euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EHUko ikasle batek La Platako Euzko Etxea elkarteko trinketeari buruzko dokumentala egin du

2014/02/07

Euzko Etxea-ko pilotari gazteak dira dokumentaleko protagonistak
Euzko Etxea-ko pilotari gazteak dira dokumentaleko protagonistak

PUBLIZITATEA

Lohizune Amatria iruindarra Komunikazio graduko ikaslea da EHUn eta aurtengo ikasturteko lehen lauhilabetekoa Argentinako La Platan egin berri du, mugikortasun programa bati esker. Epe horretan euskal komunitatea ezagutzeko aukera izan du eta Euzko Etxea-ko trinketeari buruzko dokumental labur bat egin du. "Pelota paleta" izena du lanak eta bertan euskal etxeko pilotari gazteek joko berezi honen nondik-norakoak azaltzen dituzte. Horretaz eta Argentinako esperientziaz hitz egin EuskalKultura.com-ek Lohizunerekin.

Iruñea, Nafarroa. Etxean bueltan da Lohizune Amatria iruindarra, La Platan bost hilabete eman ostean. Esperientzia zinez aberasgarria izan dela esan digu EHUko ikasleak, eta Argentinan aurkitu zuen euskal komunitatearen tamaina eta, batez ere, euskal kultura gordetzeko gogoak harritu zuela dio.

-Nola heldu zinen frontoira? Zer dela eta erabaki zenuen frontoiari buruzko bideoa egitea?

La Platan egin nuen ikasgaietako batean dokumental bat egitea eskatu zidaten, hau Argentinara iritsi eta bigarren astean. Oraindik ez nuen hiria ongi ezagutzen, eta ez nekien zerri buruz egin nezakeen. Banekien La Platan euskal etxe bat zegoela eta bertara jotzea erabaki nuen. Bertan ekintza asko egiten dira, liburutegi bat dute, dantza taldea, kirol taldeak... Hasieran ez nekien paleta pilota irakasten zutela bertan, baina euskal etxera joan nintzen lehenengo egunean modalitate honetara jokatzen ari ziren hainbat gazte ikusi nituen trinketean. La Platako euskal etxearen eraikinaren barruan dago trinketea eta hain harrigarria iruditu zitzaidan hori eta jokua bera, dokumentala horri buruz egitea otu zitzaidala. Interneten joko mota honi buruzko informazioa begiratuz euskal etxean bertan eskola bat zutela jakin nuen eta horrela beraiekin harremanetan jarri eta egun YouTuben ikusgai dagoen “Pelota Paleta” dokumentala egin nuen.

-La Platako euskal komunitatearekin harremandu zinen, beraz. Holakorik topatzea espero zenuen?

Bideo horri esker jarri nintzen harremanetan La Platako euskal komunitatearekin, hainbat lagunekin euskal etxean antolatu zituzten hainbat afarietara joan ginen eta La Platako Unibertsitateak eskaintzen dituen euskara klaseei esker Argentinako beste hainbat euskal komunitatetako jendea ezagutzeko aukera izan nuen. Ezagutu eta lagunak egiteko, egia esan. Horiekin joan baikinen zenbait lagun Villa Marian antolatu zen Euskal Aste Nazionalera. Ez nekien zer aurkituko genuen bertan, baina euskal hizkuntza eta kulturarekin harreman handia duten pertsona asko ezagutu nituen. Aipatzekoa da La Platako Unbertsitatean larogeita hamar pertsona inguru daudela euskara ikasten, eta txalogarria da benetan pertsona horiek euskara ikasteko duten prestutasuna eta gogoa. Gainera Euskal Herriko egungo egoera hurbiletik jarraitzen duten pertsonak ere ezagutu nituen.

-Euskal Herrian Argentinako euskaldunen berri nahiko dugula uste al duzu?

Argentinara joan aurretik banekien euskal komunitate indartsua zegoela, hala ere ez nuen uste aurkitu nuena bezalakoa izango zenik. Handia da komunitatea eta euskal kulturaren inguruko ekintza asko antolatzen dituzte. Horien guztien berri ez nuen izan bertara joan arte, baina bilatu ez nuelako izan daiteke.

-Euskaldun eta pilotazaleei buruz, zerk harritu zaitu gehien?

Euskal Aste Nazionalean antolatzen duten dantza erakusketak harritu ninduen gehien. Euskal etxe bakoitzeko dantza taldeek euskal dantza bat dantzatzen dute jendearen aurrean eta bertara joatean hemengo euskal dantzak aurkituko nituela usten nuen. Hala izan zen hein batean, baina Oskorri eta Kepa Junkeraren abestiak ere dantzatu zituzten, euskal dantzen pausoak erabiliz. Oso politak dira sortu dituzten dantzak.

Pilota eta pilotazaleei dagokienez, La Platako trinkete horretan arratsaldero aritzen den gazte kopuru handiak harritu ninduen gehien. Argentinan frontoi asko daudela jakiteak baita ere, baina gehienak erabili gabe daudela jakiteak tristetu ninduen zertxobait. Dokumentalean azaltzen den moduan, pilota zaletasuna familiari lotuta dago askotan. Hau da, gurasoek jokatzen dutelako jokatzen dute haurrek. Dokumentalarekin jarraiki, pilota modalitate honen sorrera ere harrigarria dela iruditzen zait, baina hori ezagutzeko dokumentala ikustea onena.

-Erraza izan zen zuretzat Argentinan integratzea?

Irekiak dira argentinarrak eta alde horretatik ez nuen arazorik izan integratzeko. Lagun onak egin ditut eta tristeziaz itzuli naiz etxera. Egia da “vasca” zarela esan eta jende askok bere familiarren bat hemengo herriren batekoa dela kontatzen dizula edo bere abizenetako bat euskalduna dela. Ezagutzen dute euskal komunitatea eta batek baino gehiagok euskal etxera joana al nintzen galdetu zidan lehenengo astetan. Bost hilabete eman ditut bertan eta egia da denetarik topatu dudala: Euskal Herria ezagutzen zutenak, inoiz entzuna ez zutenak, euskara ikasten zeudenak, euskara zer den ez zekitenak... Baina orokorrean euskalduna estimatzen dutela esango nuke.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia