Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ehun bat jendek hartu zuen parte Donibane Garazin Euskal Argentina elkartearen 2009ko Biltzarrean

Ehun bat jendek hartu zuen parte Donibane Garazin Euskal Argentina elkartearen 2009ko Biltzarrean

2009/05/19

Arrakastaz egina du bere Urteko Biltzarra, usaian bezala Donibane Garaziko Herriko Etxean, Euskal Argentina elkarteak, esan nahi baita gehienbat Euskal Herrian eta Argentinan ahaideak dituzten presuna eta familiek osaturik bi herrion arteko lokarriak eta harremanak sakondu eta azkartzeko lan egiten duen Ipar Euskal Herriko elkarte honek. Elgarretaratzea martxoko ondarreko larunbatean egin zen, eta ondotik ahaidetasun bazkari bati ekin zitzaion Donapaleuko Mendy ostatuan. Monika Legartoren kronika Herria astekarian.

Monika Legarto/Donibane Garazi. Martxoaren 29an Donibane Garaziko Herriko Etxean iragan da Euskal Argentinaren Urteko Biltzar Nagusia. Ehun bat jendek parte hartu dute. Pierra Lako presidentaren ongi etorriaren ondotik, urteko harat hunatak eta konduak xeheki aztertuak izan dira. Elkartearen helburuak zoin diren orroitarazi eta joan den urtean eraman ekintza garrantzitsuenak aipatuak izan dira :

-Argentina eta Uruguaitik Euskal Herrira beren familia eta etxondoa aurkitu nahiz jiten zauzkigunen laguntzea. Aurten Leonat, Carlos eta Pedro jin zauzkigu. Elgarretaratze hauek zoin hunkigarriak diren salatu daukute lekuko batzuek, goraipatuz hemengo jendek eskaini ongi etorria.

-Eginak diren genealogia ikerketa baliosak. Euskal Argentinaren partaide batzu geldi geldia ari baitira hortan. Hala nola Lucien Ruspil larzabaldarra. Orotara 17 ikerketa akulatuak izan dira gutiz gehienak Baxe Nabarre eta Xuberoan.

-Kaskoin herrian araberako elkartek egiten dituzten biltzar edo ekitaldietan parte hartzea.

-Etxeetan atxikiak izan diren Argentinako letra zaharren bilketa eta itzulpena.

-Argentinako urteroko bidaia. 2008an hogoitabost presunek parte hartu dute La Platan iragan den Semana Vasca delakoan, ondoko bi astetan aldiz bakoitza zoalarik bereber edo berdin taldeka beren familietara edo gustuko lekuetara.

-Behaskaneko Apeza deitutako artxibo zaharren ikerketak bururatuak direla erranik izan da. Orain emaitza hauek nola zabaldu da kezka handiena. Alabainan, Euskal Argentinak ahalgo gutti dauka hortarako. Frantxua Maitia Kontseilariak egin mintzaldi laburrean salatu du Paueko Kontseiluan bi egun barne diru kopuru berezi bat bozkatua izanen dela diasporaz arduratzen diren elkarteentzat. Euskal Herriraino hel baladi!

-Maialen Irigoyenek Apeza jaunaren artxiboetaz bere Master diplomaren ardiesteko egin duen tesisa Donapaleuko Herriko Etxean aurkeztu zuela azpimarratua izan da.

-Hilabeteko lehen ortzirale arratsalde guziz Donapaleuko Mediatekan Euskal Argentinak eskaintzen duen permanentziak arrakasta gaitza duela .

Urteko bildumatik landa, aurten Argentinan ibili diren batzuen lekukotasunak entzun ditugu. Hala nola Georges Barnetche, Arnaud Mandagaran, Jean Louis Onagoity, Jean Baptiste Irigoin eta Pierre Salignonenak. Denak berdin interesgarriak eta hunkigarriak.

Aurten ere mintzaldiak ahal bezainbat euskaraz eginik izan dira, bat bateko itzulpena segurtatuz erdaldunentzat eta lehen aldikotz bidaian egin argazkiak ordinadore bidez paretan erakutsiak izan dira.

Helduden urteko xedeak aurtengoen araberakoak dira. Ikerketetan jarraitzea, Argentina gaitzat duten ekitaldietan parte hartzea, artxiboen zabalketa eta urteroko bidaia. 2009ko Semana Vasca Bahia Blancan iraganen da. Bahia Blancako Euskal Etxeak duen kar eta fedea ikusiz pesta gaitza eta errotik euskalduna eskainiko daukutela segur gira. Pesta hau xuxen noiz iraganen den jakin bezain laster Euskal Argentinak jakin araziko dautzuete.

Biltzarra bururatzeko, 1869an Uruguaitik Xuberora igorri letra zahar bat irakurtua izan da orduko enegu, lotsa eta ametsak aipatzen zituena. Gero, zintzur bustitze baten ondotik Donazaharreko Mendy ostatuan iragan da otordua giro hoberenean.

Lotura interesgarriak

Euskal Argentina elkartea
http://monsite.wanadoo.fr/euskal.argentina

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Ehun bat jendek hartu zuen parte Donibane Garazin Euskal Argentina elkartearen 2009ko Biltzarrean

Euskal Argentina elkartearen biltzarraren ondotik Donazaharreko Mendy ostatuan egin zen, usaian bezala, elkartasun bazkaria

E-postaz harpidetu albisteetara

bisita