euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joseba Gotzon eta Galiziako Xoan Curiel kantautorea elkarrekin biran apirilean Argentinan

2014/02/24

Joseba Gotzon eta Xoan Curiel musikarien biraren afixa
Joseba Gotzon eta Xoan Curiel musikarien biraren afixa

PUBLIZITATEA

30 urte beteko ditu aurten Joseba Gotzon portugaletetarrak (Bizkaia) kantagintzan eta beste ekintza batzuen artean Argentinako bira batekin ospatuko du apirilaren amaieran. Euskal etxeen eskutik eskainiko dituen kontzertuetan bi helburu izango omen ditu nagusi; batetik, bere errepertorioa birpasatu eta ‘Erotisme’ album berriko kantu batzuk aurkeztea eta bestetik, Xoan Curiel kantautore galiziarrarekin garatzen ari den proiektua ezagutaraztea. Bira apirilaren 24tik maiatzaren 3ra arte luzatuko da eta datak oraindik erabat zehaztuta ez egon arren, San Nicolas, Rosario eta Parana hirietan aurkeztuko dira ziur aski.

Buenos Aires, Argentina. Ondo ezagutzen dituen tauletan ospatuko du Joseba Gotzon musikagile bizkaitarrak karreraren 30. urteurrena. Ezaguna da behin baino gehiagotan zeharkatu duela Atlantikoa Hego Amerikako eta batez ere Argentinako publikoarentzat jotzeko. Oraingo bira honetan, ordea, ez da bakarrik etorriko. Izan ere, eta 2012az geroztik hainbat agertokitan egin izan duen bezala, Xoan Curiel konpositore galiziarrarekin batera aurkeztuko da euskal etxeek antolatutako emanaldietan.

Gotzonen beraren hitzak erabiliz, oraingoan dakarren “proposamena gure diskoen kantak abestea eta nobedaderen bat estreinatzea (da). Gure amankomuneko estiloa pop-a bada ere, niretzat bestelako esperientzia da kantautore galiziar batekin aritzea; dibertigarria eta aldi berean sortzeko aukera berriak ematen dituen bestelako esperientzia”, adierazi du musikari euskaldunak.

Bide batez, eta bere zaleak gogoan izanik, 30 urte hauetako errepertorioa errepasatuko du eta plazaratu berria duen Erostisme diskoko kantaren bat ere abestuko du portugaletetarrak.

Joseba Gotzon eta Xoan Curiel artisten Argentinako bira apirilaren 24tik maiatzaren 3ra bitartean burutuko da eta data batzuk baieztatzeke egon arren, seguruenik San Nicolas, Rosario eta Parana hirietan (azken honetan maiatzaren 3an) aurkeztuko dira. Agenda osoari dagokionez, oraindik itxita ez dagoenez, beste euskal etxeren batek biraren parte izan nahi izanez gero, musikariekin kontaktatu behar du josebagotzon@josebagotzon.com helbide elektronikoan.

-Euren biografia, diskografia, bideoak eta berriak: www.josebagotzon.com eta www.xoancuriel.com.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia