euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bilera batera deitu du ostegunean Boisen Emprebask-USA elkartea sortu nahi duen talde eragileak

2009/06/23

Emprebask-USAk eginiko azkeneko aurkezpenaren irudia, joan den apirilean Salt Lake Cityn, NABOko buruzagi eta ordezkarien aurrean (argazkia EuskalKultura.com)
Emprebask-USAk eginiko azkeneko aurkezpenaren irudia, joan den apirilean Salt Lake Cityn, NABOko buruzagi eta ordezkarien aurrean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Emprebask-USA --Estatu Batuetako euskal jatorriko enpresari, exekutibo eta profesionalak bildu nahi dituen elkarteak-- bilera batera deitu du datorren ostegunerako Boisen, elkartekide izateko interesa izan dezaketen guztiei zabalik. Ekimen berriak, aurretik Txile eta Mexiko bezalako beste herrialde batzuetan egin den bezala, euskal jatorriko pertsona eta eragileak bildu eta harremanetan jarri nahi ditu, euren kezkak, ahaleginak, arazoak, soluzioak eta informazioa partekatzeko, ekonomia alorreko AEBetako euskal sare bat sortuz. Boiseko bilera datorren ostegunean, ekainaren 25ean, izango da, arratsaldeko zazpietan Euskal Etxean, eta aurretik Miamin, San Frantziskon eta Salt Laken eginikoen ondotik dator.

Boise, Estatu Batuak. Estatu Batuetako euskal jatorriko profesional, exekutibo eta enpresariak bilduko dituen elkarte bat sortzeko planak Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritzatik ari dira butzatzen. Emprebask izeneko enpresari elkarteak lanean dabiltza jadanik euskal Diasporaren presentzia daukaten beste herrialde batzuetan, hala nola Txilen, Mexikon, Venezuelan eta Kolonbian.

Izan ere, azken herrialde honetan jaiotako Santiago Uribe gazte prestatua da New Yorketik AEB nazio osoko enpresa, euskal etxe eta euskal komunitateekin harremanetan jartzen ari dena, eskualdeka bilerak antolatu eta lehenengo pausoak ematea proposatzen. Elkartea, izan ere, enpresari, profesional eta exekutiboak berak ari dira antolatzen --uda ondoren sortuko dela espero da, besteak beste webgune propioa inauguratuz-- eta estatubatuarrek osatutako elkarte estatubatuarra izango da.

Bilerara honelako ekimen batean interesa izan dezaketen guztiak daude gonbidatuta eta sarrera zabalik izango du. Ostegunean, ekainaren 25ean arratsaldeko 7etan izango da, Boiseko Euskal Etxean (Boise Basque Center, Grove Street 601). Bultzatzaileekin harremanetan jarri nahi izanez gero, aski da Santiago Uribe koordinatzaileari idaztea, honako helbidera: santiago-uribe@ej-gv.es.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia