euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hemen dira Inauteriak: bihar Uztaritzen Ostegun Gizena ospatuko du Hartzaro Festibalak

2013/02/06

Hartzaro jaialdiaren afitxeko zenbait irudi
Hartzaro jaialdiaren afitxeko zenbait irudi

PUBLIZITATEA

Bihar hasiko dira Aratusteak, Ostegun Gizanerarekin batera, eta Euskal Herriko bazterretan mozorroek, festek eta usadio zaharrek hartuko dituzte kaleak. Iparraldeari dagokionez, tradizio handiko jaia dira Inauteriak eta Lapurdin, adibidez, iragan otsailaren 1etik hona Hartzaro izeneko jaialdia egiten ari dira kari horretara. Bihar bertan Ostegun Gizenarekin batera "Tutak" tobera mustra egingo dute. Baina beste hamaika euskal lekutan ere lehertuko dira Inauteak. Diasporan, New Yorkeko eta Bartzelonako euskal etxeetan mozorro jaiak egingo dira datozen egunetan, baina beste hamaika izango dira festa honi ohore egingo dioten euskal elkarteak.

Uztaritze, Lapurdi. Inauteriak bihar hasiko dira, Ostegun Gizenarekin, baina Lapurdiko Uztaritzen otsailaren 1eaz geroztik abiatua da inauterien inguruko Hartzaro festibalaren 17. edizioa. Herri Soinu elkarteak antolatuta, otsailaren 12a bitartean hainbat animazio, kontzertu eta dantza ikusgarriak egingo dira herrian.

Bihar bertan, adibidez, "Tutak" izeneko sorkuntza ikusi ahalko da Latsan. Ikuskizunaren sortzailea, Jokin Irungaray (1987, Itsasu, Lapurdi) artista gaztea da. Musikari, antzerkilari eta ipuin-kontalaria, Irungarayk zuzenduko du tobera mustra hau.[ Jokin Irungarayrekin elkarrizketa, hemen]

Hartzaro 2013 festibalaren egitarau osoa: Hartzaro 2013 - Egitarau osoa (pdf).

New York, Bartzelona, Valencia...

Diasporan ere Inauteriek izango dute oihartzuna eta New Yorken, adibidez, Euzko Etxeak Aratuste festa antolatu du. Urrian Mendeurrena beteko duen euskal etxetik agertzen digutenez, jaia arratsaldeko 5etan hasiko da eta gaueko 11ak arte luzatuko omen da. Haurrentzat eskulan lantegia antolatu dute (mozorroak, pultserak, marrazkiak eta abar egin ditzaten), jolasak ere izango dira (aulki-jokoa, sokatira, pinata...) eta 8ak inguruan haurrek egindako mozorroekin lehiaketa egingo da (mozorrorik originalena, beldurgarriena eta politena aukeratuko dituzte).

Bartzelonan Euskal Etxeak Inauteriak eta euskal zinemaldia uztartuko ditu eta otsailaren 16an Zinema Festa izeneko mozorro jaia egingo da euskal egoitzan. Beste leku askotan inauteri festak egingo dira, euskal etxeetan zein festak oihartzun berezia hartzen duen herrietako kaleetan euskal etxe gisa parte hartuz. Estatu Batuetatik, Uruguai eta Argentinaraino, Venezuela, Kanada eta Txinatik pasatuta, besteak beste.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia