Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskal Etxe gisa onartu dute ofizialki Kolonbiako Medellingo 'Antioquiako Zulategi Euskal Etxea Fundazioa'

Euskal Etxe gisa onartu dute ofizialki Kolonbiako Medellingo 'Antioquiako Zulategi Euskal Etxea Fundazioa'

Eusko Jaurlaritzak ofizialki onartu zuen, atzoko gobernu bileran, euskal etxe berri gisa eta, beraz, euskal etxeen erregistro ofizialera baitaratu zuen Kolonbiako Medellingo "Fundación Casa Vasca de Antioquia Euskoetxea Luis Miguel de Zulategi y Huarte" ('Luis Migel Zulategi Huarte' Euskoetxea, Antioquiako Euskal Etxea Fundazioa), Bogotákoaren ondotik bigarren euskal elkarte ofizialki onartua Kolonbian. Deitura honekin 2009an hasia, euskal ekimen antolatuak bost urte baino gehiago dituzte Medellinen, gehienbat Antioquia Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroa izena hartu zuen taldearen inguruan. Erabaki honekin batera, Jaurlaritzak Argentinako La Platako Unibertsitate Nazionaleko (UNLP), Txileko Unibertsitateko (UC) eta Txileko Aitasantu Unibertsitateekin (PUC) zeuzkan hitzarmenak berritzea onartu zuen atzo.

Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzaren gobernu batzordeak atzoko bileran onartu zuen, besteak beste, Kolonbiako Antioquia departamentuko Medellingo "Fundación Casa Vasca de Antioquia Euskoetxea Luis Miguel de Zulategi y Huarte" ('Luis Migel Zulategi Huarte' Euskoetxea, Antioquiako Euskal Etxea Fundazioa) izeneko euskal elkartea aintzatestea, Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanei buruzko maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen ondorioetarako. Kolonbiako bigarren euskal etxe onartua bilakatzen da, beraz, Bogotákoaren ondotik. Bogotan, bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritza bat dago, eskualde osorako, Venezuela barne.

Medellingo euskal etxe berri hau osatu eta ofizialki onetsia izateko lanak 2009an hasi baziren ere, 2004tik hona bederen antolatuak izan dira bertan euskal asteak eta euskal kultura hedatzeko ekimenak, gehienbat Antioquiako Unibertsitatearen inguruan eta goi ikastetxe honen baitan ikasle eta zale talde batek eratu zuen Euskal Ikasketa Zentroa deitu zutenaren eskutik. Tartean joan dira euskal asteak, hitzaldiak, zine emanaldiak, festak eta baita argiz osatutako Olentzero erraldoi baten ekimen berezi bat ere.

Argentina eta Txileko lektoretzak

Bestalde, atzoko gobernu batzordean baita ere, Jaurlaritzak lektoretza programaren barneko hiru hitzarmen berritzea erabaki zuen, hain zuzen, Argentinako La Platako Unibertsitate Nazionaleko (UNLP), Txileko Unibertsitateko (UC) eta Txileko Aitasantu Unibertsitateekin (PUC) indarrean zeuzkanak.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita