euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ekitaldi historikoa New Yorken, Euskaldunen historia kontatzen duen erakusketaren inaugurazioarekin (I)

2010/02/09

Guillermo Echenique, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia; Dave Bieter, Boiseko alkatea; Patty Miller Euskal Museoko zuzendaria; Julian Celaya, Herritar eta Euskal Gizataldeekiko zuzendaria; eta Michael Vogt, erakusketako zuzendaria (arg Mikel Arrazola)
Guillermo Echenique, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia; Dave Bieter, Boiseko alkatea; Patty Miller Euskal Museoko zuzendaria; Julian Celaya, Herritar eta Euskal Gizataldeekiko zuzendaria; eta Michael Vogt, erakusketako zuzendaria (arg Mikel Arrazola)

PUBLIZITATEA

New York, 1913tik bere baitan euskal etxe bat daukan hiria --Estatu Batuetako euskal etxerik zaharrena da New Yorkeko Eusko Etxea-- euskal ekitaldi ezohiko baten lekuko izan da joan den asteburuan, berau gauzatu eta ospatzeko AEBetako Eki zein Mendebaldeko eta Europako euskaldunak ere bertara bildurik. 1892tik 1954ra bitartean Europatik etorritako 12 milioi immigranteren sarreragune eta galbahe izan zen Ellis Island, gaur egun turisten bisitaleku bihurtua, euskaldunei buruzko erakusketa adierazgarri eta esanguratsu baten egoitza bilakatu da. Larunbatean inauguratua, hiru hilabetez egongo da bertan, eta 300 mila bisitari espero zaizkio. Ellis Island pasabide gisa indarrean egon zen bitartean, euskaldunak jantzitakoa ondasun bakartzat heltzen ziren etorkizun bila AEBetara. Iragan asteburuan, euren ondorengo euskal-amerikarren omena jaso dute, bat eginik Euskal Herriko euskaldunekin. Itsasoz bi aldeetako euskaldunek bat egin dute euren historia eta nortasun propioa aldarrikatu eta --italiarrek, irlandarrek, poloniarrek edo armeriarrek bezala-- gainerako amerikarrekin partekatu nahi izaterakoan.

New York, Estatu Batuak. Ekitaldiak eta erakusketa hemen eratzeak berak esangura berezia daukate garai batean Estatu Batuetan Ellis Island-etik sartu ziren euskaldunentzat eta euren ondorengoentzat. Horregatik, maitasun berezi batez ekin zitzaion guztia prestatzeari Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxean, Eusko Jaurlaritza sustatzaile eta lankide. Izena bera, esanguratsua da Hidden in Plain Sight: the Basques (Ezkutatuak begibistan: Euskaldunak), euskaldunak bertatik pasatu zirenean, frantses eta espainiar gisa sartu baitziren. Jende apala zen, etorkizun bila, askotan jantzitakoa ondasun bakar zetorrena, gazterik, ingelesez piperrik ez, askotan euskaldun elebakar, Amerikak ekar ziezaiokeenari, aukereri gogor lan eginez eusteko ameriketaratua. Urteak eta gero, beren seme-alaba edo bilobak edo bestelako ahaide dagoeneko Estatu Batuetan euskaldun sortuak dira haien eta euren historia aldarrikatzera Ellis Islandera inguratu direnak.

Larunbatean bertaratutakoen artean, Boise eta Idahoko multzo handi bat, baina baita ere Hego eta Ipar Kaliforniako batzuk, eta baita Nevadako batzuk ere, eta Quebec-eko Montrealgoak, ahaztu gabe Euskal Herritik ekitaldiotan parte hartzeko propio bidaiatutakoak. Horien artean, Boisetik, Lucy Garatearen alaba, bere amaren izenean erakusketa bisitatzera. Izan ere, erakusketan sarturik, harrera bisitariari Lucy Garatearen bideo batek ematen dio. Lucy, egun 104 urte dituen andere bat da, Lekeition jaiotakoa, eta bera ere, 1920ean, 15 urte zituela, Ellis Islandetik sartu zen Estatu Batuetan. Geroztik Boisen bizi da eta bertakoak diru ondorengo guztiak, euskal-amerikar. Bere euskera jatorrean, Ellis Islandeko lekukotasun biziduna ematen du bideotik Lucyk, azpitituluak ingelesez.

Bestelako xehetasunekin segitu aurretik, esan beharrekoa dago eguraldiak salbuespena egin zuela atertuz erakusketaren inauguraziorako. Izan ere, alerta egoera ezarria zen elurte ekaitza inguratzen ari baitzen. Eta hala izan zen... inguru osoan. New Yorkeko beste auzo batzuetan eguraldi oso itsusia egin zuen eta ondoko estatu eta udalerrietan elurte ederra izan zuten, bi hildako ere eraginez eta bizitza kolapsatuz, baina Ellis Island eta Manhattanen apenas elurrik ez zuen egin eta prestatuta zegoen programa osorik bete ahal izan zen.

Nyork

[Boiseko Oinkari euskal dantzari taldearen emanaldiko irudi bat, Ellis Islanden]

Erakusketa eguerdi partean inauguratuko zuen zerrenda moztu aurretik, hamaiketatik aurrera euskal musika, kantu eta dantza emanaldi bat eskaini zen, Boise-Idahoko Biotzetik abesbatza eta Oinkari dantzari taldearen eskutik, eta New Yorken egoitza ezarria duen Amaia Arberas soprano donostiarra ere kantari, celo eta piano batek lagunduta. Airean zegoen emozioa 'Gernikako Arbola' eta 'America' kantu abertzale amerikanoa euskaraz zein ingelesez kantatu zirenean jaitsi ziren, eta Oinkariko dantzariek Ikurrun Dantza dantzatu zutenean, ikurriña eta bandera estatubatuarra ohoratuz.

Ondotik, alboko areto batean, hitzaldien tenorea heldu zen eta hor mintzatu ziren Ellis Island-eko superintendentea, anfitrioi gisa, erakusketa erabat goraipatuz; baita akademikoak ere, hala nola William Douglass ikerlaria, atzerriko Euskal Ikasketen aiponteko eta euskal Diaspora gaiez aitzindari eta aditua dena, Nevada-Reno Unibertsitatetik etorria, edo John Bieter historialaria, BSUko (Boise State University) irakasle eta Cenarrusa Foundation for Basque Studies-eko buruetakoa. Hitz egin zuten baita ere Guillermo Echenique Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Lopez lehendakariaren mezulari "nabarmendu eta ikusgarri bilaka daitezen" eskatuz Estatu Batuetako euskaldunei; Boiseko alkate David H. Bieter; Boiseko Euskal Museo eta Kultur Etxeko lehendakari Patricia Lachiondo. Guztiek euren solasetan erakusketaren ideiaren egokiera eta euskaldunei bertan erakusketa izateak zabaltzen dien aukera goraipatu eta laudatu zituzten, posible egin dutenei, erakunde zein pertsona soil, eskerrak emanez.

Nyork2

[Erakusketa inauguratzen zuen zerrenda mozteko unea, Patricia Lachiondo Boiseko Euskal Museoko lehendakariaren eta Guillermo Echenique Jaurlaritzako Kanpo Harremenetarako idazkari nagusiaren eskutik. Argazkietako pertsonaiez gain, eskuinetik begira Martin Goikoetxea Wyoming-eko bertsolaria, Dan Ansotegui txistulari eta musikaria; eta Patxi Kerns, dantzaria eta Boiseko Oinkari dantzarien zuzendaria]

Aretoz berriz ere aldatuz, gonbidatuak eta publikoa erakusketaren sarrerako hall-era mugitu ziren. Hor, ohorezko agurra dantzatu zuen Patxi Kerns dantzariak eta Wyoming-eko Rock Springs-etik etorritako Martin Goikoetxea bertsolariak lau bertso bota zituen; New Yorkeko apezpikuetako bat den Josu Iriondo legazpìarrak otoitz egin eta erakusketa bedeinkatu eta inauguratzeko zerrenda mozteko garaia heldu zen. Batera egin zuten Patricia Lachiondo Euskal Museo eta Kultura Etxeko lehendakariak eta Guillermo Echenique Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak.

Ondoren, erakusketa zabalik gelditu zen eta bildutakoak pixkanaka pixkanaka bertatik pasatu ziren.

[Bihar bigarren zatia, ekitaldien argazki erreportaia bat eta bideoak tarteko]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia