euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ipar Amerikan euskara ikasi nahi duzula? Naboeuskara.com webgunea da zure abiapuntua

2011/12/19

Aurten lehendabizikoz heldu da Korrika Boisera eta bertan izan ziren inguruetako euskara ikasle eta irakasleak, tartean Boiseko ikastolako haurrak eta euren gurasoak (argazkia NABOeuskaraz.com)
Aurten lehendabizikoz heldu da Korrika Boisera eta bertan izan ziren inguruetako euskara ikasle eta irakasleak, tartean Boiseko ikastolako haurrak eta euren gurasoak (argazkia NABOeuskaraz.com)

PUBLIZITATEA

Estatu Batuetan zein Vancouver eta Quebec-en euskara ikasleen kopurua igotzen ari da emeki-emeki, NABO euskal etxeen federazioak eta HABEk sustatzen duten programari esker. Euskara ikasleen ahalegina laguntzeko eta herrialde hauetan euskaraz ikasi nahi duen edonori topagune bat eskaintzeko, NABOk www.naboeuskaraz.com webgunea jarri zuen abian uztailean, ingelesez. Webguneak ikasleentzako informazioa, ikasgaiak eta lotura erabilgarriak eskaintzen ditu; badira ere haurrentzako jolasak, ikastaroetako argazkiak, berriak, txata... Izan ere euskara ikasle euskal amerikarrentzako topagune birtuala bihurtu da. Ezagutu nahi dituzu? Abentura honetako parte izan nahi duzu? Zabaldu atea eta aurrera!

Boise, Idaho. Izaskun Kortazar, NABOko Euskara programaren koordinatzailea, eta Henar Chico ikasle/irakaslea dira, Idahoko Boisetik, www.naboeuskaraz.com webgunearen kudeatzaileak: Izaskunek bertan agertzen diren materialak, ikasgaiak eta artikuluak jasotzen ditu; eta Henar webgunea diseinatzeaz eta eguneratzeaz arduratzen da. Bien artean, eta programako irakasle eta ikasleen ekarpenekin, webgune aktibo eta dinamikoa ari dira sortzen. Uztailean abian jarri zenez geroztik, edukin ugari gehitu ditu webguneak, eta internet eta sare sozialen bitartez bertan agertzen diren berri eta deialdiak zabaltzen ari dira.

Izaskun Kortazarrentzat, NABOren programa abian jarri zenez geroztik beharrezkoa zen webgune hau bezalako tresna bat. EuskalKultura.com-i adierazi dionez, "euskara programa gero eta arrakastatsuagoa da eta euskararen egoera hobetzen ari da Ipar Amerikan". Ikasle eta irakasle kopuruak gora egin du azken aldi honetan baina, bere aburuz, zailagoa izango da hazkuntza maila hori mantentzea datozen urteetan. Horregatik da beharrezkoa webgunea, programari buruzko edukinen eta ikasleen bilgune birtuala izan dadin.

Ikasgaiak, loturak, txat-a...

Ikasle gehienek internet bidezko BOGA programa erabiltzen dute, eta, hortaz, www.naboeuskaraz.com webgunea oso erabilgarria ari da izaten beraientzat. Ipar Amerikan, euskal etxeekin harremanik izan ez arren euskaraz ikasi nahi dutenentzat ere abiapuntu polita izan daiteke. Baina... zer aurki daiteke bertan?

Hasteko, une honetan euskal etxe desberdinetan klaseak ematen ari diren Irakasleen aurkezpena eta argazkiak. Ondoren, azken urteetan eman diren Ikasgai batzuk, eta baita ere Online euskara ikasteko baliabideak (Boga eta abar). Umeentzako materialak ere eskaintzen ditu webguneak, hala nola ikastaroetako Multimedia materialak: argazkiak, bideoak, abestiak... Beste atal interesgarri batzuk dira Txat-a (beste euskara ikasleekin online hitz egin eta praktikatzeko) eta Loturak (interneteko hainbat euskara baliabide).

Ikastaroak estatu guztietan

Webgunea abian jarri zenetik badira bertan sartu eta ikastaroetan izena eman duten zenbait ikasle, Henar Chico-k azaldu digunez. Facebook-en ere orria du programak, eta bertan berri eta eduki asko partekatzen dituzte Euskara programako ikasleek. Bi tresna hauen bitartez gero eta ikasle eta ikaslegai gehiagorengana heltzea espero dute kudeatzaileek.

"Euskal etxe batzuk oso aktiboak dira, beste batzuk ez hainbeste. Batzuentzako ez da erraza euskara eskolak antolatzea", dio Kortazarrek. "Programan ikasle gehiagok parte hartzea nahiko nuke; nire helburua euskarak Ipar Ameriketan duen presentzia zabaltzea da. Nire ametsa euskaldunak bizi diren estatu bakoitzean euskara klaseak izatea da".

Amets horretan pauso berri bat eman du programak, eta Facebook-eko komunitatean jakinazari dutenez urtarriletik aurrera Bostonen, Massachussetts estatuan, euskara klaseak hasiko dituzte. Bertan edo beste ikastaroren batean izena eman nahi izanez gero, bidali e-maila hona: izaskunkortazar@gmail.com.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia