Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskal Herrian bizi diren euskal venezuelarrek euren XVII. Urteroko Elkarretaratzea egin dute Galdakaon

Euskal Herrian bizi diren euskal venezuelarrek euren XVII. Urteroko Elkarretaratzea egin dute Galdakaon

2012/04/26

Urtero sasoin honetan antolatzen du Euskal Venezuelarren Elkarteko buru den Amaia Zenarutzabeitiak herrialde karibetar honetako euskaldunen Euskal Herriko urteroko bilera. Aurtengoa, 17.a, joan den larunbatean egin zen Galdakaon, eta hirurogeita hamarretik gora pertsona bildu zituen herriko Batzokiko jatetxean. Bertaratutakoek omenalditxoa eskaini zioten partaide zaharrenari, 88 urteko Amaia Renteriari, Bengoaren alarguna bera, 'eguzkilore' bat kolkoan ipinita. Bilerako gazteena, Julen Burgaña Elgezabal izan zen, bi gurasoak Venezuelan jaioak, bertara ama Kattalinekin agertu zena. Kantu venezuelarrik entzun zen bazkalostean, eta baita Txoria Txori ere.

Galdakao, Bizkaia. Joan den larunbatean, apirilaren 21ean, egin zen Galdakaon Euskal Venezuelarren XVII. Elkarretaratzea. Amaia Zenarutzabeitia antolatzaile, bilerak hirurogeita hamar pertsona pasexe bildu zituen, adin guztietakoak, guztiak euskal-venezuelar egitateak ukituak, normalean adin altuenekoak Euskal Herriak jaio eta han urte asko bizi ondoren Euskal Herrira itzulitakoak, belaunaldi ertainekoak Venezuelan jaio eta bertako euskal etxeetan hazitakoak eta geroztik euskalerriratu direnak, eta haien haur gaztetxoak --hauetakoak gutxi--, gehi Venezuelan bizi eta paseoan ziren batzuk (normalean hilabete batzuk Venezuelan, eta beste batzuk Euskal Herrian ematen dituzten pertsona helduak).

Azken urte honetan hildakoak gogoan

Jendea eguerditik aurrera hasi zen batzen eta iragarritako egitarauaren arabera 'poteo' moduko bat egin behar bazen ere Galdakaoko 'Somera' edo Gipuzkoa kaleko tabernetan, azkenean elkarrekin topatzea eta solastea herriko Batzokiko tabernan egin zen gehienbat, bazkaria ere bertan egiteko deitua baitzen. Mezak huts egin zuen, eta hirurak aldera bazkaltzen jarri aurretik herriko erretoreak ekitalditxo bat egin zuen, iaztik hona hil diren komunitateko hildakoak gogoan harturik, bereziki aipatuz Lurdes Basañez, Ibon Doxandabaratz, Maricarmen Endaia, Agustin Etxabe, Ginés Anaia, Milagros Flaviano eta Dei Urresti.

Bertaratutakoen artean Iñaki Anasagasti senatari jeltzalea ikus zitekeen, edota Jaurlaritzako Euskal Gizataldeetarako zuzendari ohi Josu Legarreta. Baita ere, besteak beste, Jose Antonio Salvador Pelay (bere aita Miguel Salvador arkitektoari zor zaizkio Caracasen euskal estiloz dauden etxe eta villa ugariak; bere ama Miguel Pelay Orozcoren arreba zelarik), Caracaseko Eusko Etxeko lehendakari ohi Joseba Bilbao, Xabier eta Yosu Arozena/Arocena anaiak edota 84 urteko Tere Naveran ondarroarra, Caracasen 50 urtetik gora bizi izan zena, han jaiotako bere alaba Mireya Valencianok lagunduta.

Omenalditxoa Amaia Renteria Bengoaren alargunari

Ekitaldian parte hartu zuen adinekoena Amaia Renteria Aurrekoetxea izan zen, 88 urtekoa, bizitako historia eta ixtorio andana daukana memorian. Bengoaren alarguna 2010etik, bere izen bereko alabak lagunduta agertu zen bilkurara. Elantxoben jaioa eta gero familiarekin Bilbora bizitzera pasatua, Gorgonio Renteria buruzagi jeltzale, itsas-kapitain, olerkari, idazle eta euskaltzale handiaren alaba da Amaia Renteria, aita beraz pertsona politikoki eta kulturalki engaiatua eta, besteak beste, Elantxobeko alkate, Bizkaiko Aldundiko foru diputatu eta EBBko lehendakari izan zuena.

Amaia bera Gerlako Haurra izan zen, Ingalaterrara Habana ontzian eraman zutenetakoa. Geroago bilduko zen ama eta senideekin eta 1947an helduko zen Venezuelara. Han ezagutu zuen Jose Maria Bengoa, erbesteko beste euskaldun bat, medikua eta elikadura eta nutrizio gaietan espezialduko zena, Venezuelan eta nazioartean lan handia egingo zuena, besteak beste Osasunaren Munduko Erakundeko (OME) kide gisa. Familia berez euskal-venezuelarra bazen ere, izan zituzten sei haurren artean guztiak ez ziren Caracasen jaio, senarra OMErako lanean ari zela Suitzako Genevan bizi izan baitziren hogei urtez eta beste hiru Washingtonen. Jaurlaritzako gungo Osasun sailburu Rafael Bengoaren ama da Amaia.

Datorren urtean XVIII.a

Pozez eta umoretsu, eta pasadizoekiko memoria ona erakutsiz jaso zuen Amaia Renteriak, bertaratutakoen izenean bere alaba Amaiak kolkoan ipini zion diseinuzko ekilorea. Oparirik ez zuen jaso, baina bilerako gazteena, Julen Burgaña Elgezabal izan zen, Venezuelan jaiotako Gaizka eta Kattalin gurasoen semea, ekitaldira bere amak lagunduta agertu zena.

Eguna poliki pasatu zen eta Jesus Ibañez-ek prestatutako bazkaria primerako aukera izan zen lagun zahar eta sobera ikusi gabekoekin berba egiteko eta Venezuelako kontu zahar eta berriak astintzeko, kasu askotan 'datorren urtera arte' esan aurretik.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Euskal Herrian bizi diren euskal venezuelarrek euren XVII. Urteroko Elkarretaratzea egin dute Galdakaon

Euskal Venezuelarren XVII. Elkarretaratzeko bazkari aurreko irudia, Galdakaoko erretorea hitz batzuk esaten azken urteko hildakoak gogoan (argazkia EuskalKultura.com)

E-postaz harpidetu albisteetara

bisita