Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskaldunen Kuba (II): zenbait aztarnek euren presentzia historiko txiki baina garrantzitsuaz oharrarazten dute

Euskaldunen Kuba (II): zenbait aztarnek euren presentzia historiko txiki baina garrantzitsuaz oharrarazten dute

2008/04/04

Militar, funtzionario kolonial, elizgizon, pilotu, marinel, kortsario, pirata edota merkatari modura agertu dira Kuban egondako euskaldunak. 'Konkista garaiarekin batera hasi ziren euskal herritarrak Kubara iristen. Ez dute inoiz presentzia handirik izan, baina utzitako arrastoen atzean gutxi ezagutzen den historia bat dago. Euskal Diaspora suspertu nahian dabil'. Josemi Arrugaetarena da Kubako euskal arrastoei buruzko bigarren erreportaje hau, joan den igandean Berria-ko Igandea gehigarriak plazaratua.

Josemi Arrugaeta/Habana, Kuba. Kristobal Kolon lagunduz heldu ziren euskal herritarrak Amerikara. Antilletako irla gehienak izan ziren zenbait mendez gure arbasoentzako babes eta itxaropen lurralde, baina Kuba komunikaziorako gune estrategiko bat besterik ez zen izan XVI, XVII eta XVIII. mendeetan. Horregatik, ez zen euskal herritar asko kokatu irla horretan.

Hiru mende horietako Kubako historian, militar, funtzionario kolonial, elizgizon, pilotu eta itsasgizon zaildu modura agertuko zaizkigu; baita kortsario eta pirata lanak egiten ere, Jaques el Olones, besteak beste. Merkataritzaren esparruan ere nabarmendu ziren hainbat euskal herritar; Arostegik sortu zuen 1740. urtean Real Compañía de Comercio de la Habana, Caracasko (Venezuela) Real Compañía Guipuzcoanaren parekoa izan zena.

XVIII. mendetik XIX. mendera igarotzean, aldaketa ekonomiko, politiko eta sozial garrantzitsuak gertatu ziren, eta eragin handia izan zuten Kuban: munduko landa kolonia garrantzitsuenetakoa bihurtu zuten. Ilustrazioa Kubara iritsi zenean, erabakigarria izan zen bi euskal herritarren egitekoa: De Las Casas Arangorri kapitainarena eta Espada Landa La Habanako gotzainarena. Lehenengoa merkataritza garapenaren bultzatzailea izan zen, eta Real Sociedad de Amigos del País erakundearen sortzailea Kuban; bigarrenak, Arabatik etorritako apaizak, arrakasta handia izan zuen, eta egun oraindik maitasunez gogoratzen dute kubatarrek, hezkuntza modernizatzen lagundu zuelako eta lan sozialak eta hangoen ohiturak bultzatu zituelako (Armen Plazako kiosko txikia haren pentsamendu liberalaren erakusgarri da). Gotzain horren lanak zientzialari, pentsalari eta idazle belaunaldi bat prestatzen lagundu zuen; haiek lagundu zuten Kubako nazioari forma eta edukia ematen.

Esklabotzaren aldekoak

Prozesu horren beste aldea Kuba kapitalismo modernoaren sisteman sartzea izan zen. Nekazaritza ustiaketa handiko kolonia bihurtu zen, esklaboen esplotazioan oinarrituta, eta zenbait euskal herritarrek parte-hartze handia izan zuten esklaboen trafikoan. Haitiko iraultzatik ihesi etorri ziren frantsesek sartu zuten Kuban kafea. Frantses horietako asko bretainiarrak eta euskal herritarrak ziren. Ipar Euskal Herritik etorritakoak ziren asko, ikasketarik gabekoak. 1800. urtetik aurrera kokatu ziren Sierra del Rosarion, eta 1820. urtearen inguruan Hego Euskal Herritik etorritakoak hasi ziren kafe sail horietako asko erosten. Hala, kafe gune handi bat sortu zuten Kubako mendi ingune horretan guztian. Soroa anaiena izan zen ezagunena. Gainera, merkataritza harreman estua izan zen kafe ekoizle horien eta Euskal Herriko portuen artean.

Dena den, merkataritza handian nabarmendu ziren gehien ––azukrearen produkzioan eta esklaboen trafikoan, adibidez––, eta benetako inperio ekonomikoa osatu zuten horietako euskal herritar batzuek. Kubako historian ezin dira aipatu gabe utzi Zulueta arabarra, Calvo bizkaitarra eta Apeiztegia nafarra. Egin zituzten negozio handiak eta lortu zuten aberastasuna harreman politiko kolonialen, esklaboen esplotazioaren eta pertsona beltzen legez kanpoko trafikoaren (Pio Barojaren eleberri batzuetan azaltzen da) ondorio izan zen; baina baita populazioaren hazkundearen, komunikazioen zabalkundearen eta inbertsioen ondorio ere. Euskal oligarkiak Kuban lortu zuen botere ekonomiko eta sozialaren adierazle dira Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko azukre findegiak.

Independentzia borroka

Kubara etorri ziren euskal herritar guztiek ez zuten lortu ahalmen ekonomiko eta sozial ona; Iberiako Penintsulakoak izateko pribilegioa zuten denek, eta beren artean bazuten harremana eta komunitate batekoak izateko sentimendua. Independentziaren aldeko borrokak sortu zirenean, Espainiaren mendeko izaten jarraituko zuen Kubaren alde agertu ziren gehienak. Hala adierazten dute Habanan argitaratzen zen Laurac-Bat astekariko edukiek. Jarrera horren isla dira Espainiaren alde borrokatzeko aurkeztu ziren boluntarioak ere. Merkataritzan nabarmendu ziren euskal herritarrek egin zuten sutsuen Espainiaren alde.

Baina, hala ere, izan zen independentziaren aldeko borrokan parte hartu zuen euskal herritarrik edo haien ondorengorik. Jose Martik bere egunerokoan idatzi zuenez, Armada Askatzailearen lehen kanpamenduan asturiar bat eta «bizkaitar» bat topatu zituen, eta Cienfuegosen, indar independentistako kide Felipe Egonzan «bizkaitarra» atxilotu zuten, 1897an.

Euskal elkarteak

1902an, independentzia lortu bitartean, eraldaketa eta gatazka asko izan ziren Kuban, baina euskal komunitateak elkarrekin irautea eta hartu-emanei eustea lortu zuen XIX. mendearen erdi aldeetik 1959. urtera arte. 1877an, Sociedad de Beneficencia Vasco-Navarra eratu zuten, elkarri laguntzeko tresna gisara; Euskera elkartea XX. mendeko lehen hamarkadan eratu zen, eta Laurac-Bat astekaria Habanan argitaratu zen, XX. menderen erdira arte.

[Cubako Laurac Bat astekariaren orrialde bat (argazkia Rakel Agirre)]

Baina eratu ziren elkarteetatik harago joan zen euskal herritarren presentzia eta parte-hartzea. Habanakoa izan zen XX. mendearen lehen zatian munduko pilotaleku garrantzitsuenetakoa: Palacio de los Grifros. Eraikina zutik dago oraindik Habana erdigunean. Euskal apaiz eta fraideak legioan izan ziren batzuetan, eta hainbat eraikin bultzatu zituzten.

Ipar Euskal Herritik etorritakoek ere presentzia aktiboa izan zuten Kubako ekialdean XIX. mendearen amaieratik 1950eko hamarkada arte. Hazparne inguruko makina bat larru-ontzaile eta zapatari iritsi zen, duela gutxi Beñat Zuburu-Ithorotz ikerlariak agerian utzi zuen bezala.

Exiliatuak Kuban

1936ko Espainiako gerrak euskal exiliatu asko ekarri zituen Kubara. Horietako asko kontinentera zihoazen, baina Kuba igaroleku bihurtu zen. Ihesi zetozen euskal herritarrak abertzaleak ziren, eta sentimen nazionalista eskaseko eta egoera ekonomiko oneko emigrante komunitatearekin egin zuten talka. Kuba ez zen salbuespena izan, eta etorri berri zirenek harreman zailak izan zituzten aurrez Kuban kokatuta zeuden herrikideekin. Vicente Lejarzegik 1941eko azaroan EAJko buruzagi bati idatzi zion gutunak ongi islatu du egoera: «Euskal herritarrek ez dugu harrera batere ona izan Kuban; salbuespenak badira, baina hemengo euskal herritar bat topatzen duzunean, ia seguru berekoiena edoeta eskuzabalena izango dela. Bi hilabete egingo bazenitu hemen, ongi ulertuko zenuke. Esan behar da, hala ere, haiek galdu dituzten bertuteak ikusten dituztela gugan».

Euskal herritarren arteko harreman horiek oso onak izan ez baziren ere, Agirre lehendakariak bi bidaia politiko arrakastatsu egin zituen Kubara: bata 1942. urtean, eta bestea 50eko hamarkadako hasieran. Azkenean, belaunaldi eta pentsamolde aldaketa ez zen gauzatu Kubako euskal herritarren artean; izan ere, Kubako barne egoera nahasiak iraultzaren garaipena ekarri zuen 1959. urtean.

[Euskal ikurrak. Lauburua Belengo komentuko horma nagusian, Habana zaharrean (argazkia Rakel Agirre]

Berpiztea

1959. urteko otsailean, Fidel Castrorekin biltzeari uko egin zion Jose Antonio Agirre lehendakariak Habanara egin zuen bidaia labur batean. Hala egitera aholkatu zuten gerratik ihesi irlan ziren alderdi jeltzaleko kideek. Iraultzaren garaipenak euskal herritarrek Kubara emigratzeari uztea eta han kokatuta zeudenetako asko itzultzea ekarri zuen. Horren ondorioz, euskal herritarrak biltzen zituen erakundea krisian sartu zen, ez zuen erreleborik ez jarraipenik aurkitu.

1980ko hamarkadaren ondotik, euskal presentzia nolabait berpiztu zuten hainbat gertaera izan ziren, Euskal Herriarekin lotura zuzenagoa zutenak: euskal errefuxiatu talde bat osatu zen Kuban; 30 euskal enpresa inguruk bulegoak zabaldu zituzten; kubatarrak eta euskal herritarrak elkarren artean ezkontzen hasi ziren; eta lankidetza eta elkartasun proiektuak garatu zituzten. Horiei esker, Euskal Herritik etorritako eta Kuban kokatutako ehunen bat pertsonak indartu dute eukal-kubatar komunitatea.

Horrekin batera, euskal herritarrak biltzen dituen elkartea berritzen ari da. Etorri berriak bereganatzeko eta euskal herritarren ondorengo kubatarren integrazioa lortzeko ahaleginetan dabil, garai batean ia galdu zuten nortasuna berreskuratu nahian. Emaitzak apalak dira oraindik, Habanako euskal etxea ametsa da oraindik, baina egiten diren urratsek erakusten dute posible dela euskal presentzia zahar eta aktiboak beste bide bat hartzea Kuban. Joan den igandean ospatutako Aberri Eguna --lau urtez egin da jarraian-- horren adierazleetako bat izan daiteke.

ENTRESAKAK

'Kafe eta azukre produkzioan eta esklaboen trafikoan nabarmendu ziren euskal herritar asko'

'XX. mendearen lehen zatian, Habanakoa izan zen munduko pilotaleku garrantzitsuenetako bat'

'1980tik aurrera, euskal presentzia berpiztu duten hainbat gertaera izan dira'


(2008-03-30ean Berria-ko 'Igandea' gehigarrian argitara emana)


Lotura interesgarriak

Hendaiako Gaztelu Zahar abesbatzaren emanaldia Habanan
2007ko abuztuaren 28an EuskalKultura.com-en argitara emana

Fermin Muguruzak, besteak beste, Habanan eskainiko du kontzertua
2007ko martxoaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana
Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Euskaldunen Kuba (II): zenbait aztarnek euren presentzia historiko txiki baina garrantzitsuaz oharrarazten dute

Hilerria. Habanako leku ikusgarrian dagoen Laurac-Bat panteoiaren plaka, Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia jabe (argazkia Rakel Agirre-Berria)

E-postaz harpidetu albisteetara

bisita