euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Erakundearen une bikainean" ospatuko du Buenos Aires hiriko Euskaltzaleak-ek bere 70. urteurrena

2014/07/03

70 urte beteko ditu Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegia datorren uztailaren 15ean
70 urte beteko ditu Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegia datorren uztailaren 15ean

PUBLIZITATEA

1944tik da Euskaltzaleak Buenos Airesko euskaltegi eta gau-eskola. Aurten 70 beteko ditu, beraz, langintza horretan, eta urtebetetze-afaria datorren uztailaren 15ean egingo du Balvanera auzoko Lalin Zentroan. Elkarretaratzean, euskaltegiaren jardunbidea erakutsiko duen bideo bat proiektatuko du eta kantu, musika eta dantza saioak eskainiko dituzte etxeko tailerretako kideek. Urtemuga ospatu aurretik, hala ere, zine zikloarekin jarraituko du Euskaltzaleak-ek bihar, ekitaldi berean, segidan, San Fermin ospatuz.

Buenos Aires, Argentina. Argentinar hiriburuko Euskaltzaleak Euskaltegiak 70 urte beteko ditu uztailaren 15ean eta afari batekin ospatuko du. Hitzordua Moreno kaleko 1949. zenbakiko Lalin Jatetxean izango da, gaueko 9etatik aurrera eta txartelak 170 peso balio ditu, sarrera (tortilla eta rabak), plater nagusia (arroza itsaskiekin edo txerrikia patatekin), edariak, postrea eta topa egitea barne.

Gauean zehar, euskal etxeko ikastaro eta tailerretako lagunek izango dute festa animatzeko ardura. Hasteko, Eliseo Rodriguezek zuzentzen duen abesbatzak bere euskarazko errepertorioko abestiak kantatuko ditu. Musikarekin jarraituz, dantzariek eta pandero tailerreko ikasleek ere eskainiko dituzte azken hilabete hauetan ikasitako piezak. Erakundearen historia gogora ekartzeko momentu bat ere proposatuko da eta ibilbidea, bideo bati esker egingo da. Afarian, gainera, euskaltegiko ikasle den Susana Iturrioz-en bi pintura zozketatuko dira.

[Afarian parte hartzeko sarrerak uztailaren 11ra arte eros daitezke. Erreserbak egiteko euskaltzaleak@yahoo.com.ar helbidera idatzi]

Bihar, zinea eta San Fermin Topaketa

Urteurren afariak ez dio aldaketarik ekarri Euskaltzaleak-en urteko ohiko programari. Are gehiago, bihar bertan jarraituko du instituzioak bere zine ziklo eta topaketen egitarauarekin. Ekintza, iluntzeko 8etan hasiko da Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendarien Txotx laburmetraia eta Helena Taberna-ren La buena nueva (Berri Ona) filmaren proiekzioarekin. Emanaldia bukatzean, Sanferminak ospatzeko taberna zabalduko dute etxekoek eta tabernaren baitan, nobedade bat: arte erakusketa irekiko dute Susana Iturrioz-en margolanak aurkeztuz.

Bordagaray-ren hitzak

“Zalantzarik gabe erakundearen une bikainean iritsi gara 70. urteurrenera. Egoitza bere gaitasun osoan ari gara aprobetxatzen eta oraindik pixkat gehiago findu behar badugu ere, aurrerapen nabaria egin dugu azkeneko bi urte hauetan. Egoitza izateak ekintzen eskaintza handitzea eta hiriko beste toki batzuetara hedatzea ahalbidetzen digu. Esatera baterako, aurten ikastaro bana ireki ditugu Versalles eta Belgrano auzoetan eta duela bi aste beste bat Martinez-en. Askoz errazagoa da leku berrietara heltzea elkargune bat baduzu; eta gure elkargune hori Euskaltzaleak-en egoitza da".

"Beste alde batetik, jarraitzen dugu tailerrekin eta Euskara eta Euskal Kulturari buruzko on line ikastaroekin. Erantzuna oso ona da eta Argentinako hiri ugaritatik gehitzen zaigu jendea, Saltatik Neuqueneraino. Gure erronka garai berrietara eta jendearen aukeretara egokitzea da, Buenos Aireseko euskararen erreferentea izateari utzi gabe”, adierazi dio Carlos Bordagaray Euskaltzaleak-eko lehendakariak EuskalKultura.com-i.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia