euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iruñeko artzapezpikuak Orreagako Santa Mariaren jargiratze meza nagusia emango Mexikon igandean

2011/01/28

Coyoacan-go Jesusen Bihotzaren elizaren barrualdea
Coyoacan-go Jesusen Bihotzaren elizaren barrualdea

PUBLIZITATEA

Iruñeko Artzapezpiku eta Tuterako apezpiku den Francisco Perez Gonzalez Nafarroako Elizako ordezkari arituko da datorren igandean Mexiko Hiriko Jesusen Bihotzaren Elizan egingo den Orreagako Santa Mariaren jargiratze ekitaldian. Elizkizunean 'Fratellum Ensamble' taldeak Emiliana Zubeldia musikagile nafarraren Jasokunde Meza kantatuko du, eta jatorri baztandarreko Antonio Barberena akordeoilari mexikarra ere arituko da edertzaile.

Mexiko Hiria, Mexiko. Benedikto XVI.a Aita Santuak 2007an Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako apezpiku izendatu zuen monsinore Francisco Perez Gonzalez burgostarra izango da datorren igandean Mexiko Hiriko Coyoacan barrutiko Jesusen Bihotzaren elizan egingo den Orreagako Santa Mariaren jargiratze mezan Nafarroako Elizako ordezkari.

Elizkizuna musika arloan edertzen, 'Fratellum Ensamble' taldeak Emiliana Zubeldia konpositore nafarraren Jasokunde Meza kantatuko du, eta jatorri nafarreko Antonio Barberena (Mexiko DF, 1962) akordeoilari mexikar trebea ere arituko da, azken hau pertsona arras ezaguna Mexikoko nafar komunitatean, aktiboa baita oso Euskal Etxean, besteak beste 1996ean Mexikoko Euskal Etxearen Koruko zuzendari izanik eta 2004ean omenaldia eman ziolarik Mexikoko Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak bazkide izendatuz.

Orreagako Santa Mariaren jatorrizko irudia Nafarroako Orregan dago. Mexikon jargiratzea datorren igandean egingo da, urtarrilaren 30ean, eguerdiko hamabietan, Mexiko Hiriko Jesusen Bihotza elizan (Paseo del Río 49, Col. Copilco Bajo). Zeremoniaren ondotik, 14:00ak aldean, senidetasun bazkaria antolatu da Hacienda de Cortes-en (Fernández Leal No. 70 - La Conchita auzoa, Coyoacán).

Erreserbak egiteko, deitu 5524-83-57 / Mug. 044(55) 2654-6240 edota 044(55) 1368-2957 telefonoetara edo idatzi emaila bebridge@prodigy.net.mx helbidera.

-Orreaga Wikipedian



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia