Hemen zaude: Hasiera Albisteak HABEk 1go, 2. eta 3. euskara maila egiaztatzeko frogak egingo ditu lehen aldiz Buenos Airesen

HABEk 1go, 2. eta 3. euskara maila egiaztatzeko frogak egingo ditu lehen aldiz Buenos Airesen

Hegoamerikako euskal etxeetako euskara ikasleek 1go, 2. eta 3. maila egiaztatzeko aukera izango dute aurten Buenos Airesen. HABEk lehendabizikoz eskaintzen du aukera hau aurten eta, besteak beste, 2007-2011 tartean Euskara Munduan programaren barruan trebatu diren irakasleek ikasitakoa egiaztatzeko aukera izango dute horrela. "Argentinan 30 lagunetik gora aurkeztea espero dugu", azaldu dio EuskalKultura.com-i programaren koordinatzaile Kinku Zinkunegik. Horrez gain, Madrilen eta Bartzelonan ere egingo dira frogak, urtero legez. Hiru kasuetan matrikulazio epea datorren asteko asteazkenetik ostiralera izango da.

Donostia-San Sebastian. HABEk euskara maila egiaztatzeko frogak egingo ditu aurten Madrilen, Bartzelonan eta --lehendabizikoz-- Buenos Airesen. Diasporan euskal etxeetan euskara ikasten ari direnei zuzenduta daude deialdi berezi hauek. Aurtengoan matrikulatzeko epea datorren asteko asteazkenetik ostiralera izango da (apirilaren 18, 19 eta 20). Azterketariek Eusko Jaurlaritzaren euskal etxeen erregistroan inskribatuta dagoen euskal etxeren bateko euskara ikastaroetan matrikulatuta egon behar dute, 2011ko uztailaren 1etik 2012ko martxoaren 30a bitartean.

Madrilgo eta Bartzelonako hitzorduak ohikoak badira ere, aurtengo berritasuna Buenos Airesen egingo diren frogak izango dira. HABEk Buenos Airesen 30 bat lagun baino gehiago aurkeztea espero du. Madrilen ere kopuru beretsua izaten da urtero eta Bartzelonan dozena bat azterketari inguru, 2. eta 3. mailakoak gehienak.

"Esan beharra dago Madrilgo ikasleen emaitzak oso onak izaten direla. Euskal Herriko euskaltegien gaindituen bataz-besteko kopuruaren gainetik ibiltzen dira", agertu du HABEko teknikari Kinku Zinkunegik.

Froga idatziak Bartzelonan maiatzaren 12an eta Madrilen maiatzaren 19an egingo dira. Horiek gainditzen dituztenek ahozko froga egin beharko dute, Madrilen eta Bartzelonan, ekainaren 21etik 23rako tartean. Buenos Airesen, aldiz, urriaren 12-14ean egingo dira idatzizko zein ahozko frogak.

Matrikula 18 eurokoa izango da maila bakoitzeko.

-Matrikula gauzatzeko jo, www.habe.euskadi.net atarira

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita