El Calafateko euskaldunak euskal etxe bat sortzeko bildu dira, Hegoalde Argentinarra elkartearen laguntzarekin
Santa Cruzeko 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxeko ordezkaritza bat El Calafaten izan zen joan den larunbatean, Patagoniako hiri honetan euskal elkartea sortu nahian dabiltzan euskaldunei babesa emateko. Euskal etxe berria eratzeko bilerak bertako euskaldun talde mardula bildu zuen eta ekitaldiari bukaera emateko 'Gora Vasco, (milonga de temple y carretilla)' dokumentalaren emanaldia eskaini zuten. Roberto Arizmendiren lan honek Guillermo Larregui, 'El Vasco de la Carretilla' ezizenez ezaguna zen euskal argentinarraren istorioa kontatzen du.
Ekimenak Santa Cruz hiriko Hegoalde Argentinarra euskal etxearen babesa ere jaso du. Izan ere, Hegoalde Argentinarreko ordezkaritza bat El Calafateraino etorri zen bilera honetan parte hartu eta laguntzeko asmoz. 'Santa Cruzeko euskal etxearekin harremanetan jarri nintzenean alde honetara etortzeko asmoa zutela esan zidaten. Orduan bilera batzuk egiten hasi ginen eta zorionez data hau hitzartu ahal izan genuen', azaltzen du Luis Milton Ibarrak.
Euskal etxe gehiago sortu
Ekimen honi eman dion laguntza proiektu zabalago baten parte da Hegoalde Argentinarra euskal etxearentzat. Río Gallegos hiriko elkarteak Santa Cruz probintziako euskaldunak bildu eta antolatzeko asmoa agertu du, horrela Patagonian eta Txileko Punta Arenas hirian euskal etxe berriak sortuz. Punta Arenasen ere bertako euskaldunekin harremanetan jarri dira dagoeneko, agertu diote 'Hegoalde Argentinarra' euskal etxeko kideek EuskalKultura.com-i.
El Calafateren kasuan ekimenak bertako Archivo Histórico de la Municipalidad erakundearen babesa ere jaso zuen. 'Gai hau oso garrantzitsua da, hiria bera sortu aurretik ere hemen bazegoelako euskaldunik. Adibidez Juan Echeverría, Hotel de la Piedra Grande-rekin etorri zena, edo Sorrusua euskalduna, Rico lakuan istripua izan zuen Gunther Plüschow piloto alemanaren hegazkinaren hondakinak ateratzera etorri zena', azaltzen du Ibarrak.
Eratze bilera Kosten Aike hotelean egin zen eta ekitaldiari bukaera emateko 'Gora Vasco, (milonga de temple y carretilla)' dokumentala izan zen ikusgai. Roberto Arizmendi da filmearen zuzendaria eta bertan Guillermo Larregui, El Vasco de la Carretilla ezizenez ezaguna egin zen euskal argentinarraren abentura kontatzen du.
Lotura interesgarriak
El Calafateri buruzko informazio gehiago
www.calafate.com
'Hegoalde Argentinarra' EEak onespen ofiziala jaso du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko martxoaren 12an
Hegoalde Argentinarrak Euskararen Eguna ospatu zuen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko abenduaren 13an
Mercedes Agoitía, Luis Milton Ibarra, Heriberto Echandi (Hegoalde Argentinarra) Antonio Comparín, María Susana Mondragón, Horacio Echeverría, Alejandra Arosteguichar eta Myrna Torreblanca Hinojosa (arg. Hegoaldde Argentinarra)

iNFORMAZIOEN BILTZEKO
Argentina hegoaldeko euskal etxeak
Badira euskal etxeak Viedman, Barilochen, Comodoro Rivadavian, Trelew-en, Puerto Madryn-en, Neuquen-en eta General Rocan.
Izen horiek ezarri bilatzailean eta azalduko dira heien helbide eta datuak. Horietarik batzuk badute etxea (egoitza) eta beste batzuk ez. Normalean ez dute lo egiteko lekurik, baina galdeginez seguru laguntzen ahal dizutela bilatzen.
Zorte on, eta beste zerbait behar duzu idatzi gibelera.