euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko bederatzi gazte Euskal Herrian dira egunotan, Gasteizko Olabide ikastolarekiko trukean

2012/08/02

Ikasle ipar amerikarrak Gasteizko Andra Mari plazan (argazkia Valentin Basañez/Foto Ikatz)
Ikasle ipar amerikarrak Gasteizko Andra Mari plazan (argazkia Valentin Basañez/Foto Ikatz)

PUBLIZITATEA

Iragan uztailaren 19az geroztik Boiseko Bishop Kelly institutuko bederatzi neska-mutil Euskal Herrian dira, Olabide ikastolarekin egiten ari diren kultur truke bati esker. Eurekin da Cathy Clarkson irakaslea, Boiseko euskal komunitateko oso kide ezagun eta aktiboa. Egonaldian gazte estatubatuarrak euskal familiekin bizi dira, bertako bizitzan integraturik: Santiago egunean, adibidez, blusa jantzi zuten, milaka gasteiztarrek bezala. Aurretik, trukearen lehenengo zatian, uztailean, Olabideko bost gazte Boisen izan ziren Boisen gauza beretsua egiten.

Vitoria-Gasteiz. Gasteizko Olabide Ikastola eta Boiseko Bishop Kelly institutua kultur trukea egiten ari dira azken asteotan, bigarren urtez. Aurtengo edizioa uztailean hasi zen, Olabideko 17 urteko bost gazte Boisera joan zirenean, Andone Ruiz ikastolako pedagogia zuzendariarekin batera. Hilabete batez Boiseko familiekin eguneroko bizitza egiten izan ziren gasteiztarrak eta bertako bizimodua ezagutzeko eta ingelesa praktikatzeko aukera aparta izan zuten.

Truke horren bueltan, Bishop Kellyko bederatzi gazte dira orain Gasteizen, iragan uztaillaren 19az geroztik. Euskal familiekin bizi dira eta euskal kultura ezagutzen ari dira egunotan. Eurekin batera etorri da Boisetik Cathy Clarkson Bishop Kellyko gaztelania irakaslea, euskaltzale amorratua eta Euskal Herria ongi ezagutzen duena.

Euskararekin maiteminduta

Clarksonek ez du arbaso euskaldunik, baina Boiseko euskal komunitateko oso kide aktiboa da. Euskaraz oso ondo hitz egiten du eta Boiseko Oinkari dantza taldean txistua jo izan du hainbat urtetan. "Orain dela 34 urte etorri nintzen lehen aldiz Oñatira, gaztelania ikastera, eta euskararekin maiteminduta bueltatu nintzen", agertu dio Cathyk EuskalKultura.com-i. Hurrengo bidaian Gernikara etorri zen, zuzenean euskara ikastera. Bidenabar txistua ere ikasi zuen, eta ez edonola, eta Boisera bueltatu zenean, Oinkariko ezinbesteko kide eta txistulari ofiziala bihurtu zen.

Cathy Clarkson Gasteiz Olabide Ikastola

[Euskal Telebista esperientzia honi buruz elkarrizketatzen Gasteizko Andra Mari plazan (argazkia Valentin Basañez/Foto Ikatz)]

Orain Gasteizen diren gazte hauen artean ere antzeko maitemintze bat sor daitekeela uste du Clarksonek, baina, zernahi gisaz, ziur da esperientzia ahaztezina izango dela. Egonaldian ikasleek gaztelania praktikatzen dute (Bishop Kelly-n duten ikasgaia da) eta euskal kultura eta bizimodua ezagutzen ari dira: "Eurentzako dena da oso desberdina: janaria, ordutegiak, bizitza kalean egiteko ohitura... baina barrenean 17 urteko neska-mutilak dira, hemengoak bezalakoxeak", aitortzen du Clarksonek.

Gasteiztarrak Boisen

Iragan uztailean eta duela oso egun gutxi arte, Gasteizko bost neska-mutilek esperientzia bera izan dute, baina alderantziz: Boisera joan ziren ia hilabetez, Olabideko irakasle Andone Ruizekin batera. "Bertako familiekin egon dira eta oso bidaia interesgarria izan zaie. Eurentzako harrigarria izan da euskaldunek Boisen daukaten presentzia handia ikustea eta, esaterako, bertako San Inazio bezalako jai euskaldunetan parte hartzea. Asko harritu ditu hango jendeak euskaraz hitz egiten ikusteak; beraientzako begi-zabaltzailea izango dela uste dut", azaldu dio Ruiz-ek EuskalKultura.com-i.

Aurtengoa Olabide eta Bishop Kelly-ren arteko trukearen bigarren edizioa da: "iaz Olaideko lau ikasle izan ziren Boisen, eta esperientzia ikusi ondoren, aurten Boisekoak ere parte hartzera animatu dira", agertu du Ruiz-ek.

Ekimen honen eragile eta sustatzaile handi bat Benan Oregi izan da, Olabide ikastolako lehendakaria. Oregi oso ezaguna da euskal Diasporaren munduan, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako zuzendaritzako teknikaria delako. 

Olabide Ikastola 1963an sortu zen eta kalitate maila altuko euskarazko hezkuntzaren alde dihardu. 2010ean Europako EFQM bikaintasunari saria eskuratu zuen.

-Informazio gehiago, www.olabideikastola.com eta www.olabide.com webguneetan



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia