Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jose Mendiague Diasporako bertsolari handiari buruzko pastorala emango dute Arrokiagan uztailaren 29an

Jose Mendiague Diasporako bertsolari handiari buruzko pastorala emango dute Arrokiagan uztailaren 29an

2012/07/18

Arrokiaga herrian 3.500 lagun espero dituzte hil honen hondarrean Jose Mendiague bertsolariari buruzko pastoralaren emanaldia ikusteko. Diasporan aski ezaguna da Mendiague (Aldude 1845), euskal kulturaren aldeko lan handia egin zuelako Ameriketan eta Hegoamerikako euskal etxeetan itzal handiko pertsonaia izatera iritsi zen. Bertsolari, olerkari eta euskaltzalea, Mendiague 18 urterekin Ameriketara joan eta Argentinan, Txilen eta Uruguain bizi izan zen. Pastorala datorren uztailaren 29an aurkeztuko da eta bigarren emanaldi bat egingo da abuztuaren 5ean.

Arrokiaga, Zuberoa. "Ameriketan euskaldunak-Jose Mendiague" pastorala Arrokiagan antzeztuko da datorren uztailaren 29an, eta bigarren emanaldi bat egingo da abuztuaren 5ean. Jean Bordaxar musikari zuberoarrak idatzi du lana, eta bere herriak, Arrokiagak, pozik hartu du pastorala antzezteko ardura.

Jose Mendiague aldudarra 18 urterekin joan zen Ameriketara eta Argentinan, Txilen eta batez ere, Uruguain ibili zen. Euskaraz idazlan asko osatu zituen eta horietako batzuk Montevideoko (Uruguai) Euskal Erria  eta Haitza aldizkarietan argitara eman ziren, baita Baionako Eskualduna edo Eskualdun Ona astekarietan ere. Hego Ameriketako euskaldunen artean euskal kultura eta nortasuna biziarazten lan handia egin zuen, eta, hori dela eta bere lana eta bertsoak ezagunak izan ziren oso Rio de La Plata aldean. Otañorekin batera, Rio de La Plata eta Diasporako bertsolari handienetakoa izango da hain segur. Halarik ere, Euskal Herrian ia ezezaguna izan zen Euskal 1992a arte. Urte horretan Piarres Xarriton euskaltzainak Mendiagueren lanak bildu eta argitaratu egin zituen.

3.500 lagun espero

Pastorala datorren uztailaren 29an taularatuko da Arrokiagan eta herritarrek 3.500 eserleku prestatu dituzte bertaratzen diren ikusleentzako (gehiagorentzako lekua ere gertu dute, behar izanez gero). Jai eguna izango da herrian, goizetik hasita: pastoraleko partaideek kantatutako meza izango da 10:30etan eta ondoren denei irekia den bazkaria egingo da. Pastorala 15:30tan hasiko da.

Jean-Fabien Léchardoy barkoxtarrak zuzentzen du emanaldia eta antzezle nagusiak honakoak izango dira:  René Oyhenart (Mendiague heldua), Xantiana Etxebest (Mendiagueren emazte Margarita Gandiola), Beñat Larrori (Mendiague gaztea) eta Maider Larrori (Margarita gaztetan). 

Abuztuaren 5eko emanaldian aldaketak izango eta antzezle nagusi ariko dira Pascale Bidabe, Bernadette Agor, Alain Orabe, Jeannot Agor eta René Larrori, besteak beste. Sophie Larrandaburu eta Maddalen Orabe izan dira kantu eta dantza irakasleak. Pastoraleko argentinar dantzen irakaslea, aldiz, Alberto Caccuri argentinarra izan da, Maulen bizi dena.

Otoi, sartu hemen eta ikus pastoralaren mustraka, entsaio nagusia (irudiak Kanaldude.tv).

Bideo honetan, uztailaren 15ean egin zen emanaldi haren dantza argentinarren une bat:

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita