Hemen zaude: Hasiera Albisteak Izaskun Kortazar, NABOko euskara koordinatzaile teknikoa, AEBetan 9 urte daramatzan bilbotarra

Izaskun Kortazar, NABOko euskara koordinatzaile teknikoa, AEBetan 9 urte daramatzan bilbotarra

Pertsona ezaguna da Izaskun Kortazar bilbotarra Ipar Ameriketan euskara ikasten dutenen artean. Urte batzuk pasa dira NABOri euskara alorrean proposamen batzuk egin eta Estatu Batuetako eta Kanadako euskal etxeak biltzen dituen federazioak euskara teknikari gisa onartu zuenetik, NABO barnean Martin Goikoetxea Wyoming-eko gorritiarra euskara 'chairman' edo arduradun daukan alor honetan. Horren aurretik, Boiseko Ikastolako andereño ere izan zen Izaskun, eta gaztelania eskolak ere eman izan ditu eta ematen ditu egun Boisen bertako batekin ezkonduta bizi den gazteak. Bilboko Correo egunkariak atzokoan berari egindako elkarrizketa eman zuen argitara eta guk hona ekarri dugu erreferentzia, nahi duenak irakurri ahal izan dezan.

Bilbo, Bizkaia. Gaztelaniaz argitara emandako elkarrizketa horretarako linka ekarri dugu hona, hala nahi duten gure euskarazko irakurleek ere gainbegiratu ahal izan dezaten. Esan dezagun, dena den, mundu mailan HABErekin elkarlanean garatzen dituztela euskal etxeek euskara eskolak, Donostiatik Kinku Zinkunegi teknikaria buru duen jardunbidean. Estatu Batuetako kasuan, ahalegin berezia egin dute --egiten ari dira-- azken urteotan NABOk zein HABEk, batetik euskara eskolak finkatu eta hedatze lanetan, aukera gauzatzen, eskaintzen eta irakasleak formatzen; eta bestetik ingeles hiztunei zuzendutako materiala sortzen eta egokitzen, urte askotan bereziki gaztelania ama hizkuntza edo abiapuntu zeukatenei zuzendutako aukera izan baita euskara ikaste/irakastekoa.

NABO barnean, federazioko Valerie Arrechea Etcharren lehendakari, Wyomingen errotua dagoen Martin Goicoechea gorritiarra da erakundeko 'euskara chairman' edo euskara arduraduna; eta Izaskun Kortazar alorreko koordinatzaile teknikoa eta dinamizatzailea. Estatu Batu mailan eta Boise inguruan bereziki, hamaika ekimen garatzen ditu Izaskun euskara irakaskuntzari dagokionez, horietako asko, klaseez gain, euskara erabiltzea bultzatu nahi duten ekimenak proposatuz, hala nola bilera eta proposamen ludikoak, Korrika bezalako ekimenak, irteerak haurrekin, kantu-afari eta elkarretaratzeak... guztia euskara ikasten ari diren edo dakiten euskara praktikatu nahi duten amerikarrei horretarako giro egokia eskaintzeko ahaleginean, lotsak alde batera utzita.

Atzo Correon Iratxe Gomezek argitar emandako elkarrizketa beste testuinguru batean egindakoa da, baina iruditu zaigu interesgarria izan zitekeela hona ekartzea, eta beraz, hona hemen harekiko linka.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Izaskun Kortazar, NABOko euskara koordinatzaile teknikoa, AEBetan 9 urte daramatzan bilbotarra

Izaskun Kortazar euskara eskolak ematen Boisen, lehenengo lerroan eskuinean Gloria Garatea Lejardiren aurpegi momentu horretan serioa eta Anita Anacabe Franzoiaren buru atzealde ere ikusten direla (argazkia Izaskun-Kortazar-El Correo)

E-postaz harpidetu albisteetara

Erlazionatutako elementuak


bisita