Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskaldunak San Frantziskon: Kirmen Uribek hitzaldia eman zuen Stanforden eta BCC-ek Gernika gogoratu zuen

Euskaldunak San Frantziskon: Kirmen Uribek hitzaldia eman zuen Stanforden eta BCC-ek Gernika gogoratu zuen

2012/04/30

Kaliforniatik idazten digu Stanford Unibertsitateko Euskara irakurle Iñaki Lopez de Luzuriagak, San Frantziskoko azken euskal ekitaldien berri emateko. Batetik, apirilaren 20ean bideo emanaldia egin zen Basque Cultural Center elkartean, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta. Bestetik, Kirmen Uribe idazle ondarroarrak hitzaldia eman zuen apirilaren 24ean Stanford University-n eta, "Bilbao-New York-Bilbao" eleberria aurkezteaz gain, era bikainean azaldu zuen Gernikan 1937an gertatu zena, bere familiaren istoriarekin uztartuz.

San Frantzisko, AEB. Arreta handia piztu zuen iragan ostiralean San Frantziskoko Basque Cultural Center-en The Bombing of Gernika dokumentalaren emanaldia. Aretoa jendez bete zen eta bertaratutakoen artean bazegoen 1937an erbestera jo behar izan zuenik eta haien seme-alabarik. Dokumental bikainaren aurretik, Daisy Cutter euskal film labur mutua izan zen ikusgai, egungo gerren kontrako aldarria.

Oondoren, Stanford Unibertsitateko euskara irakasle Iñaki Lopez de Luzuriagak hartu zuen hitza eta, besteak beste, Gernikako Arbola, foruak eta gerra aurreko autonomia ahaleginak aztertu zituen bere aurkezpenean. Azkenik, The Bombing of Gernika dokumentalaren emanaldia egin zen. Ia ordubeteko lan honek Gernikako gertaera lazgarrien berri ematen du, zorroztasun handiz eta hainbat ikuspuntutatik (hainbat lekukorena ere).

SF BCC Gernika 75. urteurrena

[Iñaki Lopez de Luzuriagak hitzaldia eman zuen BCC-ko Gernikaren 75. urteurreneko ekitaldietan (argazkia ILL]

Kirmen Uribe Stanforden

Bestalde, apirilaren 24ean Kirmen Uribe idazleak hitzaldia eman zuen Stanford unibertsitatean, eta ondarroarrak harrera beroa izan zuen, Iñaki Lopez de Luzuriaga euskara irakurleak jakinarazi duenez. Iberian Studies Sailak gonbidatuta zuen Uribe eta euskal idazleak "Bilbao – New York – Bilbao" eleberria aurkeztu zuen. Berbaldian teknika narratiboaz aritu zen, liburuan baliatu duen auto-kontaketa nabarmenduz.

Horrez gain, Gernikaren urterrenaren eta bere eleberriaren arteko uztarketa egin zuen Uribek, bere familiaren historiaren bitartez. Idazlanaren bi pasarte ere irakurtzeko egokiera hartu zuen. Gero, galdera-erantzunen txanda etorri zen. Ondarroako idazleak argi utzi nahi izan zuen berak euskarazko literatura egiten duela. Stanford-eko ekitaldiaren ondoren, Kirmen Uribek San Frantziskoko bere egonaldia utzi du Irlandako beste agerraldi batean parte hartzeko. Bi hilabete eman ditu Uribek San Frantziskon, lan berria prestatzen.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita