euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskal zine zikloa gero eta zale gehiago ari da biltzen, ez soilik euskal kultura zaleengan, zinezaleengan ere baizik'

2007/12/07

Villegas-ko Euskaldunak-ek antolatutako saio bat
Villegas-ko Euskaldunak-ek antolatutako saio bat

PUBLIZITATEA

Maiatzetik azaroa bitartean 'Villegas-ko Euskaldunak' Euskal Etxe argentinarrak euskal zine zikloa eskaini du eta laburmetraien selekzio bat erakusketaren bidez Euskal Herriko egungo zinearen egoeraren berri eman dio komunitate villegastarrari, erantzun arrakastatsua lortuz. Euskal kultura proposamen honek --lehenago euskal etxeetan ez hain zabaldua-- gero eta zale gehiago ari da biltzen, ez bakarrik euskal kultura zaleengan, zinema zaleengan ere baizik. Hilean bi saio eman dira, zazpi hilabete iraun duen esperientzian, eta arduradunek aitortzen dute 'ziklo honek esperientzia eta ikaskuntza berriak jorratzeko aukera' ekarri diela. 'Zalantzarik gabe', diote, 'hurrengo urtean segida emango diogu ekimenari'.'
Amaitu dira aurtengoz Villegas-ko Euskaldunak ikasturte osoan bere egoitzan eskaintzen ibili den euskal zinema zikloko emanaldiak. Esperientziaren arrakasta ikusirik, zikloa errepikatzekotan daude hurrengo urteari begira. Proiektuaren arduradunak, Sergio Rekartek, EuskalKultura.com-i esan dionez, 'gure euskal etxean eginiko edozein jarduerak bezala eskarmentu eta ikaskuntza berriak geureganatu ditugu honekin ere. Zine ziklo bat antolatzen genuen lehenengo aldia zen, eta Kimuak programaren bidez Euskal Filmategitik eskuratutako material baliagarriari esker egin ahal izan dugu. Balantze gisa, oso ekimen interesgarria izan dela deritzogu, komunitatean gure erakundearen presentzia indartu egin baitu, jendeari zinemaz doan gozatzeko aukera emanez, eta hori garrantzitsua da'.

Rekartekez dio esperientziari alderdi txarrik aurkitu. Eskarmentua irakasle da, ordea, eta baliteke datorren urteari begira alde batzuk berriz ere aztertu eta moldatzea --saio kopuruarena esaterako--, baina bestela 'gauzatzen erraza izan den proposamen berritzailea izan da eta aurrera eramateko behar diren baliabideak --proiektore eta bozgorailuak-- geurekin ditugu. Orain, gainera, bidea irekia dugu beste ziklo motak egiteko, hala nola euskal film luzeak eskaintzeko, edota Euskal Herriarekin zerikusia daukaten dokumentalak. Komunitateak orain badaki Euskal Etxeak eskaintzen dituen aukeren artean zineari lotua dagoen bat badagoela, eta material ona erabiltzen duela; beraz, erraza izango da aurrera egitea'.

Komunitateak ongi erantzun du

Berria eta desberdina izanagatik komunitate villegastarrak erantzun polita eman dio lehenengo ikasturte honetako proposamenari eta ekitaldiek partaidetza maila esanguratsua lortu dute, ez bakarrik etxekoen artean, baizik eta normalean euskal etxetik azaltzen ez diren jendeen artean, zinema zaleen artean, eta Euskal Herria zinema alorrean egiten ari dena ezagutu nahi dutenen artean. Zikloa hasi zenetik, maiatzean, azaroko bigarren hamabostaldian bukatu den arte film laburrok ikustera etorritako jende kopuru zehatza jakitea ez da erraza, baina batazbestekoa 20-30 pertsona saioko izan dena esan daiteke, aldatzen joan den jendea gainera'.

Azken urteotan, 90. hamarkadaren ondoren eta Argentina barrualdeko eremuetan batipat, zinea ikusteko aukerak erabat murriztuak eta ia desagertuak dauden honetan, proposamen interesgarria gerta daiteke Villegas-ko Euskaldunak Euskal Etxetik filmak taldean ikusteko, komunitateari egiten zaion hau. Horregatik, Villegas-eko Euskal Etxeak FEVAren Euskal Asteko bileran proiektuaren aipamena egin zuenean, beste zentru batzuk azkar asko interesatu ziren, euren euskal etxeetara egokitzeko.

2007ko azken saioa azaroaren 23an izan zen. Izenburu berriak eskaini ziren eta, publikoaren eskariz, aurretik eskainitako batzuk berriro eman ziren. Zikloa ixteko, Euskal Etxeak pizza, enpanadak eta ardo sortaño bat ekarri zien bertaratutakoei, baita garrantzitsuagoa den beste zerbait ere: proiektu berritzaile honekin jarraitzeko konpromiso edo engaiamendua.

Lotura interesgarriak

Villegaseko Euskal Etxeak eskerrak eman dizkie bere dantzariei
2007ko irailaren 29an EuskalKultura.com-en argitara emana

Gernika oroitzeko ekitaldia Villegasen, alkatea bertan
2007ko irailaren 24an EuskalKultura.com-en argitara emana

'Arrakasta duen euskal zine ziklo oso bat, ia gasturik egin gabe'
2007ko uztailaren 19an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia