Hemen zaude: Hasiera Albisteak Etxetik etxerako bidaia: Betty eta Alberto Ospital euskal-argentinarrak Euskal Herrira heldu dira abuztuan

Etxetik etxerako bidaia: Betty eta Alberto Ospital euskal-argentinarrak Euskal Herrira heldu dira abuztuan

2012/07/26

Zaila da ‘joatea’ edo ‘bueltatzea’ den jakitea. Nola asmatu bi herriak beren lekuak munduan baldin badira. Betty Paris eta Alberto Ospital Argentinan jaiok dira; baina euren gurasoak Euskal Herritik heldu ziren Ameriketara, bizitza hobearen bila. Euskal sentimentua transmititu zieten bezala, herrimina ere utzi zieten eta atxekimendua, eurena ere baden Pirineo magaletako munduari. Seguruenik horregatik Euskal Herrira bidaiatzea etxetik etxera joatea bezala da lagun hauentzat. Igandean abiatuko dira Betty eta Alberto, bidaia, gainera, Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeak 2010ean egin zuen zozketan irabazita, laguntza-bonoak erosi zituztelako.

Buenos Aires, Argentina. "Gure aita heldutan bueltatu ahal izan zen berriro etxera, Euskal Herrira. Sortetxeko egongelara sartzean sutondoa seinalatu zuen eta bertan zegoen altzari bat. 'Hor gordetzen zituen gure amak gozokiak, pote hauetan’, esan zuen; dena bera txikia zenean bezala zegoen, antza". Bitxia badirudi ere, hau da Bettyk ematen duen erantzuna bidaiari buruz galdetzen diogunean. Eta badu bere logika. Honelako irudiak dira bere Euskal Herria, kuttuna, eta izan ere etxe horixe bisitatuko du Alberto senarrarekin datorren astean. Moxoinea du izena etxeak, eta Luzaiden, Gainekoletan dago, eta bertan jaio zen bere aita, Pedro Paris.

"Etxea mugan bertan dago, eta bere atzekaldean zulo bat zegoen, zuloa baino gehiago pasabide bat, 'Frantziara' pasatzeko, gauzak pasatzeko, agian kontrabandoko gauzak atera eta sartzeko. Horrekin ere gogoratzen zen gure aita zena. Eta niri kontatu zidan, baina nik bertatik bertara ezagutu ahal izan nuenean zuloa dagoeneko estalita zegoen; seguruenik orain ez dauka gehiago zentzurik eta horregatik itxiko zuten”, azaldu dio Betty-k EuskalKultura.com-i.

Betty eta Alberto senar-emazteak euren gurasoek bizileku aukeratutako tokian bizi dira, Buenos Aires hirian, Almagro auzoan. Familia ederra sortu dute, lau seme-alaba izan zituzten eta zazpi biloba etorri dira geroztik. Baina beste familia handi bateko parte ere badira, eta hala aitortzen dute harro: familia euskal argentinarra. Bettyk eta Albertok aspalditik hartzen dute parte Buenos Airesko euskal elkarteetan. Laurak Bat-era joaten hasi ziren 80. hamarkadan eta hor Eusko Kultur Etxea eta Euskaltzaleak erakundeekin ere harreman estuak sortu zituzten. Izan ere, datorren igandean hasiko duten bidaia euskal instituzio horiei laguntzeko duten jarreraren isla da: hegazkin txartelak Buenos Airesko Eusketxe Eusko Kultur Etxeari laguntzeko bonoak erosi ondoren irabazi zuten zozketan bereganatu zituzten. Izan ere, bikotea Euskaltzaleak-eko oso partaide estimatuak dira, eta bertako laguntzaile eta sostengatzaile nekaezinak, beharra dagoen guztietan laguntzeko prest. Horretaz gain, elkarteko abesbatzan kantatzen dute biek eta Betty euskara ikasle zintzoa da.

Heldu den igandean, uztailaren 29n, abiatuko da bikotea Euskal Herrira. Ez dira bakarrik joango, Betty-ren neba, Norberto Paris, ere animatuko baita haiekin batera Atlantikoa  zeharkatzera. Astelehenetik aurrera, hiruzpalau egun hartuko dituzte Donostia ezagutzeko “ez baitugu oraindik ezagutzen eta gogo handia baitugu. Gainera, Jose Angel Irigaray lagunarekin elkartzea gustatuko litzaiguke. Berarekin izan ginen Buenos Airesera etorri zenean eta gero, aurreko bidaian, Euskal Herrian ere elkartu ginen", dioskute. Abuztuaren 3an, berriz, Luzaidera joanen dira, bertan dituzten familia eta lagunekin elkartzera. Abuztuaren 17ra arte egongo dira eta ondoren, Iruñetik, Belgikarako bidea hartuko du hirukoteak, Betty eta Albertoren alaba Bettina han bizi delako eta, Europan egonik, zor diotelako bisita. "Europan uda denez saiatuko gara ahalik eta gehien paseatzen. Belgikara helduta, Paris eta Amsterdamera joateko ideia ere ez dugu baztertzen", adierazi digu Betty-k bidaiarako puskak prestatzeaz arduratzen ari dela.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita