euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jon Bagues, AIBMko lehendakariordea: 'Elkarteak ateak ireki nahi dizkio Hegoamerikako musika ondare aberatsari'

2007/07/17

Jon Bagues, Eresbileko zuzendaria
Jon Bagues, Eresbileko zuzendaria

PUBLIZITATEA

Jon Bagues, Eresbil Musikaren Euskal Artxibo Nazionaleko zuzendaria, AIBM Musika Liburutegien Nazioarteko Elkarteko lehendakariorde aukeratu dute berriki Sydneyn, Australian, egindako biltzarrean. Euskal Herrira itzulirik Baguesek karguaren ardurak eta bultzatu nahi dituen proiektuak azaldu dizkio BasqueHeritage.com-i. 'Nire lana elkartea Hegoamerikako bazkideei irekitzea izango da eta gurekin jaso ditzaketen onuren berri ematea. Hegoamerikako ondare aberatsari buruz informazioa jaso nahi dugu', adierazten du.
Jon Bagues, Eresbileko zuzendaria, AIBM elkarteko lehendakariorde izango da datozen hiru urteetan, Alemania, Estonia eta Estatu Batuetako lau kideekin batera. AIBMek mundu osoko musika artxibategi eta liburutegiak biltzen ditu eta bere bazkideak elkarte eta erakunde profesionalak, zein musikari, irakasle edota liburuzainak izan daitezke. Gaur egun 1.800 bazkide ditu elkarteak eta 53 herrialdeetan ditu adarrak.

Elkarteak eta bere adar desberdinek tokian tokiko musika ondarea gordetzea dute helburu. 'Gure asmoak hiru esalditan laburbiltzen dira: ondarea ez galdu, non dagoen jakin eta eskuragarri jarri', azaltzen du Baguesek. Horretarako elkarteak musika artxiboak eta dokumentuak gorde eta sailkatzeko ikastaroak eskaintzen ditu, mundu osoko elkarteen arteko informazio trukaketa bultzatuz eta informazioa interneten eskuragarri jarriz (Eresbilek euskal musika artxibo garrantzitsua jarri du sarean, adibidez).

Hegoamerikako foroa

Datozen hiru urteetan Jon Baguesen helburua lehendakariorde bezala elkartea Hegoameriketan ezagutzera ematea eta bazkide berriak lortzea izango da. 'Bazkide gutxi batzuk ditugu Argentina, Brasilen, Uruguaien, bat ere ez Mexikon... eta ordea musika ondare oso aberatsa duten herriak direla badakigu', agertzen du Baguesek. 'AIBMko kide balira gure esperientziaz baliatu ahal izango lirateke eta ondarea gorde eta artxibatzeko baliabide eta tresnak jarriko genituzke eskuragarri, besteak beste'.

Esperientzia honetan parte hartu nahi edo AIBMri buruzko informazio gehiago jaso nahi duenak, Jon Baguesekin kontaktatu dezake Eresbilen, e-maila bidaliz, hona. Bestalde, Baguesek Hegoamerikako foro bat jarri du abian AIBMren web gunean eta bertan herri hauetako liburutegi, artxibo eta musikazaleak harremanetan jarri eta euren jarduerak ezagutzera emateko aukera izango dute. 'Partaide bakoitzari buruzko artxibo bat ere badugu eta irailean bertan berrituko dugu. Foroan lekua izan nahi duenak oraintxe du informazioa bidaltzeko aukera!', animatzen du Baguesek.


Lotura interesgarriak

Eresbilen web gunea
www.eresbil.com

AIBMren web gunea
www.iaml.info

AIBMren Hegoamerikako foroa
AIBMren web gunean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia