euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herrian bizi diren euskal-txiletarrak Urdazubin bilduko dira datorren igandean

2011/09/16

Iazko bazkarian parte hartu zuten euskal-txiletarrak (argazkia Bixente Larre)
Iazko bazkarian parte hartu zuten euskal-txiletarrak (argazkia Bixente Larre)

PUBLIZITATEA

Iazko bazkariak izan zuen arrakastaren ostean, Euskal Herriko euskal-txiletarrek hitzordu berria egin dute igande honetarako eta Urdazubin bilduko dira Txileko jai nazionala ospatzeko. Ez da bazkarirako tokirik gelditzen, baina bazkalosteko kafe eta solasaldian egingo diete lekurik azken orduko bisitariei. Bestetik, Txileko albiste gehiago heldu zaizkigu Santiagotik, Berriketari buletinari esker. Bertan, hiriburuko Euzko Etxea euskal etxearen azken jardueren berri dator, besteak beste 'Iñaki Deuna' edo San Inazio jaiaren kronika, aurten giro aparta jarri zuen karaoke eta guzti.

Urdazubi, Nafarroa. Bixente Larre Txilen jaiotako hazpandarra da eta bera izan zen iazko bilkuraren antolatzaileetako bat. Aurtengo bazkariaren berri eman digu aste honetan: igandean bilduko dira Euskal Herriko txiletarrak, Txileren egun nazionala ospatzeko. Hitzordua Urdazubiko Ikaburua jatetxean da, eguerdiko 12:00tan.

Eguneko egitaraua ongi etorri poteo batekin hasiko da eta iaz bezala, pisco-sour izeneko trago tipikoa dastatu ahal izango dute bertara biltzen direnek. Bazkariaren ondoren, arratsaldean, musika, dantza eta Txileko joko tipikoak egingo dituzte. Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi e-maila Bixente Larreri, hona.

Santiagoko berri

Agian jaira hurbiltzen diren gonbidaturen batek eskuetan eramango du Berriketariren azken alea. Berriketari Santiagoko Euzko Etxea euskal etxeak argiratzen duen albistaria da eta Ignacio Bastarrica eta Maria Angelica Carrasco senar-emazteek sinatzen dute. Uztaileko zenbakiko kronika jasoko dugu (udako pausaldia dela eta, barkatu atzerapena). Txileko euskaldunen artean tradizionalki 'Iñaki Deuna' deitu izan den San Inazio eguneko jaia izan zen ekitaldirik sonatuena eta jende asko bildu zen euskal etxera jaiaz gozatzera. Eguna urteroko mezarekin hasi zen, eta ondoren, elkarteko Euskal Abesbatzak eta Itxaropen Gaztea taldeko dantzariek emanaldia eskaini zuten frontoian.

Santiago San Inazio 2011 1

[Euskal Abesbatza 'Maite' kantatzen (argazkia Berriketari)]

Santiago San Inazio 2011 2

[Itxaropen Gaztea taldeko dantzariak, Txileko uztaileko hotzak astintzen (argazkia Berriketari)]

Bazkalostean 'Iñaki Deuna' Mus Txapelketako irabazleek, Purita Fernandezek eta Jose Miurak, saria jaso zuten eta Euskal Herriko ikasle talde batek bertsoak kantatu zituen. Ondoren karaokea bihurtu zen jaiaren jaun eta jabe, eta giro aparta sortu zen, gazte zein helduen kantuekin.

Santiago San Inazio 2011 3

[Euskal etxeko gazteak karaokean kantuan (argazkia Berriketari)]

Santiago San Inazio 2011 4

[Karaoke lehiaketako irabazleak Euskal Herriko ikasle hauek izan ziren (argazkia Berriketari)]

-Berriketari albistaria jasotzeko, idatzi e-maila hona



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia