Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bizkaia:xede elkarteak euskal profesionalei zuzenduriko topaketa antolatu du Londresen

Bizkaia:xede elkarteak euskal profesionalei zuzenduriko topaketa antolatu du Londresen

2011/09/16

Bizkaia:xede elkarteak Londresko 5th NatureJobs Career Expo azokan parte hartuko du datorren ostegunean, kontratazio premia duten Euskal Herriko erakundeen ordezkari bezala. Elkarte hau Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen du eta bere helburua Bizkaira oso gaitutako profesionalak erakartzea da. Londresen direla baliatuz, Bizkaia:xedeko ordezkariek bilera egingo dute asteazkenean inguruetako euskal profesionalekin. Helburua: elkar ezagutzea eta lan aukerak sustatzeko balioko duen harreman sarea sortzea. London Basque Society-ren bitartez egin dute, besteak beste, deialdia.

Londres, Ingalaterra. Bizkaia:xede elkarteak parte hartuko du datorren ostegunean, irailaren 22an, Londresen egiten den NatureJobs Career Expo delako azokan. Lan azoka hau fisika, kimika, bizitzaren zientziak, matematika eta medikuntzan lizentziatu, doktoregai eta doktoratu ostekoei zuzenduta dago eta euskal erakundeak lehen aldiz hartuko du parte. Bizkaia:xede kontratazio premia duten Euskal Herriko erakundeen ordezkari bezala izango da bertan.

Bisita baliatuz, Bizkaia:xedek topaketa informal bat antolatu du egun bat lehenago, asteazkenean, Londres inguruan bizi diren euskal profesionalak biltzeko asmoz. Topaketa honetan Bizkaia:xedeko ordezkariek elkartearen aurkezpena egingo dute. Erakundeak bitartekaritza lana egiten du langile bila ari diren Bizkaiko enpresen eta munduko profesionalen artean eta laguntzak ematen dizkie Bizkaira lan egitera doazen profesionalei.

Bileran parte hartu nahi duten profesionalek elkarteko Amaia Etxebeste edo Leire Lagunillarekin jarri behar dute harremanetan.

Utzi zure kurrikuluma

Bizkaia:xedeko Amaia Etxebestek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, elkarteak Londresen egiten duen horrelako lehen bilera izango da hau. Baina erakundea harremanetan da Diasporako beste euskal komunitate batzuekin. "Urtero joaten gara Boston-era, eta Massachussetts Institute of Technology unibertsitatearen bidez hango euskaldunekin kontaktatu eta bilera egiten dugu".

Ekimena Diasporako beste komunitateetara zabaltzeko planik ez dute momentuz, baina Amaiak gonbitea egiten die munduko euskal profesionalei Bizkaia:xedek eskaintzen dituen aukerak baliatzeko. Bidea oso erraza da: bizkaia:xederen webgunean kurrikuluma utzi eta erakundeak Bizkaiko enpresetan sortzen diren lanpostuetarako egokiak diren aztertuko du.

Beste aukera bat webgunean bertan tarteka  lan eskaintzak begiratzea da.

Profesional bila ari diren enpresek ere balia dezakete webgunea.

-Bilatzen dituen profesionalen profilak eta bete nahi dituen arloak, hemen

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita