Hemen zaude: Hasiera Albisteak 'Frontball' modalitateak EHko eta beste 7 naziotako pilotariak bilduko ditu larunbatean New Yorken

'Frontball' modalitateak EHko eta beste 7 naziotako pilotariak bilduko ditu larunbatean New Yorken

2009/06/03

Larunbatean Frontball txapelketa izango da egun osoan New Yorkeko Central Parken. Lehian izango dira Estatu Batuak, Kuba, Costa Rica, Dominikar Errepublika, El Salvador, Frantzia eta Euskal Herriko pilotariak. Joko honek euskal pilota eta pilota irlandarra uztartzen ditu eta horma bakarrean jolasten da fronteniseko pilotarekin. Partidak 10 tantora dira eta 15 minutuko iraupena izan ohi dute. Euskal Herriko ordezkariak Iker Etxabarri eta Aitor Arauzkin bizkaitarrak izango dira. Hainbaten esanetan, ordea, Waltary kubatarrak dauzka txapela bereganatzeko aukerarik gehien.

New York, AEB. Kepa Arroitajauregi Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako ordezkariaren hitzetan maila handiko lehia espero da larunbateko partidetan. 2003 eta 2006an izandako txapelketetan euskal pilotariak ondo moldatu ziren aurkari trebeak izanda ere. Bi kasutan postu onak lortu zituzten eta asmo berarekin doaz oraingoan ere New Yorkeko txapelketara Iker Etxabarri eta Aitor Erauzkin pilotari bizkaitarrak. Arroitajauregiren ustetan, ordea, Waltary pilotari kubatarrak du txapelketa irabazteko aukera gehien Angelun duela sei hilabete erakutsitako trebetasuna eta joko bikainaren ondoren.

Frontballak euskal pilota eta pilota irlandarra uztartzen dituen jokoa da. Horma bakarrean jokatzen da 'One Wall' 11 x 7 metroko kantxan eta normalean fronteniseko pilota erabiltzen da. Larunbateko txapelketan ordea, Euskal Pilota Federakuntzak proposatutako bi aldaketa gauzatuko dira lehenengo aldiz. Batetik, hormak txapa izango du pilotariek erreferentzia modura izan dezaten eta, bestetik, larruzko pilota erabiliko da. Hain zuzen ere, txapelketa eta joko honetarako bereziki diseinatutako larruzko pilota, oso arina eta bote handikoa. Neurketa motzak izango dira 15 minutukoak eta 10 tantora.

Arroitajauregik azaltzen duenez, Federakuntzak proposatutako aldaketak Angelun frogatu ziren eta pilotari guztien oniritzia izan zuten. New Yorkeko Frontball Protour txapelketako antolatzaileak EPB Frantziako enpresa eta Wold Handball Council erakundea dira. Jokoa herrialde askotara zabaltzen ari da eta lan horretan jarraitzeko helburuarekin dator larunbateko ikuskizuna. Goizean ligaxka jokatuko da eta arratsaldean berriz, finalak izango dira ikusgai.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita