euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

GU elkarte euskal-poloniarrak euskal eta poloniar irudien argazki lehiaketa bat antolatu du

2012/10/02

Polonian muntatzen ari den GU euskal-poloniar elkartearen logoa.
Polonian muntatzen ari den GU euskal-poloniar elkartearen logoa.

PUBLIZITATEA

Sortu berria baina pauso tinkoz hazi eta sendotzeko bokazioz ekin dio ibiltzeari Polonian jaio berria den GU elkarte euskal poloniarrak. Abiatu ere, argazki lehiaketa baterako deia zabalduz abiatu da, hauxe baita jendaurrean plazaratzen duten lehendabiziko proposamena. Parte hartu nahi duen orori dago zabalik eta argazkitu beharreko gaia "Erakutsi ezazu Polonia edo Euskal Herriko hoberena, ezezagunena, bertakoena" leloarekin adierazi dute. Animatu zaitez, irakurle, eta hedatu deialdiren berri. Euskal Herrikoa edo Poloniakoa bazara, argazki berri esanguratsuren bat egin eta bidal dezakezu. Diasporako beste lekuren batetik irakurten baduzu, baliteke inoiz Euskal Herrian egindako argazki dotoren bat egokia izatea lehiaketarako. Ahal duzula, ez utzi eta parte hartu. Lanak aurkezteko epea urriaren 30a da.

Varsovia, Polonia. Plazaratu berria du GU elkarte euskal-poloniarrak bere lehenengo ekitaldi publikoa den argazki-lehiaketa hau, "Herri (ez)ezaguna" izenburuarekin bataiatuta. Hona lehiaketaren oinarri eta jakingarriak:

PARTAIDEAK
Edozeinek parte hartu dezake, beti ere argazkilari profesionala edo lehiaketaren antolatzailea ez bada eta oinarri hauek onartu eta betetzen baditu. Lehiaketan bi kategoria egonen dira: batetik, Euskal Herriko argazkiak eta, bestetik, Poloniakoak.

GAIA
Erakutsi ezazu Polonia edo Euskal Herriko hoberena, ezezagunena, bertakoena.

LAN KOPURUA ETA AURKEZPENA
Partaide bakoitzak berak egindako hiru argazki aurkeztu ditzake gehienez ere. Argazki hauek originalak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketetara aurkeztu gabeak izango dira.

Argazkiak Polonian edo Euskal Herrian eginak izan beharko dute, kolorean edo txuribeltzean egon daitezke eta horizontalean bakarrik.

Formatu digitalean aurkeztuko dira lanak, JPG eran, ahal bezain erresoluzio handienean (gutxienez 5MB) eta ahalik eta erretoke gutxienekin. Argazkiak oso erretokatuak badaude elkartekideen iritziaren arabera kanporatuak izango dira.

LANAK AURKEZTEKO MODUA ETA EPEA
Lanak posta elektronikoz bidali beharko dira helbide honetara: gu.informazioa@gmail.com. Argazki bakoitzeko mezu bat bidaliko da. Mezuaren gaia “Argazki lehiaketa” izanen da. Argazkiarekin batera ondorengo informazioa eman beharko du bidaltzaileak:

- Lanaren izenburua
- Deskribapen txiki bat (gutxienez, lekua eta data)
- Egilearen izena, adina, jaioterria eta kontakturako informazioa (telefonoa eta emaila).

Lanak aurkezteko epea 2012ko urriaren 1etik 30era luzatuko da.

AUKERAKETA
Jasotako lanak GU Elkartearen Facebook orrian argitaratuko dira azaroaren 1ean. Azaroaren 1etik 10era bitarteko epea bozketa garaia izanen da. Erabiltzaileek gustukoen dituzten argazkietan “atsegin dut” sakatuko dute eta azaroaren 10ean atsegin gehien dituzten argazkiak izanen dira irabazle. Guztira, Euskal Herriko 6 argazki eta Poloniako beste 6 argazki aukeratuko dira.

SARIAK
Aukeratutako lanak ikusgai egonen dira GU Elkarteak antolatutako argazki erakusketan. Horrez gain, GU Elkarteak 2013 urteko egutegi bat editatuko du argazki irabazleekin.

Garaileen izenak GU Elkartearen Facebook orriaz gain komunikabideetan ere zabalduko dira.

ERANTZUNKIZUN / ESKUBIDEAK
Antolakuntzak, oinarri hauetan agertzen ez diren eta sor daitezkeen ezustekoen aurrean, nahi duen moduan erabakitzeko eskubide osoa dauka. Antolakuntzak aurkeztutako lanak segurtasun osoz zaintzeko konpromezua hartzen du, baina ez da arduradun egingo edozein istripuren aurrean lanak kaltetzen badira. Antolatzaileek argazki guztiak gordeko dituzte, eta eurak erabiltzeko eskubidea izango dute, beti ere egilearen izena emanez.

ZALANTZAK ETA LAGUNTZA
Lehiaketaren garapenari buruzko ohar guztien berri GU Elkartearen facebook orrian emanen da, hemen

-Edozein zalantza argitu nahi izanez gero, e-mail bidez idatzi helbide honetara: gu.informazioa@gmail.com.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia