euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bost herrikide omendu ditu Hiru Erreka Euskal Etxeak 'Ondare Tresarroyostarra' sariak emanez

2012/04/27

'Ondare Tresarroyostarra' sari-emate ekitaldian euskal etxeko dantzariak aritu ziren euren koreografiak aurkezten (argazkia EE)
'Ondare Tresarroyostarra' sari-emate ekitaldian euskal etxeko dantzariak aritu ziren euren koreografiak aurkezten (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

“Gure ekimenarekin saritu nahi ditugun balioak ardura, ahalegin pertsonala, langilea izatea eta komunitatearen alde elkartasunez jokatzea dira” adierazi dute Tres Arroyosko Hiru Erreka Euskal Etxeko arduradunek, gehituz "gure ustez, horrek guztiak gizartearen eredu bihurtzen ditu"ela. 2012ko sarituak, aurreko edizioetan bezala, Buenos Aires probintziako euskal elkarte honetako kideek hautatu eta zeremonia batek dotoretuta instituzioaren egoitzan eginiko sari-emate ekitaldian eskuratu die, apirilaren 21ean, hiriaren urtemuga programaren baitan.

Tres Arroyos, Argentina. “Saria jaso ahal izateko aski da herritarra izatearekin, ez dago euskal jatorrizkoa izan beharrik edota euskal etxeko kidea, ezta gutxiagorik ere. Are gehiago, komunitateari zabaldutako ekintza da eta Euskal Etxea bere inguruan txertatzen eta gehiago gizarteratzen laguntzen duela pentsatzen dugu”, adierazi diote Hiru Erreka Euskal Etxeko arduradunek EuskalKultura.com-i.

Bost lagunek jaso dute saria 2012ko edizioan: Olimpia Correa eta Juan Carlos Troccoli senar-emazteek, Ely Elena Pereyra Rodriguezen alargunak, Alberto Losadak eta Daniel Brajovich-ek.

Olimpia Correa Tucumanen jaioa da eta Cordoba hirian ikasi zuen medikuntza. Hor ezagutu zuen senar eta bizitza osorako kidea izango zuen Juan Carlos Troccoli. 1955ean aldatu zen bikotea Tres Arroyosera eta geroztik medikuntzan jardun zuten, arlo publikoan zein pribatuan. Correa andrea herriko lehenengo emakume sendagilea izan zen eta irakasle ere ibili zen herriko eskoletan. Beste lankide batzuekin batera Emakume Unibertsitarioen Elkartea eta Medikuntza Gune Pedagogikoa sortu zituen. Correa eta Tróccoli gaixoen etxetara joaten ziren eta ez zuten sekula jai egunik izan 1994an jubilatu arte. Bikoteak hiru seme, Gustavo, Jorge y Guillermo, zortzi biloba eta bi birbiloba izan zituen.

Laurogeita hamar urteko Ely Elena Pereyra Rodriguezen alarguna "oso langile ona eta fededun handia" izan da beti. Zazpi seme-alaba --Nelida Beatriz (oso umetan hil zena), Marta, Ana Maria, Mario, Ruben, Alicia eta Carlos-- edukitzeaz gain, hainbat umeren inudea izan zen. Geroztik familia 21 biloba eta 20 birbilobarekin emendatu zaio. Gaur egun udalaren zaharren egoitzan bizi da, eta bertako jendearekin konpartitzen du, besteak beste, bere onberatasuna, fideltasuna eta eskuzabaltasuna.

2012ko 'Ondare Tresarroyostarra' 2012 01

['Ondare Tresarroyostarra' sari emanaldian parte hartu zuten lagunak (argazkia EE)]

Alberto Losada nekazari etxe batean jaio zen 1922an eta bost urterekin baserriko lanetan aritzen zen, abereekin eta laborantzan. Soldadutzatik bueltatu zenean herriko Istilart lantegian egin zuen lan baina nakazari bizitza faltan botatzen zuenez, nekazaritzarekin lotura zuten lanei ekin zien, besteak beste lanabes eta tresnak konponduz. Denborarekin hirian kokatu zen eta etxeetako mantentze-lanetan jardun zuen.

Daniel Brajovich-ek 91 urte beteko ditu ekainean eta "oso umore ona izateaz gain, literatur lehiaketetan eta antzerki klaseetan hartzen du parte". Zortzi urte zituelarik, aitarekin lan egiten zuen, eultzilariaren itzain. Hamabost urterekin Istilart lantegian sartu zen eta Eskola Teknikoan trokelak doitzeko hiru urteko ikastaro bat egin zuen. 1969an eta tristura handiz uko egin behar izan zion bere lanpostuari izen handiko lantegiak bere ateak itxi behar izan zituenean. Hirurogei urte daramatza bere emazte Ines Gonzalezekin eta bere bizipen eta pasadizoak mota askotako testuetan kontatu ohi ditu.

Sari banaketa bukatzean mokadua eskaini zitzaien euskal etxera bildutakoei. Elkarretaratzearen edergarri, Hiru Errekako neska dantzariek, helduek zein txikiek, euren talentuaren erakustaldia oparitu zieten bertara publiko bildutako laurogei bat lagunei.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia