euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ibarretxe lehendakaria Mexikoko presidente Felipe Calderonekin bilduko da bihar hasiko duen bidaian

2007/10/25

Ibarretxe lehendakaria Mexikoko Euskal Etxean, 2003an bertara egin zuen bisitan (argazkia vascosmexico.com)
Ibarretxe lehendakaria Mexikoko Euskal Etxean, 2003an bertara egin zuen bisitan (argazkia vascosmexico.com)

PUBLIZITATEA

Juan Jose Ibarretxe lehendakaria bihar bertan abiatuko da Mexiko aldera eta sei eguneko egonaldia egingo du bertan. Bidaiako hitzordu nagusienetako bat, ezbairik gabe, Felipe Calderón mexikar presidentearekin egingo duen bilera izango da. Euskal agintaria Mexiko Hiriko Euskal Etxean ere izango da, elkartearen mendeurrena ospatzeko eta bertako euskaldunak agurtzeko. Aldi berean, Ibarretxe EmpreBask, Mexikoko euskal enpresarien elkarte sortu berriko arduradun eta bazkideekin bilduko da.

Ibarretxe lehendakariak sei eguneko bisita hasiko du bihar Mexikora, bertako agintari eta euskaldunekin biltzeko. Bertako agintariei dagokienez, Lehendakariaren agendako hitzordu nagusiena Felipe Calderon mexikar presidentearekin izango duen bilera behar da aipatu. Topaketa datorren asteazkenean izango da, bidaiaren azken partean. Aurretik Mexikoko euskaldunekin eta euskal enpresariekin biltzeko aukera izango du Ibarretxek. Era berean lehendakariak elkarrizketak emango dizkie Mexikoko komunikabide garrantzitsuenei.

Ibarretxek Mexikon izango duen lehen ekitaldia larunbatean Euskal Etxean gertatuko da, elkarte euskal-mexikarraren mendeurrena dela eta. Mexikoko euskal komunitatearekin bilduko da lehendakaria eta Euskal Herriko egungo egoerari buruzko mintzaldi bat eskainiko du. Ekitaldia arratsaldeko zazpi t'erdietan izango da eta bertara bertaratuko dira, lehendakariaz gain, bere emazte Begoña Arregi; Kanpo Harremanetarako zuzendaria, Iñaki Aguirre; Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria, Josu Legarreta, eta Mexikoko Euskadiko ordezkaria, Iñaki Ruiz, besteak beste.

EmpreBask Mexikorekin bilera

Astelehenean, urriaren 29an, lehendakariak EmpreBask elkartearen bilera batean parte hartuko du. Berriki sortua den talde honek euskal jatorriko mexikar enpresariak biltzen ditu eta baita Mexikon aritzen diren Euskal Herrikoak ere. Ezin ahaztu egun Mexikon Euskal Herriko enpresa askok lantegiak eta interesak dituztela. Taldea EmpreBask Txile elkartearen ereduari jarraiki jaio da: Txilekoa sortu zen era honetako lehenengo elkartea, 2005ean. Ondoren EmpreBask Kolonbia eta orain EmpreBask Mexiko sortu dira.

Ondoren lehendakaria Morelos estatura joango da eta bertako Gobernadore Marco Adamerekin bilduko. Lehendakariak 'Berrikuntza eta Ezagutza' izenburudun mintzaldia eskainiko du Moreloseko politika eta ekonomia arloko agintarien aurrean. Gauean, berriz ere Mexiko DFn bueltan, Espainiako enbaxadoreak eskainiko duen koktelean parte hartuko du lehendakariak. Azkenik, bidaiaren azken txanpan, Mexikoko Calderon presidentearekin bilduko da Ibarretxe, datorren asteazkenean, goizeko lehenengo orduan.

Lotura interesgarriak

Mexiko DFko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

Ibarretxe lehendakaria Kolonbiako Euskal Etxean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 15ean

EmpreBask Txile, euskal jatorridun enpresarien elkartea
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko urriaren 10ean



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia