euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gure Ametza Euskal Etxeak 3. Laburmetraia Erakustaldia egingo du bihar, Rio Cuartoko Unibertsitatearekin

2007/11/13

'Midori' laburmetraiaren irudi bat
'Midori' laburmetraiaren irudi bat

PUBLIZITATEA

Euskal zinemaren erakuslehio lana egingo du Rio Cuartoko Gure Ametza euskal etxeak bihar, Kimuak programaren laburmetraia sortaren emanaldia eskainiz. Kimuak Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen zinemaren aldeko ekimena da eta honen bidez munduko euskal etxe askok erakutsi ahal izan dituzte azken urteotan Euskal Herrian urtero egiten diran laburmetraia onenak. Rio Cuarton hirugarren edizioa du jada erakustaldiak, eta aurten gainera Unibertsitatearekin batera hiriko ikusleei irekia izango den emanaldian eskainiko dituzte.
Gure Ametza (sic) Euskal Etxeak hirugarren Euskal Zinema Erakustaldia egingo du bihar. Aurtengoa edizio berezia izango du gainera: aurreko biak gehienbat euskal etxeko kideentzat bakarrik izan baziren ere, oraingoan emanaldia Rio Cuartoko bizilagunei irekia izango da. Emanaldia Teatrino de la Trapalanda aretoan egingo dute, antzoki hau egiten ari den zine ziklo orokorraren barruan. 'Aurten hiriaren urteurrenaren ekitaldien barruan egiten ari gara euskal zinema erakustaldia, Rio Cuartoko Unibertsitate Nazionalaren laguntzarekin', azaldu dio EuskalKultura.com-i Eduardo Aguirre Euskal Etxeko bazkideak.

Bihar ikusgai izango diren laburmetraiak Kimuak ekimenaren 2006ko uztakoak izango dira. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen programa honetan urteko euskal laburmetraia onenak aukeratu eta munduko zinema jaialdietan sustatzen dituzte. Ahalegin honen barruan euskal etxeak ere euskal zinemaren enbaxadore bihurtu dira eta eskatzen duenari Kimuak programak filmeen materiala (DVD bat) helarazten dio, erakustaldiak antolatu ditzan.

'Aurten ere eskerrak eman nahi dizkiogu Txema Muñozi, Kimuak programaren arduradunari, ekitaldia antolatzeko materialak bidaltzeagatik. Euskal zinemagileen maisutasun erakutsi ahal izango dugu aurten ere', azaltzen du Aguirrek. Emanaldia arratsaldeko zortzietan egingo dute, Teatrino de la Trapalanda aretoan.

[Goiko irudian zine emanaldiko afixa] >


Lotura interesgarriak

Kimuak 2006
www.kimuak.com

San Fermin jaiak Río Cuartoko Gure Ametzan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 17an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia