Guillermo Zubiaga komikigile NY-en: euskal arrastoak jarri zituen Marvel komikietan; orain heroi berria dakar, Joanes
Inoiz X-Force komikia --'X-men' filme famatuaren abiapuntua-- irakurtzen ari zela komikizaleren batek Negu Gorriak taldearen poster batekin edota Gaztelugatxe ermitaren irudiren batekin egingo zuen topo binetaren bazterretan. Irakurlearen irribarrea edo harridura hori ziren hain zuzen euskal arrasto horiek utzi zituen Guillermo Zubiaga marrazkilariaren ordaina. Hamar urtetan NYeko komiki munduan aritu ostean Zubiagak bere istorio propioa sortu du orain: Joanes or the Basque Whaler, Iparramerikan XVI. mendean bale arrantzan ibilitako marinelaren abenturak. Lan honetaz eta munduko hiri nagusienetakoan euskaldun nortasuna mantentzeari buruz solastu da EuskalKultura.com-ekin.
![]() |
'Ironikoa da, baina azkenean Joanes Etxanizen ondorengoek ez zuten harengandik ezer jaso, testamentua ez zelako Euskal Herrira sekula heldu; baina aldi berean horri esker Ameriketan kontserbatu ahal izan da', azaltzen du egileak. Komikiarekin berdin ez gertatzea da Zubiagaren nahia, eta Euskal Herrirako bidaia egitea, egun hurbilen batean euskaraz argitaratua ikusi ahal izateko. [Goi ezkerreko irudian Joanes or the Basque Whaler komikiaren azala]
'Mamua' Marvel etxeko komikietan
Zubiaga Barakaldon jaioa da baina ikasketak Estatu Batuetan egin zituen. Komiki munduan lan egitea erabaki zuenean New Yorkera mugitu zen eta hamar urtetan Marvel argitaletxearen komikietan jardun zen (Marvelek Spiderman, Hulk, X-Force... bezalako komiki ezagunak argitaratzen ditu Marvelek). Hasiberritan industria honetan ghosting izena duen lan isila egin zuen (ghost, mamua): binetetako bazterrak betetzen dituen marrazkilariarena, eta normalean bere izena ez da kredituetan agertzen.
![]() |
Zubiagak, baina, irudietan bere sinadura jartzeko bidea aurkitu zuen, binetetan euskal arrastoak utziz: lauburuak, Negu Gorriak taldearen posterrak, Gaztelugatxe ermitaren irudiak, euskal esaldiak... 'Banekien nire izena ez zela inon agertuko eta euskal pista batzuk uzten saiatu nintzen', azaltzen du. Marrazki hauek X-Force, Witchblade eta Hell Hole komikien ale batzuetan ikus daitezke. Denborarekin bere izena kredituetan ere agertzen hasi zen, baina marrazkilariak euskal 'konexio' modu hau ez zuen alde batera utzi.
![]() |
Euskal nortasuna New Yorken
Euskal kulturarekin kontaktua mantetzeko ahalegina Zubiagaren New Yorkeko bizitzaren parte handi bat da. 'Hona heldu bezain pronto Euskal Etxera joan nintzen eta 1998az geroztik bileratan, afarietan, jaietan... parte hartu dut', gogoratzen du. 'Bertan ezagutu nuen emaztea, Alisa Villalba, aita euskaldunaren alaba eta Estatu Batuetan jaioa'. Alisak ez zuen gaztetan euskara ikasi, baina Zubiagak ahalegin berezia egiten du semeari hizkuntza irakasten. 'Gainera nire emaztearen ahizpa, donostiar batekin ezkondua dago eta semeak eta nik beti euskaraz egiten dugu koinatuarekin eta ilobekin'.
![]() |
New Yorken ezarritako artista euskaldun honek euskararekin duen harreman estua bere haurtzarotik dator, familiak Bilbo utzi eta Laukinizera bizitzera joan zen garaitik. Edota izkutuko ikastoletan ikasten zueneko garaitik beharbada. 'Ikastolako lehen urtean 'Patxi' [Franco diktadorea] oraindik bizirik zegoen. Gurasoek goizero kafetegi batera eramaten ninduten, han tabernaren bestaldean tranpa-ohol bat zegoen eta handik behera eskilara batzuk jaitsi eta klasea ematen genuen gelara heltzen ginen. 20 bat ikasle ginen, hiru maila, guztira', gogoratzen du. 'Hain txikia izanik ez nintzen konturatzen, baina orain hobeto ulertzen dut gurasoek nik euskaraz ikasi ahal izateko hartu zuten arriskua'.
![]() |
Lotura interesgarriak
Guillermo Zubiagaren webgunea
www.guillermozubiaga.com
Guillermo Zubiagari elkarrizketa (ingelesez)
www.buber.net
New Yorkeko Eusko Etxea
www.newyorkbasqueclub.com
Marvel Comics
www.marvel.com







