Hemen zaude: Hasiera Albisteak Aldiberean Euskal Herrian, Perun eta Indian estreinatuko da Lander Camareroren "What about Columbus"

Aldiberean Euskal Herrian, Perun eta Indian estreinatuko da Lander Camareroren "What about Columbus"

2012/03/05

Larunbat honetan euskal zinemagintzan sekula gertatu ez den balentria egingo du Lander Camarero zinemagile bilbotarrak: dokumental bat aldi berean hiru herrialdetan estreinatzea. "What about Columbus" du izena filmeak, eta Bilbon, Liman eta Indiako Pune hirian aurkeztuko dute. Ez hori bakarrik: hiru hirietako aretoekin zuzeneko webcam bidez konektatu eta zinemagileekin eta ikusleekin kontinentearteko solasaldia egingo da. Dokumentaletan Saint Exupery-ren "Printze Txikia" egokitu dute euskal, indiar eta perutar zinemagileek eta Camarerok egokitzapen horien arteko desberdintasun narratiboak eta sorkuntza prozesua aztertu ditu.

Bilbo, Bizkaia. Euskal Herriak, Peruk eta Indiak bat egingo dute une batez larunbat honetan, Lander Camarero euskal zuzendariaren "What about Columbus" dokumentalari esker. Izan ere, aldi berean estreinatuko da lana hiru herrialdeetan. Perun, Limako Ventana Indiscreta aretoan emango dute, bertako goizeko 10:30etan; Bilbon, Golem Alhondiga zinemetan, Euskal Herriko 16:30etan; eta Indian, bertako gaueko 21:00etan, Pune hiriko Filmategi Nazionalean.

Esperientzia berezia izango da, ez bakarrik aldiberekotasun honengatik, baizik eta emanaldiaren ondoren hiru herrialdeetako aretoen artean web-cam konexioak egingo direlako zuzenean, ikusleen eta zinemagileen arteko kontinentearteko elkarrizketa sortuz.

Lander Camarero zuzendari bilbotarraren proiektu honetan kultura desberdinetako hiru zinegile taldek (euskalduna, peruarra, indiarra) Antoine de Saint-Exúperyren “Printze txikia” egokitu dute. Dokumentalak sorkuntza prozesu horien desberdintasunak aztertzen ditu. Talde indiarra, Anshwini Malik zuzendari independenteak eta Bollywood-eko gidoilari Anjun Rajabalik osatzen dute. Perun, Gianfranco Annichini izan da gidoilaria eta Fabrizio Aguilar zuzendaria. Euskal taldean, berriz, Moriarti ekoiztetxeko Aitor Arregi gidoilaria eta Jose Mari Goenaga zuzendaria aritu dira.

Talde bakoitzak hamar minutuko egokitzapen laburra egin du eta Camarerok prozesu osoa jarraitu du, 108 minutuko dokumentala osatuz. Baina ez hori bakarrik: zinemagile bilbotar gazteak publikoarekin eta fikzioaren arauekin jolasten du, eta horretarako gidoilari zapuztuaren papera egiten du (ikus beherago "teaser"-a)

Camarerok agertu duenez, “kulturarteko proiektu honek duen konparaziorako izaerak aldi bereko estreinaldia egiteko aukera ematen digu. Konparatzeko aukera dugu grabatu den herrialdetako audientziak nolako erreakzioa izango duten aztertzeko aukera ematen digulako. Esperientzia orijinal honek publiko desberdinaren arteko harremana sustatzeko aukera ematen du eta honek dokumentaletik haratago interesa sortzen du".

Proiektuaren berri emateko grabatutako bideoa edo "teaser"-a: 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita