euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

GU Elkartea sortu berri dute Polonian, Euskal Herriarekiko kultur harremanak sustatu eta areagotzeko

2012/09/24

Poloniako GU Elkartearen logoa
Poloniako GU Elkartearen logoa

PUBLIZITATEA

Euskaltzale talde batek elkarte berria sortu du Polonian, herrialde honen eta Euskal Herriaren arteko hartu-emanak laguntzeko asmoz. Polonian Euskal Herriarekiko eta euskal kulturarekiko interes handia dagoela diote, eta gauzak egiteko gogoa ere bai, baina horiek bideratzeko elkarte ezagatik ezerean gelditu izan direla sarri. Arazoari irtenbidea emateko, GU Elkartea sortu dute eta bertan parte hartu nahi duen orori euren Facebook-eko orriaren bidez harremanetan jartzeko gonbitea luzatzen diete.

Varsovia, Polonia. Polonian euskaldun bila ari da GU Elkartea, Euskal Herriaren eta herrialde honen artean zubiak eraikitzeko. Taldea sortu duten lagunek Polonian euskal gaiekiko interesa badagoela diote, "eta horren adibide dira, adibidez, Varsoviako eta Poznango unibertsitateetako bi Euskara lektoretzak", azaltzen dute. "Poznaneko lektorea GU Elkartean sartuta dago bete-betean eta Varsoviakoarekin harremanetan gaude baita ere", adierazi diote EuskalKultura.com-i. "Azken urteetan ugaldu egin dira Euskal Herria eta Poloniaren arteko harreman kulturalak eta nabaritzen dugu gehiagorako gogoak badaudela, baina elkarterik ezean gogo hutsean gelditzen dira maiz. Horregatik sortu dugu elkartea, gogo eta ideia horiei bide emateko".

Bazkide bila ari da orain GU elkartea, baina ez omen da lan erraza. "Euskaldun gehienak denboraldi motz baterako bakarrik datoz, bai lana dela medio, bai ikasketengatik (Erasmus bekarekin, adibidez). Badira bertara ezkondu diren batzuk ere, bainan ez dakigu nola iritsi hemendik barrena dabilen gainerako euskaldunengana", diote.

Elkarteak Facebooken orri bat sortu du eta bertan elkartearen ekintzen berri ematen dute. "Batu nahi duenak gure Facebook orrira jo dezake, bertan ematen baitugu gure ekintzen berri, edo posta elektroniko honetara idatzi. Lagundu nahi duen oro hartuko dugu gogo onez! Erran gabe doa Euskal Herrian bizi diren poloniarrak (edo Euskal Herrian interesa dutenek) ere gurera batzea nahi dugula".

Egoera horretan bazaude zu zeu edo zure inguruko inor, pasa iezaiozu informazioa!

-GU Elkartea, Facebook-en, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia