euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kalakan: "AEB eta Quebec-eko euskal etxeetan bira atzeratu behar izan dugu Madonnarekin jotzeko"

2012/07/03

Madonna kantaria, txapela buruan kontzertu batean; atzean, Kalakan taldeko hiru kideak
Madonna kantaria, txapela buruan kontzertu batean; atzean, Kalakan taldeko hiru kideak

PUBLIZITATEA

Iragan maiatzaren 29az geroztik, Kalakan talde euskalduna Madonna kantariaren nazioarteko MDNA World Tour biran ari da parte hartzen. Taldeko hiru partaideek txalaparta jo eta abestu egiten dute ikuskizunean eta Madonnak ere txapela jantzi eta euskaraz kantzatzen du abesti batean. Xan Errotabehere Kalakaneko kideak azaltzen duenez, taldea bira ari zen prestatzen Diasporako zenbait euskal etxetara Madonnaren deia jaso zuenean. Orain, estatubatuarraren birari esker munduan zehar ari dira euskal musika erakusten, baina abentura honen ostean, aurreko proiektuari berrekin eta euskal etxeetara bisita egiteko gogoa dutela aitortu diote EuskalKultura.com-i.

Bartzelona, Katalunia. Txalaparta eta Madonna, inor gutxik pentsatuko lukeen bikotea da, baina horretaz gozatzen ari dira munduan zehar milaka musikazale, kantariaren biran parte hartzen ari den Kalakan taldeari esker. Iparraldeko talde honek euskal musika tradizionala izpiritu modernoz jorratzen du eta kantari estatubatuarra liluratu egin dute euren ahots indartsu eta erritmoekin. Iragan urteko udan ezagutu zuten taldeko Thierry Biscaryk, Xan Errotabeherek eta Jamixel Bereauk kantaria Getarian (Lapurdi) eta Madonnak di-da batean makilak hartu eta eurekin txalaparta jotzen saiatu zela diote.

Xanek ongi gogoratzen du topo egite hura: "Haren ezagutzea biziki goxoa izan zen. Emazte argi, interesatua eta interesgarria da. Gure kulturari buruz ainitz galdera pausatu dizkigu berehala. Ondorioz elkarrizketa errexki ireki da gure artean, eta hala segitzen du beti: sinpleki. Segur dena, harekin jotzeak gauza ainitz erakasten dizkigu. Munduko musikak gustukoak ditu, batez ere musika tradizionalak. Kultura desberdinen ezagutzea maite du, emazte biziki irekia da".

Madonnak ere sagarra jo

Kalakanek Madonnaren biran hainbat kantutan hartzen du parte eta show-aren une batean "Open Your Heart" abestiarekin uztartzen du bere "Sagarra Jo" kanta. Kantariak ere kantuz laguntzen du taldea tarte honetan, euskaraz abestuz. "Guk eginiko proposamen bat izan zen hau, baina jakin behar da harek duela azken hitza, harek duela dena deliberatzen", dio Xanek. "Interneten irakurtzen ditugun erreakzioei begira, badirudi publikoak gustukoak dituela ere gure agertzeak".

Mundu bira esperientzia aparta izaten ari dela dio kantariak: "Gu beti kamioi edo autoz ibili izan gira han eta hemen jotzeko. Orain ikusgarri baten inguruan pasatzen da, eta antolatzen diren gauzak arrunt desberdinak dira. Ondorioz, profesionalki gauza ainitz ikasten ditugu eta hau baliagarria izanen zauku gerorako. Bestalde munduko artista desberdinekin nahasten gira ere, haiekin harremanak sakondu nahi genituzke… baina denbora falta".


Diasporan bira

Madonnarekin bira egiteko gonbiteari ezin izan zion uko egin taldeak eta AEBetan eta Quebec-en egin behar zuten bira --'apalagoa', noski-- bertan behera utzi edo bederen atzeratu behar izan dute. "Madonna-ren proposamena esperientzia profesional ezin huts egina izanez, bira ezeztatzea deliberatu ginuen. Eskertu nahi ditugu antolatzaile guziak gure hautua bultzatzen eta ulertzen dutelako. Euskal Etxeen bira beti gure proiektuetan da eta espero dugu heldu den urtetik goiti zerbait egiten ahalko dugula!", esan du Xanek.

Diasporarekin harremana dute hiruek --"familia badugu Ameriketan, euskaldun ainitzek bezala"-- baina benetako kontaktua Quebec-ko Euskal Etxeko presidente Adelaide Daraspe urruñarra izan da. Iaz, Montrealen izan ziren elkartearen 15. urteurrenean. "Geroztik harreman biziki ona atxikitzen dugu. Haiek ziguten galdegin Donostiako Mundu Biltzarrean jotzea. Memento aberatsa izan zen, lau haizetarako jendea hor baitzen gure entzuten eta gurekin kantatzen ere".

Munduko euskaldunekin konexio ona sentitzen dutela dio Errotabeherek eta Madonnarekin bira bukatu ostean, Diasporan kontzertuak antolatzeko gogo bizia dutela berresten du. "Ohartu gira gazte gero eta gehiago hurbiltzen dela euskal etxeen biziarazteko. Menturaz hats berri bat eman nahi dute elkartean, guk gure musikan egiten dugun antzeran".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia