Hemen zaude: Hasiera Albisteak Asteburuan egingo da Bakersfield-eko euskal festa, Euskal Herriko pilotari ordezkaritza eta guzti

Asteburuan egingo da Bakersfield-eko euskal festa, Euskal Herriko pilotari ordezkaritza eta guzti

Dena prest da Kaliforniako Bakersfield-en datorren asteburu honetan garatuko den bertako euskal piknik eta festa abiarazteko. Estatu Batuetan urtero maiatzean hasita egiten diren euskal jaien artean, sasoin-hasierako klasiko bat da Bakersfieldekoa. Ezin dira ukatu hemen euskal giroa eta euskal tradizio bertan errotuak. Euskal dantzen, berbenen, erakustaldien, kliken, mus partiden eta gainerakoen artean, zati garrantzitsua dira pilota eta pilotariak. Aurten, ohitura denez, Euskal Herritik propio etorritako pilotariak bertakoei juntatuko zaizkie.

Bakersfield, Estatu Batuak. Guztia prest da Bakersfield-en bertako euskal jaiari ekiteko. Baxenabartar asko izanik, Besta deitu izan zaio hemen beste batzuek festa edo pesta deitzen diotenari eta aurten, beraz, Bakersfield-eko Euskal Bestak, 40 urte beteko ditu, osasun onean, gauzak orain lau hamarkada egin zen lehenengo euskal jai hartatik asko aldatu badira ere. Ez okerrera, diferentera baizik. Denbora ez baita alferrik pasatzen eta garai batean zuzenean emigrante zen belaunaldi batek sortutako euskal etxean gaur egun lekukoa hurrengo belaunaldiei pasatu baitzaie hein handi batean, nahiz eta oraindik ere Euskal Herritik etorritakoek elkarteko eta etxe honen arimaren parte inportantea diren.

Bakersfield Kaliforniako euskal etxe zaharrenetakoa eta handienetakoa da eta bere piknika eta beste ere halakoxeak dira. Euskal etxearen egoitzak pilotalekua duenez (izan ere pilotalekuaren inguruan sortu eta hazi zen) pilota betidanik izan du ezaugarri, eta azken urteotan sendotutako usadioari jarraituz, aurten ere Euskaditik etorritako pilotari gazteak izango dira protagonista, bertako zaleak loriatzen baitira eurekin, bertako pilotariei batere mereximendurik kendu gabe.

Aspe enpresaren webgunean irakurri dugu Euskal Herritik etorriko diren pilotarien xehetasunik. Aritz Lasa, Peñagarikano, Apezetxea eta Arruti izango dira pilotari bisitariek eta eurekin bertaratuko da Iñaxio Errandonea. Izan ere, Errandoneak eginiko kontaktuekin antolatu dira azkeneko bost urteotan honelako espedizioak Euskal Herriko pilotari gazteekin.

Pilotarientzat, esperientzia berria da, aukerak balio baitie Bakersfield-era etorri, bertan jokatu, diaspora euskal-kaliforniarra eta bertako giroa ezagutu, bide batez Las Vegas bezalako lekuren bat ezagutu (bidaiaren zatirik turistikoenean) eta ondoren San Frantziskora hurbildu, bertako euskal etxean ere beste hainbeste egiteko, alegia beste partida eta erakustaldi batzuk gauzatzeko San Frantziskoko euskal etxeko kantxan, bertan ere asko diren zaletuen aurrean.

Hamabi eguneko bidaia egingo dute orotara pilotariek eta euren berri jarraitu ahal izango da Aspere enpresaren Twitter-eko kontuan.

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita