euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose Antonio Alcayaga III gazte euskal amerikarrak saria lortu du Pariseko 2011 Prix de la Photographie-n

2011/07/21

"Txinga eramatea" da 2011 Prix de la Photographie lehiaketan Amateur Kirola ataleko Urrezko saria jaso duen irudia (argazkia JAAlcayagaIII)
"Txinga eramatea" da 2011 Prix de la Photographie lehiaketan Amateur Kirola ataleko Urrezko saria jaso duen irudia (argazkia JAAlcayagaIII)

PUBLIZITATEA

Euskal Herrian egindako bere "Txinga eramatea" argazkiak, 2011 Prix de la Photographie lehiaketa frantziar ospetsuan saria eskuratu du, Kirol Amateurra kategorian. Argazkiaren egilea Jose Antonio Alcayaga III gazte euskal estatubatuarra da. Alcayaga New Yorkeko Euskal Etxeko kidea da eta 2008an Euskal Herrian euskara ikasten ari zela atera zuen argazkia, Hendaiako frontoi batean. "Irudiak niretzako pertseberantzia, indarra eta erresistentzia irudikatzen ditu", azaldu dio gazteak EuskalKultura.com-i.

New York, AEB. Jose Antonio Alcayaga III gazte euskal amerikarrak 2011 Prix de la Photographie lehiaketan saria eskuratu du, aurtengo edizioan parte hartu duten 4.000 argazkien artean. Alcayagak Urrea eskuratu du Kirol Amateurra kategorian, "Txinga eramatea" irudiarekin. Connecticut-eko gazteak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, argazkia Hendaian egin zuen, herriko frontoi batean egin zen herri kirol proban.

"Nire arbasoak Hondarribikoak dira eta 2008an Euskal Herrira joan nintzen lehen aldiz, familia ezagutzeko eta euskara ikasteko", azaltzen du. Euskal kulturak jakinmina sortu zion eta Alcayaga Hendaiako hura bezalako kirol proba eta euskal jaialdi askotan izan zen urtean zehar. Argazkian agertzen den probak, txinga eramateak, erresistentzia neurtzen du: kirolariek pisuak (txingak) eraman behar dituzte, zirkuitu batean ahal bezainbeste buelta eginez. "Niretzako irudi honek pertseberantzia, erresistentzia eta indarra irudikatzen ditu", dio egileak. 

Munduko Alcayagatarrak

Euskal Herritik AEBetara itzuli zenean New Yorkera pasatu zen bizitzera Alcayaga, eta egun hiriko euskal komunitateko kide da: Euskal Etxean eta Society of Basque Studies in America elkarteko bazkide da, besteak beste. Argazkilari izateaz gain, Alcayagak genealogian ere badu interesik, eta Alcayaga abizena duten senitartekoak batzeko webgune bat sortu zuen 2007an sarean: "Alcayagas del Mundo/Alcayagas of the World". Egun 1.081 bazkide ditu orriak.

"Alcayaga familia Bidasoa eta Hondarribia ingurukoa da", azaltzen du Jose Antoniok. "Diasporan, Alcayaga gehienak Txilen, Guatemalan, Argentinan eta Filipinasen kokatu ziren, baina baita ere Latinamerikako eta Europako beste zenbait tokitan". Datorren urtean bilkura handi bat ari dira prestatzen, Jose Antoniok iragartzen duenez: "Euskal Herriko Alcayagatarrek zenbait topaketa egin dituzte dagoeneko, 2007az geroztik. Txileko eta Argentinako Alcayagatarrak 2012ko hasierarako bilera ari dira prestatzen eta Txileko Vicuña hirian egitea pentsatu dute. Bertakoa zen gure senitarteko ezagunena, Gabriela Mistral poeta: egiaz Lucila Godoy Alcayaga zuen izena eta Literaturako Nobel Saria irabazi zuen lehenengo latinamerikarra izan zen, 1945ean. Ni bertan, bileran, izango naiz", ziurtatzen du.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia