euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose Alcayaga euskal-amerikarrak munduan zehar abizen bera duten 200 lagun inguru bildu ditu interneten

2008/06/27

Jose Alcayaga euskal-amerikarra euskara ikasten aritu da Donostian
Jose Alcayaga euskal-amerikarra euskara ikasten aritu da Donostian

PUBLIZITATEA

Jose Alcayaga gazte Euskal Herrian euskara ikasten aritu da azken hilabetean, USAC (University Studies Abroad Consortium) ikasle truke programaren bidez. Donostian eman dituen aste hauetan lehen aldiz euskal senitartekoak aurkitu ahal izan ditu, Baionan eta Zaldibian. Gipuzkoar herrian bizi den Mari Sol Alcayaga lehengusina, gainera, Hondarribian jatorria duen abizenari buruzko liburu batean lanean dabil. Josek senitarteko berriak bere interneteko posta zerrendara gehitu ditu: 'Alcayaga' abizena duten 200 lagun ingururen bilgunea, Txile, Argentina, Estatu Batuak eta Filipinetako senitartekoekin.

Donostia, Gipuzkoa. Jose Alcayaga euskal-amerikarraren gurasoak Guatemala eta Filipinaktik heldu ziren AEBetara, baina gazteak bazekien bere abizenaren jatorria Euskal Herrian zegoela. Azken hilabeta honetan Donostian euskara ikasi ondoren gaur bertan bueltatuko da Estatu Batuetara. Egonaldia laburra izan da, baina amets batzuk betetzeko astia izan du gazteak: senitartekoak aurkitu eta euskara ikasi. 'Oso ondo daramat hizkuntza historiko honen ikasketa. Etorkizuna, iragana eta oraina ikasi ditut. Niretzat euskara ez da zaila. Beste hizkuntza batzuk zailagoak direla uste dut', azpimarratzen du Alcayagak. Gainera, 'atsegin dut hizkuntza. Estatu Batuetan alemaniarra ikasten dut eta toki ezberdinetako jendearekin hitz egitea gustatzen zait. Bidaiatzea asko maite dut', gehitzen du.

Euskal Herrian izan den hilabete honetan Stamfordeko (Connecticut, AEB) gazteak Alcayaga abizena duten 200 lagun inguru aurkitu ditu interneten bidez. 'Facebook.com webguneak munduan zehar dauden nire abizen bereko pertsonak aurkitzen lagundu dit: Txile, Argentina, Estatu Batuak, Filipinak eta Euskal Herrikoak, besteak beste', adierazten du gazteak. Gainera, gehienekin harremanetan jarri dela aipatzen du. 'Alcayagas of the World' webgunea, hemen.

Baiona eta Zaldibiako lehengusuak

Euskal Herrira bidaia egin duen lehenengo aldia izan da Jose Alcayagarena, eta bere egonaldian Baionako Manolo Alcayaga eta Zaldibiako Mari Sol Alcayaga lehengusuak ezagutzeko aukera eduki du. Bigarrengo hau famili abizenari buruzko liburu batean ari da lanean, euskara ikasleak azaltzen duenez. Lesakan (Nafarroan) ere aurkitu du abizenaren aztarnarik, han 'Alkaiaga' izeneko lagunak topatu baititu, baina bere familiarekin loturarik ez dutela azaltzen du Josek.

Epe laburrera Alacayagak orain New Yorkeko Euskal Etxea bisitatzeko asmoa azaldu du, etxera bueltatu bezain pronto.  Izan ere, Alcayagak hiri honetan egiten du lan, webgune diseinatzaile gisa. Bere orrialde profesionala honakoa da: www.alcayaga.com.


Lotura interesgarriak

Jose Alcayagaren webgunea
www.alcayaga.com

'Alcayagas of the World'
www.facebook.com/group.php?gid=35210760363



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia