Hemen zaude: Hasiera Albisteak Abian da Euskal Film Laburren 2011ko 'Laburbira'; Londresko Euskal Etxean bukatuko da apirilaren 16an

Abian da Euskal Film Laburren 2011ko 'Laburbira'; Londresko Euskal Etxean bukatuko da apirilaren 16an

2011/03/16

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak euskarazko zinemagintza lagundu eta sustatzeko helburuarekin Laburbira Film Laburren Zirkuitoaren zortzigarren edizioa abiarazi du. Zirkuitu honen bidez euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ikusgai izango da Euskal Herriko hainbat plazatan, eta baita Diasporan ere. Izan ere, Londresko Euskal Etxeak antolatu duen emanaldiarekin itxiko da zirkuitua datorren apirilaren 16ean. Topaguneak munduko gainerako euskal etxeei ere film hauen emanaldiak antolatzeko gonbitea luzatzen die.

Donostia-San Sebastian. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak sustatzen duen Laburbira Film Laburren Zirkuitoa abian da jadanik eta datozen asteetan Euskal Herrian herriz-herri ibiliko da euskarazko laburmetraien produkzioa ikusleengana eramaten. Bederatzi ikus-entzunezkok osatzen dute atzo Bergaran lehendabizikoz ikusgai ipini zen programa. Guztira 27 emanaldi egingo dira: beste 25 Euskal Herrian eta azkena Londresen, London Basque Society euskal elkarteak antolatutako ekitaldian. 

Aurtengo edizioan Asier Altuna eta Angel Aldarondo bezalako zuzendari ezagunen lanak ikusi ahal izango dira, baina baita oraindik hain ezagunak ez diren Kepa Errasti, Jon Artola, Saio Aizpurua "Txintetilla", Aitor Artola, Irune Gurtubai eta Ibai Vigil-Escalerarenak ere. Zirkuituaren emanaldi guztietan zuzendarietako batzuk izango dira eta ikusleekin solasaldiak egingo dituzte.

Film labur hauekin batera Laburbiran 2010eko udazkenean Ermuan egin zen Kameratoian sortutako lanetako batzuk ere erakutsiko dira. Kameratoia ikus-entzunezko Rallya da eta bertan gazteek lau eguneko epea izan zuten 5 eta 10 minutu bitarteko film laburrak egiteko.

Emanaldien egitaraua eta filmeen sinopsiak, hemen.

Diasporari gonbitea

EuskalKultura.com-ekin solasean, Topaguneko Kultur Saileko Manuel Morenok Laburbiran parte hartzeko gonbitea luzatu die Diasporako euskal etxeei, Londresko elkarteak egin bezala. "Aurreko edizioetan izan dira zirkuitoan parte hartu duten euskal etxeak: Londres bera, Paris, Erroma, Bartzelona...", azaldu du Morenok. "Baina aurten Aste Santua tartean egonik zailagoa izan da ezer antolatzea".

Aurtengo zirkuitoa itxi da jada, baina hala ere Morenok ate bat zabalik utzi du zirkuitoa bukatu ostean emanaldiren bat antolatu nahi duten Diasporako elkarteentzat. Beste aukera bat, datorren urteko zirkuitoa antolatzen hasten direnean, aurtengo azaroan alegia, Topagunearekin harremanetan jartzea litzateke.

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita