euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskaldunen pilota jokoa' erakusketa Bilboko Euskal Museotik Boiseko Basque Museumera joango da 2010ean

2009/08/11

Bilboko erakusketaren afixa
Bilboko erakusketaren afixa

PUBLIZITATEA

'Euskaldunen pilota jokoa' erakusketa Bilboko Euskal Museoan zazpi hilabetez --datorren urtarrilera arte-- zabalik egon ondoren, AEBtara eramango dute. Boiseko Basque Museum-ean ikusi ahal izango da 2010eko uztail-abuztuan, bertako Jaialdi jai erraldoiarekin bat eginez. Boisen bi hilabete egingo ditu eta ondoren AEBko beste hiriren batean erakusteko ahaleginetan dabiltza antolatzaileak. Erakusketak dokumentuak, koadroak, argazki eta bideoak eta beste hamaika osagai intresgarri dauzka. Erakusketa muntatu duen Bilboko Euskal Museoko Amaia Basterretxea zuzendariaren esanetan, Boiseko Basque Museum-arekin daukaten harremana oso ona da eta elkarlanean jarraitzeko asmoa dute erakusketa honen ondoren ere.

Bilbo, Bizkaia. 'Euskaldunen pilota jokoa' erakusketak joko honen historia azaltzen du XVI. mendetik XX.era. Erakusten du, besteak beste, jokoaren garapena eta, esate baterako, nola pasatu zen pilota joko luzetik frontoira. Amaia Basterretxeak azaltzen duenez, erakusketak garrantzi handiko dokumentuak ditu bere baitan. 'Originalen bat ezin izango dugu estatutik atera, baina horietan ere kopiak eramango ditugu AEBetara, eta erakusketa bisitatzen dutenek informazio eta elementu aski politak izango dituzte ikusgai, pilotak eta euskal pilotak gaur dituen ezaugarrietara iritsi arte egin duen ibilbide aberatsaz'.

Pilotari buruzko marrazkia

[Calouse Gulbenkian Fundationek Bilboko Euskal Museoari utzitako pilotari buruzko marrazkia]

Amaia Basterretxearen esanetan, erakusketa atzerriko beste zenbait museotara eramateko lanetan ari dira. 'Badirudi, San Frantziskon ere ikusi ahal izango dela. Oraindik zehaztea falta zaigu baina litekeena da Boisetik San Frantziskora eramatea, erakusketa bi hilabetez Basque Museum-ean egon ostean'. Basterretxearentzat, erakusketa Boiseko Jaialdi-n zabaldu ahal izatea polita izango da. 'Horregatik ekitaldi bereziak prestatu nahi ditugu'. Museoko zuzendariaren asmoa da Basque Museumaren ondoan dagoen frontoian pilota partidak eskaintzea. 'Erakusketaren aitzakia ezin hobea da eta horretarako Aspe eta Asegarce enpresekin hitz egiten ari naiz. Partidari baiezkoa eman diote baina oraindik jakiteke dago zein pilotari izango diren  bertan', dio Basterretxeak.

Kepa Junkeraren musika

Erakusketari dagokionez, besteak beste Aurelio Arteta margolariaren 'Pelotaris' (pilotariak) koadroa izango du ikusgai, baita 'Pasaka partida Donibane Lohizuneko trinketean' delakoa ere, Joseph Saint-Gernierren lana. Bestetik, jokoaren arauak jasotzen dituzten hainbat agiri ere erakutsiko ditu. Besteak beste, Tolosan 1860. urtean idatzitako bat. Pilota jokoak lau mendetan zehar izan duen garapena eta aldaketak agerian utziko dira. Basterretxeak azpimarratzen du baita ere, espres erakusketarako egindako bideoa. Hamar minutuko irauten ditu eta Kepa Junkerak eginiko musika darama. Basterretxearen esanetan, 'bideoa itzela, zoragarria da. Intentsitate handiko artelan bat dela iruditzen zaigu', erizten dio.

XX.mende hasierako pilota partida Zaldibiko frontoian

[XX.mende hasierako pilota partida Zaldibiko frontoian]

Bestetik, pilotak nola egiten dituzten ere erakusten da, baita ere pilotariek eskuak nola prestatu eta zaintzen dituzten. Azken honi lotuta, Kepa Lizarraga medikuaren adierazpenak jasotzen dira. Honek pilotariek izaten dituzten lesio eta gaitzen inguruan hitz egiten du. Argazkietan frontoietako aldagelak, gradetako giroa eta pario, postura edo apostuen mundua islatzen dira. Erakusketako materialak Euskal Herriko, Espainiako eta atzerriko artxibo pribatu batzuetatik eskuratua da. 'Dokumentazio ugari honi esker erakusketak balio handia du', dio Basterretxeak, Aspe eta Asegarce enpresetatik jasotako laguntza ere azpimarratuz.

-Bilboko Euskal Museoa: www.euskal-museoa.org
-Erakusketaren esku-orria: www.euskal-museoa.org/eus/exposicion.html
-Boiseko Euskal Museoa: www.basquemuseum.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia