euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eresbileko zuzendari Jon Baguesek ikastaro bat emango du La Platan eta hitzaldiak bertako EEan eta Buenos Aireseko Eusketxen

2008/06/16

Jon Baguesek ikastaro bat eta bi hitzaldi eskainiko ditu Argentinan
Jon Baguesek ikastaro bat eta bi hitzaldi eskainiko ditu Argentinan

PUBLIZITATEA

Jon Baguesek, Eresbil Musikaren Euskal Artxibo Nazionaleko zuzendari eta AIBM Musika Liburutegien Nazioarteko Elkarteko lehendakariordeak, ikastaro bat emango du bihartik eta larunbata bitartean La Platako Unibertsitate Nazionalean (UNLP). Horrez gain, bi hitzaldi eskainiko ditu La Platako Euzko Etxean eta Buenos Aireseko Eusketxe Eusko Kultur Etxean. Bestalde, Baguesek hainbat bilera izan zituen iragan ostiralean argentinar hiriburuan, AIBM elkartea Hegoamerikan zabaltzeko asmoarekin.

La Plata, Argentina. Jon Baguesek Documentación musical y archivos musicales deritzon ikastaroa eskainiko du bihartik aurrera UNLPn, Cátedra de Libre Pensamiento Vasco talde euskaltzaleak eta Eusko Ikaskuntzak sinatutako lankidetza hitzarmenari esker antolatutako ekimenean. Ikastaroa Gizarte Zientzietako fakultatean egingo da eta bertan musika dokumentaziori buruz aritzeaz gain, Eresbileko zuzendariak hispaniar musika artxiboak izango ditu mintzagai. Hogei orduko ikastaroa izango da eta klaseak astean zehar arratsaldez egingo dira, 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatean 09:00etatik 13:00etara. Programaren barruan gai hauek landuko dituzte:

1.- Noten musika.
2.- Musika artxiboak. Sarrera. Bere egoera Espainian.
3.- Liburutegi musikalak. Musika fondoak liburutegietan eta dokumentazio zentroetan.
4.- Ezohiko musika artxibo baten aplikazioa: Eresbil-Musikaren Euskal Artxibo Nazionala.
5.- Nazioarteko musika dokumentazio proiektuak eta bere oihartzuna Espainian.

Hitzaldiak La Platako Euzko Etxean eta Buenos Aireseko Eusketxen

Ikastaroaz gain, Jon Baguesek bi hitzaldi eskainiko ditu Argentinan, Archivo Vasco de la Música y el patrimonio etnográfico musical vasco titulupean. La Platako Euzko Etxean emango du lehena, larunbatean. Bigarrena Buenos Airesen izango da, Arturo Campion Euskal Ikastegiak eta Eusketxe Eusko Kultur Etxeak antolatuta. Mintzaldi hau astelehenean eskainiko du Baguesek, arratsaldeko zazpi eta erdietan, México 1880 kaleko egoitzan.

Jon Bagues iragan urtean AIBM Musika Liburutegien Nazioarteko Elkarteko lehendakariorde izendatu zuten Sydneyn (Australia) egindako biltzarrean. Eresbileko zuzendariak EuskalKultura.com-i aipatu dionez, bere lana elkartea Hegoamerikako bazkideei irekitzea eta AIBMrekin jaso ditzaketen onuren berri ematea da eta iragan ostiralean bilera bat izan zuen Buenos Airesen argentinar musika aditu talde batekin, elkartearen berri emateko.

Proiektu berriak

Eresbileko zuzendari eta AIBMko lehendakariordeak proiektu berrietan lanean ari dela ere aipatu dio EuskalKultura.com-i. Musikaren Euskal Artxibo Nazionalaren webgunea berritzen ari dira momentu honetan --gaur egun 200.000 dokumentu inguru (partitura, liburu, aldizkari, soinu erregistroak) ditu-- eta urtea amaitu aurretik, informazioaz gain, eduki digitalak sareratzeko asmoa dutela adierazi du Baguesek.

Bestalde, AIBMek bultzatuta, Espainia mailako musika artxiboen ezagutza eta kontrolerako proiektua abian jarri dutela azaltzen du Baguesek. Ekimena zabala da eta bi urte beharko dituzte burutzeko, Baguesen esanetan. AIBMek mundu osoko musika artxibategi eta liburutegiak biltzen ditu eta bere bazkideak elkarte eta erakunde profesionalak zein musikari, irakasle edota liburuzainak izan daitezke.


Lotura interesgarriak

Eresbilen webgunea
www.eresbil.com

AIBM- Musika Liburutegien Nazioarteko Elkartea (webgunea frantsesez)
www.aibm-france.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia