euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Igandean hasiko da Erroman 2008ko Settimana Basca: kontzertuak, zinea, literatura, dokumentalak eta antzerkia

2008/12/05

Ander Lipusek 'Ardoaz' bakarrizketa eskainiko du
Ander Lipusek 'Ardoaz' bakarrizketa eskainiko du

PUBLIZITATEA

Associazione Culturale Euskara elkarteak, hau da, Erromako euskal etxeak, igande honetan abiatuko du 'Settimana Basca' edo Euskal Astearen edizio berri bat. Euskal kulturari eskainitako aste oso honekin elkarteak urteko ekimenei amaiera ezinhobea emango die. Aurtengoan ere egitaraua oso zabala da eta proposamen desberdinak biltzen ditu: antzerkia (Ander Lipus aktoreak 'Ardoaz' bakarrizketa eskainiko du), literatur aurkezpenak, zinea, dokumentalak, argazki erakusketak eta musika euskaldun eta italiarra uztartuko dituen Euskal Jaia.

Erroma, Italia. Erromako euskal komunitateak 'Settimana Basca' jaialdiaren edizio berri bati hasiera emango dio igandean. Laugarren urtez antolatzen dute Erromako euskaltzaleek jaialdi hau eta bertan kontzertuak, mintzaldiak, argazki erakusketak... eskainiko dituzte euskal kultura erromatarrei hurbildu nahiean eta, aldi berean, euskal egileei erromatar mundu artistikoa ezagutzeko aukera emateko.

Settimana igandean hasiko da, Banda Batxoki punk-rock talde euskaldunaren kontzertuarekin. Emanaldia La Strada etxe okupatuan izango da (Via Passino, 24 - Garbatella), gaueko hamarretatik aurrera. Sarreraren prezioa, 4 euro. Hurrengo ekitaldia asteartean izango da, abenduaren 9an, Alen Silva argazkigilearen Una finestra sulla tragedia erakusketarekin. Hilaren 19 arte izango da ikusgai DAMS aretoan (Università Roma Tre, Viale Ostiense 133). Sarrera doan. Argazkiek idazle, artista eta giza eskubideen aldeko aktibisten testuak izango dituzte lagun:  Alan Rachins, Bahman Ghobadi, Suheir Hammad, Gillian Anderson, Bernardo Atxaga, Fermín Muguruza, Malalai Joya, Jon Sistiaga, Michael Ratner, Rosa Silverio, Miren Agur Meabe, Toti Martínez de Lezea, Xabier Santxotena, Ezzat Goushegir.

Quaderno rosso eta Ixabel

Asteazkenean, arratsaldeko sei t'erdietan, Arantxa Urretabizkaia idazlearen 'Kuaderno gorria' eleberriaren italierazko itzulpena aurkeztuko dute: 'Quaderno rosso', Gran Via argitaletxeak plazaratu berri duena. Aurkezpena Al Tuma’s Book Bar tabernan egingo da (Via degli Sabelli, 17 – San Lorenzo), arratsaldeko zazpietatik aurrera. Sarrera doan.

Ostegunean zinea izango da Settimanako izarra eta Cineclub Detour zineman (Via Urbana 47/a – Rione Monti) programa hirukoitza emango dute gaueko bederatzietatik aurrera. Emanaldia Fernando Bernuesek eta Mireia Gabilondok zuzenduriko 'Kutxidazu Bidea, Ixabel' (Euskal Herria, 2007, 97 min) komediarekin hasiko da. Euskarazko jatorrizko bertsioan emango dute, italierazko azpitituluekin. Ondoren Xabier Iriondo eta Fernando Aguirreren 'Sonar ciudades' dokumentala (Euskal Herria, 2006, 52 min), Llorenç Barber musikariari buruzko lana, izango da ikusgai. Bukatzeko, Oier Etxeberriak aukeratutako musikari buruzko laburmetraia sorta eskainiko dute. Sarreraren prezioa 5 euro.

Ardoaz

Ostiralean, abenduaren 12an, Euskal Jaiaren ordua helduko da, euskal musika eta musika italiarra uztartuko dituen kartelarekin: Maixa eta Maite trikitilariak eta Rusticanti talde italiarra. Horrez gain, bertsolariak, dantza eta indarrak berreskuratzeko moduko euskal jaki tipikoak ere izango dira jaian. Ex-Snia Viscosa etxe okupatuan izango da, gaueko bederatzietatik aurrera.

Asteburuan antzerkia izango da nagusi eta Ander Lipus aktoreak eta Antzerkiola Imajinarioa taldeak “Ardoaz” bakarrizketa eskainiko dute, Italian lehen aldiz estreinatuz. Bi emanaldi egingo dira, bat  larunbatean gaueko bederatzietan, eta bestea igandean arratsaldeko zazpietan. Azken honetan euskal laburmetraia sorta bat ere izango da ikusgai. Kollatino Underground aretoan (Via Sorel 10). Sarrera 3 euro.

Informazio gehiago Associazione Culturale Euskara elkartearen webgunean, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia