euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose Fernandez de la Sota eta Kepa Murua euskal olerkariak Medellingo Poesia Jaialdian izango dira

2012/06/19

Kepa Murua poeta zarauztarra
Kepa Murua poeta zarauztarra

PUBLIZITATEA

Euskal olerkaritzak tartea izango du aurten ere Kolonbian eta Hego Amerika osoan egiten den poesia jaialdirik garrantzitsuenetako batean: Medellingoan. Larunbatean hasi eta datorren ekainaren 30a arte poesiak hartuko ditu hiri kolonbiarreko kale eta plazak, 42 estatuko 73 poeten emanaldiei esker. Talde horren parte izango dira bi euskal poeta: Jose Fernandez de la Sota eta Kepa Murua. Iaz Kirmen Uribe ondarroarra izan zen euskal ordezkaria jaialdian.

Medellin, Kolonbia. Kolonbiako euskal komunitateak eta bertaratutako poesiazaleek oro har bi euskal poeta zuzenean ikusteko aukera izango dute larunbat honetatik aurrera, Medellingo Nazioarteko Poesia Jaialdiaren barruan. Kepa Murua zarauztarra eta Jose Fernandez de la Sota bilbotarra izango dira bertan Euskal Herriko poesiaren ordezkari. Eurekin batera beste 70 bat olerkari ariko dira eta astebetez Medellingo kaleak eta bazterrak poesiaz beteko dituzte.

Aurten jaialdiaren protagonistak herrialde aborigenak dira eta hori dela eta 14 poeta indigena izango dira ohorezko gonbidatuak. Adierazpen poetikoaren bitartez herrialde horien memoria aldarrikatu eta euren mezua mundu osoan irakurri eta entzun dezaten nahi dute. Tarte berezia izango dute adibidez Kolonbiako herri indigenetako sortzaileek, maputxeak eta maoriak bezalako komunitateko ordezkariek, kasu.

Fernandez de la Sotak eta Muruak zenbait errezitaldi emango dituzte eta poesia topaketetan eta lantegietan hartuko dute parte, beste herrialdeetako sortzaileekin hartu-emanean. Jaialdia munduko poesia ekitaldi garrantzitsuenetarikoa da eta 2006an Nobel Sari Alternatiboa jaso zuen. 

-Medellingo Nazioarteko Poesia jaialdiaren egitarau osoa, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia