euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elvira Kortajarenak 'Euskadiko Turismo Hilabetea' aurkeztu du Buenos Airesko La Plaza Paseoan

2010/06/04

Espainiako enbaxadari Rafael Estrella, Euskadiko Ordezkari Elvira Kortajarena eta Turismo Aholkularia Julio Moreno (argazkia EuskalKultura.com)
Espainiako enbaxadari Rafael Estrella, Euskadiko Ordezkari Elvira Kortajarena eta Turismo Aholkularia Julio Moreno (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Elvira Kortajarena Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguairako Euskadiko Ordezkariak Euskadiren promozio turistikorako hilabete osoko egitasmoa aurkeztu zuen atzo Buenos Airesko Paseo La Plaza Kulturgunean. Arlo askotako gonbidatuak hurbildu ziren ekitaldira, horien artean euskal enpresariak, tokiko agintariak, hedabideak, beste kolektibitate batzuetako ordezkariak eta euskal gizataldeetako kideak, hala nola Juan de Garay Fundazioko lehendakaria den Jorge Zorreguieta, Buenos Airesko Gure Echea-ko lehendakaria, eta Ekin eta Eusketxeko lehendekari María Elena Etcheverry. Ekimenaren garrantzia azpimarratu eta babestu zuen Rafael Estrella, Espainiako enbaxadaria ere bertan izan zen. Datozen hilabeteetan eta leku berean, Katalunia eta Galiziako gizataldeek antzeko ekimenak egingo dituzte.

Buenos Aires, Argentina. Hogeita hamar bat lagun --lekua beterik, gonbidatuentzat bakarrik zen-- bildu ziren atzo Argentinarako Euskadiko Ordezkaritzak antolatutako 'Turismo Hilabetearen' aurkezpenera. Elvira Kortajarenak azaldu duenez, “zaila da Europara bidaia egiten duten argentinarrentzat Euskadi destino turistiko bakartzat kontutan hartzea. Hala ere, Argentina eta Euskadiren artean dauden 12.500 kilometroek gure herrira hiruzpalau eguneko bisitaldia bai ekar dezaketela. Euskadi bisitaleku aproposa da bere natura, arte, kultura eta batez ere gastronomiagatik. Herrialde atsegina eta jatorra gara bisitatzen gaituzten turistekin. Egiten ditugun gauza guztiak kalitatez egiteagatik gara ezagunak eta gure publizitate hoberena bisitatu gaituztenen kontaketak izan direla beti”, azpimarratu zuen Kortajarena Ordezkariak.

Ordezkariak Espainiako Enbaxadako Turismo Sailaren laguntzarekin prestatutako promozio turistikorako ekitaldi eta egitasmo hau legealdi honetarako Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak Kanpo Harremanetarako sustatutako estrategiaren barruan kokatzen zuen.

Halaber, Ordezkaritza bultzatzen ari den ekintzetan euskal kultur ondarearen zabalkundea eta Mercosur erakundea osatzen duten herrialdeetako agintariekin harreman politikoak, ekonomikoak, enpresarialak eta kulturalak sustatzeko asmoak nabarmen daitezke. Atzerriko euskal herritar eta gizataldeei dagokienean, Eusko Jaurlaritzak hainbat behar sozialetarako zuzentzen dituen dirulaguntzen inguruko aholkularitza teknikoa eskaintzen die Ordezkaritzak.

'Euskadiko Turismo Hilabetea' 2010 1

[La Plaza paseoko gela VIP (argazkia EuskalKultura.com)]

Egitasmo honek Lopez lehendakariak aurten aurkeztu duen “Euskadi, dasta ezazu” leloa zabaltzeko asmoa du. Ekaina osoan zehar kulturgunera bisitan espero diren hamabi mila pertsonek Euskadiko eskaintza turistiko zabala ezagutzeaz gain paisaiak ikusteko aukera ere izango dute eskugarri dauden liburuxka eta bideoetan. Horrez gain, kulturguneak banatzen dituen publizitate liburuxkekin batera 10.000 promozio postal banatuko dira. Postal horietan gobernuaren eta babesleen ikurrak daude, eta www.paisvascoturismo.net aipatzen da. Aldi berean, Euskadira bisitari joan daitezkeen lagun horien iritzia jakiteko inkesta labur bat egiten zaie euren turismo lehentasunak ezagutzeko.

Bisitariek eurentzat bereziki atondutako VIP harrera gelan Buenos Airesko Sagardi Jatetxeak prestatutako euskal pintxoak eta Mendozako Goyenechea Upategiko ardoa dastatzeko aukera izango dute. "Euskadiko gastronomiak oso eremu txikian hamabi Michelin izar baino gehiago edukitzeaz gain, mundu mailan ere ezaguna da Euskadi bere originaltasuna, kalitatea eta berrikuntzagatik". Ezaugarri horiek guztiak izango dira bisitarien eskura La Plaza paseoan, laburbiltzen du ekimena antolatzaileek prestatutako prentsa oharrak.

La Plaza Pasealekua Buenos Aires hiriburuaren bihotzean dago, Corrientes etorbideko 1600. zenbakian.

Lotura interesgarriak

La Plaza Pasealekua
www.paseolaplaza.com.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia