Hemen zaude: Hasiera Albisteak AEBetako euskal etxeetako euskara irakasleak Boisen bildu dira joan den asteburuan urteroko tailerrean

AEBetako euskal etxeetako euskara irakasleak Boisen bildu dira joan den asteburuan urteroko tailerrean

Estatu Batuetako euskal etxeetan euskara ematen ari diren irakasleak, horretarako NABOk (euskal elkarteen federazio iparramerikarra), HABEk (helduei euskara irakasteko erakundea, Eusko Jaurlaritzaren baitangoa), euskal etxeek eta irakasleek berek egindako akordioa medio, urtero egiten duten tailerra burutu dute joan den asteburuan Boise Idahoko hiriburuan, irakasle gisa daramaten lanaren sostengu eta lagungarri. Eskerrak ematen dizkiegu Izaskun Kortazar eta Ibon Izurietari, artikulu hau osatu eta argitaratzeko eman diguten lankidetzagatik.

Boise, Estatu Batuak. Urtero bezala, Estatu Batuetako euskara irakasleak euren urteroko tailerra egin dute. Aurtengoan Boisen (Idaho) izan da eta 18 irakasleetatik 11 etorri dira, falta izan direnak familia arloko bateraezintasunengatik, beste bat eri zegoela eta beste bat Euskal Herrian egoteagatik ezin izan dutela parte hartu.

Ikastaroa ostiral gauez hasi zen, afari batekin, eta elkar hobeto ezagutzeko prestatutako joko batzuekin.

2010 boise euskara tailerra 02

[Lanean Boiseko Euskal Museoaren egoitza barnean. Ezker-eskuin, Goisalde Jausoro, Henar Chico, Izaskun Kortazar eta Gloria garatea Lejardi]

Larunbatean, partaideak Boiseko Euskal Museora --Basque Museum and Cultural Center du izen oso-- bildu ziren, eguna erakunde honek lagunduta antolatua baitzen. Arratsaldean, irakasleek atseden labur bat izan zuten, Basque Block --Boiseko euskal auzo edo blokea-- delakoak eskaintzeko duena dastatu ahal izan zezaten, tartean erosketa-saioa eginez Euskal Museoaren dendan, Basque Market --Basque Blocken dagoen euskal elikagai eta edariak saltzen dituen denda-- izenekoan, eta bertako pilotalekua ere bisitatuz.

Aurtengoan tailerrak klasean egin ohi diren trebakuntza lanei erreparatu die gehienbat, Izaskun Kortazar NABOko euskara korrdinatzailearen eskutik, eta arratsaldean Nere Lete BSUko irakasleak ikasleei euskal gramatika ikasteko orduan lagungarri eta errazgarri gerta dakiekeen metodologiak aurkeztu zituen.

2010 boise euskara tailerra 03

[Irakasleetako bat, gorputzaren zatiak ikasteko joko bateko 'biktima']

Egun emankorra Boise State University-ko (BSU) Hizkuntza eta Kultura Modernoen Saileko Ordenadore Laboratorioan egindako saio praktiko batekin bukatu zen. Irakasleak bi orduz goiti euskara online ikasteko Boga programaren kudeaketa praktikatzen aritu ziren, Izaskun Kortazarren gidaritzapean. Azkenik, egun luze baten ondoren, ongi pasatzeko tenorea ere heldu zen eta irakasleek aukera izan zuten, gau partez, batzuk Caldwell-eko Sheepherders Ball izeneko artzain festara joanez, eta beste batzuk afalosteko berriketan geldituz.

Igande goizak berriro ere lanerako bidea markatu zuen eta parte hartzaileek euren klaseetan erabiltzen dituzten ekimenak partekatu zituzten elkarrekin eta astia hartu zuten dagoeneko hasia den 2010. urterako plangintza eta erronkak markatzeko.

Tailerra bideoan bildu zuten Chris Murua, Oihana Andion eta irakasleetako batzuk. Chris Muruak bere burua eskainia zuen etortzerik izan ez zuten irakasleentzako grabatzeko, edota sor litezkeen irakasle berriei pasatzeko.

Antolatzaileen izenean, Izaskun Kortazar eta Ibon Izurietak esker biziak eman nahi dizkiete Boiseko Euskal Museoko lagunei, "kafez eta freskagarriz hornitzeagatik, eta euren hitzaldi aretoa musutruke uzteagatik". "Nahi genuke ere geure esker ona azaldu BSUko Hizkuntza Modernoen Ordenadore Laboratorioko zuzendariari, Boga praktikatzeko ordenadoreak erabiltzen uzteagatik, Chris Muruari, bideoa grabatu eta editatzeagatik, eta baita irakasleei ere, euren ideiak partekatu eta tailer hau arrakasta handi bat eta esperientzia bikaina bihurtzeagatik".

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita