Idiazabal gazta dastaketa eta futbol txapelketa bat, Txinako Euskal Etxeak ekainean egindakoen artean
Zalantzarik ez da Shanghaiko Euskal Etxekoei ez zaiela irudimena eta ekimena falta egiten dituzten gauzetan. Amaitu berria den ekainean burutu dituzten ekintzen artean Idiazabalgo gazta dastaketa bat egon da, eta baita Txile-Katalunia eta Euskal Herriaren arteko futbol txapelketa triangeluar bat. Biak arrakastatsuak izan dira, euren helburu nagusia bete baitute: ongi pasatzea lagunartean, hurkoekiko harremanak landuz eta Txinan egonik ere bertako ohiturekin batera euren sorterrikoak ere praktikatuz.
Shanghai, Txina. Idiazabal gazta dastaketa bat Txinan? Zergatik ez, baldin eta 1) Euskal Etxeko zenbait kide gaztazalek Euskal Herrira egiten dituzten bidaietan Idiazabalgo gazta desberdinak lortu eta ezkutuan txinaratzen dituzten 2) epaimahaikide izan eta gaztak dastatzeko sakrifizioa egiteko prest dagoen taldetxo bat osatzen bada 3) biltzen bada epaimahaikide horien iritzia baieztatu edo errefusatzeko prest dagoen jende gehiago (publikoa) hauek ere dastatzeko eskubidez, jakina. Emaitza, dastaketa partaidetu bat, tripazain edo gastronomiazaleen gustuko ekitaldi jator bat.

[Ezkerretik eskuinera, futbol triangeluarrean parte hartutako taldeak: Katalunia, Euskal Herria eta Txile]
Gazta dastaketa (gazta, gaxna, gaztaia...) ez da izan, ordea, euskal etxe txinatarrak egin duen ildo bereko lehena, aurretik ere, filosofia berarekin, beste euskal mozkin edo produktuen dastaketak ere eginak baitituzte Txinako Euskal Etxean. Bildu zirenak, oraingoan, gaztez eta gazta dastaketez sarrera hitz batzuk entzun eta gai berari buruzko bideo bat ikusi zuten. Ondoren, epaimahaiko zortzi kideek dastaketari ekin zion. Puntuen batuketa egiten zen bitartean, publikoak ere dastatu ahal izan zituen aurkeztutako gaztak, eta hori guztia gose-piztaile, barbakoa bat egin zen ondoren. Gazta txapelduna Mikel Plazaolak ekarritakoa izan zen. Finaleraino iritsitako lau gaztak, bestalde, enkantean atera ziren.
Futbolean euskaldunak txapeldun
Ekainean garatutako beste ekimenetako bat futbol txapelketa triangeluar bat izan zen, Txile, Katalunia eta Euskal Herria partaide. Egun izugarri beroa lagun --etsai?--, munduko ur botila guztiak ez zuren aski izan jokalarien egarria amatatzeko. Partiden emaitzak: Txile vs Euskal Herrria=1-4 / Euskal Herria vs Katalunia=3-1 / Katalunia vs Txile= 1-5.
Informazio gehiago Euskal Etxearen blogean: http://blog.chinaeuskaletxea.info


