euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskara Errioxan' izenburuaz hitzaldi sorta hasiko astelehenean Logroñon, Laminiturri elkarteak antolatua

2010/04/16

Jardunaldia iragartzen duen afixa.
Jardunaldia iragartzen duen afixa.

PUBLIZITATEA

Laminiturri du izena Logroñon, bertako biztanleek euskara eta euskal kultura eta, zehatzago, eskualde honek aberatsa duen iragan euskalduna hobekiago ezagutu eta hurbilago senti dezaten lan egiten duen kultur elkarteak. Izan ere, helburu horretan urrats berri bat emanez, euskal etxetzat onartua dagoen Laminiturrik hitzaldi sorta antolatu du datorren asterako, astelehenean bertan hasita, 'Euskara Errioxan' izenburupean, zenbait aditu lagun.

Logroño, Espainia. Logroñoko bizilagunek, eta Errioxakoak oro har, aukera polita izango dute datorren astean, astelehenetik ostegunera, bi egunak barne, aipatu hirian garatuko diren hitzaldiak medio Errioxaren iragan euskalduneko berri eskuratzeko, lau egunetan zehar beste hainbeste aditu mintzatuko baitira, bakoitza ikuspuntu batetik, 'Euskara Errioxan' titulu orokorrari erantzunez.

Astelehenean, apirilaren 19an, jardunaldiak zabalduz, Joaquin Gorrochategui mintzatuko da, Indoeuropar Hizkuntzalaritza Katedraduna bera, eta aldi berean Euskal Herriko Unibertsitateko Antzinako Zientzien Institutuko zuzendaria. Asteartean, apirilaren 20an, Kantabriako Unibertsitateko Zientzia Historikoen Saileko Aitzineko Historiako irakasle titularra den Jose Luis Ramirez Sadabak jasoko dio lekukoa.

Asteazkenean, apirilaren 21ean, Eduardo Aznar Martinezi heldu zaio txanda, berau Antropologia Sozial eta Kulturalean lizentzuatua, eta baita Geografia eta Historian ere. Azkenik, ostegunean, apirilaren 22an, hitzaldi-sorta Oxford-eko Unibertsitatean Historian lizentziatua den David Petersonek itxiko du.

Hitzaldiak astelehenetik osteguna bitartean, arratsaldeko zazpi t'erdietan , izango dira, Elkarteen Etxeko Konbentzio Aretoan, Paseo Francisco Sáenz Pres 1-3, Logroñon, Laminiturri Euskal Kultur elkartea antolatzaile.

-Laminiturriren webgunea: http://www.laminiturri.org.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia