euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Liburuak kaleratzen ditugu ingelesez euskaldunez, euren hizkuntzaz, literaturaz, historiaz eta kulturaz"

2014/06/19

Daniel Montero, Nafarroako euskaldunen biloba, Nevada-Reno Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroko argitalpen koordinatzailea da (argazkia EuskalKultura.com)
Daniel Montero, Nafarroako euskaldunen biloba, Nevada-Reno Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroko argitalpen koordinatzailea da (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroko argitalpen koordinatzailea da Daniel Montero. Ikasgune honen lana zubi izatea da, ate moduko bat zabaltzea Euskal Herria eta euskal ekoizpen akademiko eta kulturalari, ingelesa bitartekari, ingelesa baita mundu akademiaren hizkuntza. Euren lanari esker hainbat euskal izen eta izenburuk nazioarterako sarrera lortu dute.

Joseba Etxarri/EuskalKultura.com. Bere lantokia unibertsitateko eraikin berri eta adimentsu batean dago, Renoko Euskal Ikasketa Zentroaren baitan. Bertatik sustatzen diren argitalpenek lortzen dute, besteak beste, hainbat euskal lan eta oro har euskaldunek jakintzaren andana bat arlotara eginiko ekarpenak mundu osoko liburutegi publiko eta pribatuetako apaletara iristea, baita hainbat etxe partikularretara ere. Argitalpen ahalegin lan horren koordinatzaile da Daniel Montero, Nevadan nafar euskaldunen biloba jaioa, eta gaur egun bere erroen ezagutza eta euskal kultura zahar zein garaikidearen sustapen eta zabalkundea eguneroko lan duena.

-Zeu editore zara, argitaldari. Zer esan nahi du horrek hain zuzen ere? Zein da editore baten lana?

-Argitaldaria, idazleei laguntzeko dagoen pertsona da, euren liburuak, euren lanak ahalik eta hobekien argitara daitezen, gidari  moduko bat, emaitza ahalik eta onena atera dadin.

-Non hasten da zuen lana? Argitaldariak hautatzen du argitaratuko diren liburuak?

-Normalean Argitalpen Batzordeari dagokio lan hori, baina neuk ere ematen dut nire iritzia. Peerview izeneko prozesu bati bide ematen zaio gehienetan: originala zenbait pertsona adituri bidaltzen zaie, iritzia eman eta iradokizunak egin ditzaten. Gero, bistan da, egilearen eskuetan egongo da iradokizun horiek onartzea ala ez. Baina gerta daiteke egileak gauza batzuk ez eukitzea hain argi, edo berak pentsatzea zerbait oso ona dela, edo ez dela hain ona. Iritziak biltzea eta ikuspuntu desberdinak ekartzea interesgarria eta aberasgarria izan daiteke egileari bere originala fintzen laguntzeko. Editorea prozesu horretako parte da, egilearen eta haren obraren alde lan egiten.

-Editoreak idazle ere behar du izan? Irakurtzea biziki maite duen pertsona behintzat bai...

-Nire ustez idazle ere izan daiteke, baina ez da batere derrigorrezkoa, lagungarri izan badaiteke ere. Baina irakurle izateari buruz, zalantzarik ez daukat, argitaldari ona izateko liburuekiko maitasuna ezinbesteko ezaugarri behar duela izan. Argitaratzen dituzun liburu guztiek ez dizute zirrara bera sortzen, baina profesionala behar duzu izan. Niri gustatzen zait pentsatzea liburua, liburuak oro beti direla zerbait ederra eta aberasgarria.

-Nola heldu zinen hona, nola ailegatu zara 'euskal liburuak' argitaratzera?

-Hamabost bat urte dira argitalpen munduan ari naizela. New Yorken hasi nintzen, nazioarteko konpainia handi batentzat labean, Pinguin Books. Floridan ere bizi izan naiz eta laburra egitearren berez ipuin luzeagoa dena, esango dizut neroni Nevadakoa izanik Renora itzuli eta hemen Euskal Ikasketa Zentroarentzat aritzea proposatu zidatela, hasteaneditore freelance moduan. Eta gero full time lanpostua eskaini zidaten, argitalpen koordinatzaile gisa. Oso momentu egokian gertatu zen, eta puzzleko piezak ongi doitu ziren.

-Nola definituko zenuke hemen egiten duzun lana?

-Oso anitza eta zabala dela esango nuke. Nire lana eskuizkribua onartua izateko iristen denetik salmentaraino heltzen da, marketina eta webgunea ere tarteko. Asko ikastera behartu nau, arlo oso desberdinetan gainera.

-Eta zein da koordinatzen duzun argitalpen zerbitzuaren helburua edo misioa?

-Ingelesez, eta ingelesez mugitzen den munduari, Euskal Herriarekin, euskaldunekin eta euren hizkuntza, historia, literatura eta kulturari lotutako panoramika aurkezten diogu, bai arlo akademikoan eta baita ere, azken urteotan, zabalkunde eta dibulgazio mailan ere. Ahalegin polita egiten ari gara liburu jasoekin batera, adibidez euskal edukiko edo euskal egileek eginiko komikiak edota haur liburuak argitaratzen...

-Sukaldaritza libururik?

-Euskal-amerikar komunitatea ere helburu eta berezko publikoa dugu eta jakina da euskal sukaldaritzari lotutako liburuek jendea erakartzen dutela. Argitalpen arloan, gure hasiera, Nevada-Renoko Argitapen Zerbitzu orokorra izan zen, duela urte batzuk, eta University Press-ek kaleratu zuen orduan euskal sukaldaritza libururik; baina ibilbide berexia hasi genuenetik, Euskal Ikasketa Zentroko argitalpen gisa, zain gaude izenburu egoki bat noiz helduko zaigun, argitara emateko. Baina gure joera eta irekieraren seinale, utzidazu esaten oraintxe bertan Juan Crisostomo Arriaga musikagile bizkaitarraren partiturak ditugula eskuartean argitaratzeke. Oso argitalpen lan bestelakoa da. Proposamena New Yorketik etorri zitzaigun, bertako emakume zuzendari batek Arriagari buruzko ikerketa eta eguneratze lana egin baitu eta interesgarria iruditu zitzaigun. Ez genuen sekula partiturarik editatu, baina ekarpen interesgarria iruditu eta hor ari gara, honetan ere euskal sortzaileen kontribuzioa hedatzearren nazioarteko esparruan.

-Zenbat izenburu plazaratzen dituzue urtean? Eta zenbat dira originalak ingelesak eta zenbat ingeleseratutako lanak?

-Hamar bat argitaratzen ditugu urtero eta horietatik ehuneko hirurogei, zuzenean ingelesez euskal gai batez edo Euskal Herriarekin zerikusia daukatela idatzitako lanak dira eta gainerakoak euskal liburuen itzulpenak ingelesera. Hor aldaketa izaten ari gara, honetan hasi nintzenean askoz gehiago baitziren itzulpenak.

-Eta erosleak? Nongoak dira?

-Esango nuke ehuneko laurogeia Estatu Batuetan eta Kanadan saltzen dugula. Gainerakotik, erdia baino pixkat gehiago Euskal Herrian. Salmentak, gaur egun, internetez izaten dira gehienbat. Webgune azkarra daukagu eta bertatik 70 izenbururutik gora eros daitezke. Interesatuek liburuetako bakoitzari buruzko xehetasunak eskura ditzakete, berriak eta beste zenbait material. Hori guztia www.basque.unr.edu helbidean. Aukera baliatu nahi dut irakurtzearen aldeko deia egiteko eta gonbitea luzateko lagunei edo beste herrialdeetan dauden euskaldunei guregana hurbildu eta euren inguruan zabal dezaten badagoela ingelesez euskal kulturari lotutako oinarrizko hainbat liburu eskuratzeko aukera, euskal kultura tradizionalari edota garaikideari lotutako katalogo zinez gomendagarria.



Komentarioak

  • Eskerrik asko!

    Eskerrik asko Joseba Herria astekarian euskal diasporaz ematen dituzun berri atseginegaitik. Atzo CBSko liburutegian gurutzatu ginelakoan nago eta damu dut ez agurtu izana. Hemendik agurrik beroena!

    mikel, 2014/06/20 05:41

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia