara kaktusak nagusi diren inguru batean bapatean bide bazterrean 'Pilotarian biltzara' (sic) dioen paperezko afixa ikusi eta holako beste afixa batzueri jarraiki pilotaleku batera heltzen ahal denik? Iragan irailaren 6an, larunbatez, egina da Juniper Hills deitu eremu kaliforniar barreiatuan, jende arras guti eta kaktusak ugari bizi diren tokian, aipatu 'Pilotarian Biltzara', Jean-Louis Indart ortzaiztarrak antolaturik berak eraiki etxe eta kantxaren babesean. EuskalKultura.com bertan egon zen.

Juniper Hills, AEB. Lehenik elgarretaratzea izan zen, hameka orenetarik goiti, solasak Bakersfield-etik, Chinotik, Los Angelesetik, Fresnotik eta beste zenbait lekuetarik jin jendearekin. Ondotik meza euskaraz, aita Martxel Tillous apez xiberotarrak emanik. Meza edertzen, klika eta kantariak. Bertsu batzuk ere kantatu zituzten, Joseph Almirantearena muskilditarrak eta Jean-Louis Indart antolatzaile ortzaiztarrak, aita Martxelen lana goraipatu eta eskertuz. Jakina baita, eri egon arren, ez dituela apez xiberotarrak batere ahantzi Estatu Batuetako lagun, euskaltzale eta fededunak eta hola itzuli zen aitzineko asteburuan Chinoko piknikeko mezaren emaitera eta huntan Juniper Hills-era. Hona hari eskaini bertsu horietarik baño: "Hamar urte dituzu gurekin pasatu / ainitz euskaldun duzu hola ezagutu / xahar ala gaztea bai alegeratu / bide luzeak oro gogotik garaitu / denek nahi zaitugu bihotzez eskertu".

Meza eta gero jin zen bazkaria, eta kantu batzuk, iluntzean izanen zirenak iragarriz, akordeona eta atabala lagun, Euskal Herritik jin Jean-Louis Bergararen taldearekin. Eta ondotik pilota partidak, 'Plaza Berria' deitu kantxan. Lehenik, Estatu Batuetako gaztetxoak. Emily Esnoz eta Christian Indaburu 25-12 gelditu ziren Sebastian Calderon eta Daniel Gatonen kontra; eta Joe Esnoz eta Christian Indaburuk irabazi zuten 25-7 J.J. Indaburu eta Jake Jaureguy-ren kontra. Gero Estatu Batuetako helduak jin ziren, honako emaitzez: Andre Bello eta Josemari Irigoyenek irabazi zuten 25-15 Peio Aphessetche eta Renee Almirantearenaren kontra.

Azkenik, partida nagusietan, Euskal Herriko eta Mexikoko pilotariak tartean, Jean-Marie Lapeyre eta Olivier Larrecheak 30-18 irabazi zieten David Indart eta Jean-Michel Idiart-i; Hervé Etcheverryk eta Jean-Claude Biscoubyk 30-28 Jean-Pierre Indart eta Christophe Mariluzi; eta Gabriel 'Palo Alto' Manzillak eta Francisco Manzillak 25-9 garaitu zituzten Denis Petrissans eta Jean-Paul Iribarren. Besta ederra, zorionak antolatzaileeri.

Lotura interesgarriak

Kern County Basque Club (Bakersfield)
www.kcbasqueclub.com

Chinoko Euskal Etxea
www.chinobasqueclub.us

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Kaliforniako pilotazaleek egunpasa polita egin zuten Juniper Hills-eko basamortuko 'Pilotarian biltzara'n

Christian Indaburu, J.J .Indaburu, Joe Esnoz eta Jake Jaureguy euskal-amerikar pilotari gaztetxoak Juniper Hills-eko 'Plaza Berri' pilotalekuan (argazkia EuskalKultura.com)

E-postaz harpidetu albisteetara

bisita