Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskal eta alemaniar artistek "Guernica" margolanaren graffitti bat egingo dute bihar Berlinen

Euskal eta alemaniar artistek "Guernica" margolanaren graffitti bat egingo dute bihar Berlinen

Berlingo Euskal Etxeak Gernikaren bonbardaketaren 75. urteurreneko ekitaldiekin darrai, eta horren baitan jarduera berri bat iragarri du biharko: Pablo Picasso artistaren "Guernica" margolan ikonikoaren berrinterpretazio bat egitea, graffitti moduan. Bost euskal eta alemaniar artistek osatuko dute lan hau, Berlingo eskola bateko umeen ekarpenekin. Hasieran graffittia horma batean egitea zen Euskal Etxearen ideia baina, lana hartuko duten auzokideen eskariari erantzunez, egurrezko hormirudi batean egingo da, horrela auzoko puntu desberdinetan erakutsi ahal izango baita.

Berlin, Alemania. Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenaren ekitaldien barnean Berlingo Euskal Etxeak artea eta bakearen aldeko aldarria uztartuko ditu bihar, Alemaniako hiriburuko auzo batean egingo duen ekitaldian. Jarduerak Berlingo Udalaren eta hiriko beste zenbait erakundeen laguntza du, euskal elkarterik EuskalKultura.com-i jakinarazi zaionez.

Ekitaldian Picassoren "Guernica" artelan historikoaren berrinterpretazioa egingo dute bost graffitigilek (hiru gernikarrak dira eta beste biak alemaniarrak). Jarduera Neukölln auzoko Donaustrasse kalean egingo da, auzo honetan Umearen Nazioarteko Eguna dela eta egingo diren ospakizunen barnean. Egun osoan zehar bost artistek margoaren interpretazioa osatuko dute, auzoko eta ondoko eskolako umeekin batera.

"Hasieran helburua horma bat margotzea zen, baina azkenean egurrezko hormirudi handiago bat burutuko dute; horrela auzoko leku desberdinetan esekiko da aurrerantzean. Hau da, graffittia mugitzeko aukera egongo da eta auzoarentzat eta auzokideentzat geldituko da", azaldu dio EuskalKultura.com-i Berlingo Euskal Etxeko Unai Lauzirika kideak.

"Bihar, eguerditik hasi eta arratsaldeko 20:00ak arte, parte hartu nahi duten guztiak gonbidatuta daude beraien atala margotzera", luzatu du gonbitea Lauzirikak.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita