euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gernika aldizkari digital errusiarrak Kirmen Uriberen 'Sekretua' narrazioa dakar elebitan: euskaraz eta errusieraz

2008/12/31

Kirmen Uribe idazlea
Kirmen Uribe idazlea

PUBLIZITATEA

'Gernika' aldizkaria euskal hizkuntza eta kulturari buruzko komunikabide digitala da eta aurten eman ditu lehen pausuak. Hasiera guztiak zailak dira baina 'Gernika'-k bederatzigarren alea kalean du jada, abenduari dagokiona hain zuzen ere. Urteko azken ale honetanen 'Gernika'-ko lantaldeak besteak beste Kirmen Uribe idazle ondarroarraren testu bat dakarkigu --'Sekretua'-- euskaraz eta errusieraz. Horrezaz gain Bilboko Arte Ederretako Museoari buruzko informazioa edo 'txirlak marinel erara' errezeta ere badakar. Aldizkaria sustatzen duen taldeak Gabriel Aresti, Harkaitz Cano edo Uribe bera bezalako idazleen testuen liburu bat, elebitan, Errusian argitaratzeko asmoa du datorren urterako.

Mosku, Errusia. 'Gernika' aldizkari errusiarrak Kirmen Uribe idazle ondarroarraren narrazio bat aurkezten du bere azken alean. Testua Visor argitaletxeak gazteleraz plazaratu zuen bere poemen liburu baterako hitzaurre bezala idatzi zuen Uribek, gazteleraz idatzi ere. Orain 'Gernika' aldizkariko lantaldeak euskaraz eta errusieraz dakarkigu testua. Ez da hau izango Uribek errusieraz aurkitzen duen bere testu bakarra, taldearen asmoak aurrera baldin badoaz: datorren urterako Gabriel Aresti, Harkaitz Cano edo Uribe bera bezalako euskal idazleen testuek osaturiko liburu bat argitaratu nahi dute Errusian, errusieraz eta euskaraz hau ere.

'Gernika' aldizkaria San Petersburgo eta Mosku artean idatzi eta kudeatzen du Euskal Herriko eta Errusiako euskaltzale talde batek: Roberto Serrano euskal hizkuntzalaria, Roman Ignatieff etnografoa, Alexander Arkhipov hizkuntzalaria eta Alexander Grenkov webgune diseinatzailea. Euren helburua euskal kultura errusian ezagutzera ematea da. Horretarako, aldizkaria eta aipatu liburuaren argitalpenaz gain datorren udaberrian Moskun Euskal Aste bat egiteko asmoa agertu dute.

'Gernika' aldizkariaren azken alea --eta aurrekoak-- irakurtzeko jo hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia