Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez egingo den filme batean parte hartu nahi? Bat egin 'Ainara'-rekin
Jean Darrigol zuzendari lapurtarra eta euskal zinemazale talde batek abian jarri du 'Ainara' filmea sustatzeko ekimena. Lau hizkuntza bilduko dituen luzemetraia honek AEBetan hazitako neska gazte baten istorioa eta etxera bueltan Iparralden bizi duen maitasuna azalduko ditu. Oihana Maritorena, Tomas Arana aktore euskal-amerikarra eta Nicolas Cazalé frantziarra izango ditu protagonista. Ekimena zuzentzen duen taldeak Euskal Herriko eta Diasporako euskaldunak bildu nahi ditu proiektura eta bertan parte hartzeko zazpi bide desberdin proposatu ditu. Jarraian azaltzen dizugu nola parte har dezakezun euskal filme independente honetan.
Donostia-San Sebastian. Euska Herriko zinemagile, artista, musikari eta zinemazale talde bat ari da sustatzen 'Ainara' filmea. Iparraldean du sustraia luzemetraiaren istorioak, baina bere adarrak Euskal Herrian eta Diasporan zehar zabaltzen dira. Izenburuko 'Ainara' AEBetan aitarekin hazi den neska baxenafartarra da. Herentzian jaso du Iparraldeko familiaren etxea eta bertara bueltatzean, etxean izkutatuta aurkitzen du Aitor izeneko gizon misteriotsu bat. Maitasun istorioa labur baina indartsua izango dute Ainarak eta Aitorrek, eta filmean, horren berri jasoko dugu inguruetan inspirazio bila dabilen Ugo marrazkilariari kontatzen dizkioten pasarte eta istorioen bidez.
Jean Darrigol da filmearen zuzendaria eta gidoilaria, eta momentuz, parte hartzeko interesa agertu dute Oihana Maritorena (Ainara) aktore euskaldunak; Tomas Arana (Aitor) aktore euskal-amerikarrak ('Gladiator', 'L.A. Confidential'); eta Nicolas Cazalé (Ugo) frantziarrak ('Caótica Ana').
Zuk ere parte har dezakezu
Luzemetraiaren aurrekontua milioi bat eurokoa da eta arduradunek proiektuan %30arekin parte hartu nahi euskal produktore baten hitza dute jada. Ekimena babesten duten erakundeen artean Euskal Kultur Erakundea, Eusko Ikaskuntza, Baionako Euskal Museoa, Euskal Euro-Hiria eta Zortzi Probintziak elkartea daude.
Orain, arduradunek Diasporako zein Euskal Herriko zinemazaleak bildu nahi dituzte ekimenera. Horretarako webgune honetan ekimenaren berri zabaltzen ari dira, eta parte hartzeko zazpi bide proposatzen dituzte:
-Urrezko liburuan sinatuz
-Webgunea euskarara, gaztelaniara eta ingelesera itzultzen lagunduz
-Filmearen iragarki eta afitxeetarako diseinua proposatuz
-Finantziazioa biltzeko dohaintzak eskertzeko ideiak emanez: ordain artistikoa (errodajeko setera bisita, izena kreditoetan, extra bezala parte hartzea...), turistikoa (Euskal Herria ezagutzeko bidaiak) edo profesionala (enpresa logoak iragarki eta hedapen materialetan, product placement-a)
-Grabaketarako lokalizazioak proposatuz.
-Extra bezala arituz
-Ekimena zabalduz lagun, senitarteko eta lankideen artean
-Inbertsore edo ko-produktore bezala parte hartuz (eta filmeak ematen dituen irabazietan ere parte hartuz)
Ainarak Amerikatik
Jean Darrigol zuzendaria eta gidoilairiaren amaren familia baxenafartarra da, Aldude bailarakoa. Bertan dirau familiaren etxeak, Harritxiloak, eta bertan igarotako haurtzaroak eta etxeak berak isla dute filmean. "Hamaika anai-arreba ziren eta zenbait Ameriketara joan ziren artzain, inguruko seme-alaba askok bezala. Gehienak itzuli egin ziren, baina bat, Mixel (Michael han) Muchico, Kalifornian gelditu eta bertan hil zen, 70. hamarkada hasieran", azaldu dio Darrigolek EuskalKultura.com-i. "Urte batzuk beranduago, ni neu Kalifornian bizi nintzela, bere hilobia aurkitu nuen, kostata, Fresnon. Familiako inork bisitatzen zuen lehen aldia zen".
AEBetan bizi izan zen urte horietan Darrigolek Tomas Arana aktorea ezagutu zuen Los Angelesen. "Gogoan dut ere Joshua Tree desertuan galdu eta euri zaparrada izugarri baten erdian lagundu zidan Ranger indiarra. Artzain euskaldunak bere erreserban ikusi zituen lehen kanpotarrak izan zirela esan zidan", gehitu du. "Bazen han zer edo zer mugarik gabea eta askea... eta horixe bera du Ainarak ere. John Houston-en 'The Misfits' filmeko protagonisten alaba izan zitekeela pentsatzea gustukoa dut. Bera beste leku batekoa da, ainarak (txoriak) bezala, eta bere jatorriari buruz amesten duenean ederragoa eta biziagoa amesten du. Diasporaren amets horren eta errealitatearen arteko talka filmearen gaietako bat da".
-"Ainara" filmearen webgunea, hemen

Euskarazko pelikula
AINARA
ainara filmea
AINARA film-an parte hartzeko
pelikula
ainara filmea
aktoreak
HEMEN klikatu proiektuaz informazio gehiago lortzeko
HEMEN klikatu “Livre d'Or” babes-liburua sinatzeko
Helaraz iezaiezu mezu hau zure hurbilekoei, parte hartu ahal izan dezaten eta beraien hurbilekoei helaraz diezaieten.
Ainaran parte hartzea
errodajeko ekipo teknikoan parte hartu nahi
AINARA
Extrak
Ainara-rako aurrikusten den egutegia
EXTRA LANAK.
Kororentzat
"AINARA" HERRI URRATSEN